Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea

Amaia Arroyo Sagasta: «Teknologiaren erabileran hezi behar ditugu ikasleak»

Arroyok uste du hezkuntza ezin dela adimen artifizialari bizkarra emanda aritu. Arriskuak kontuan izanda aukerak aprobetxatzearen alde egin du.

Amaia Arroyo
JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Eskoriatza
2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Adimen artifiziala hezkuntzan nola erabili izan du aztergai Amaia Arroyo (Arrasate, Gipuzkoa, 1983) Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak Inteligencia artificial y educación: construyendo puentes [adimen artifiziala eta hezkuntza: zubiak eraikitzen] liburuan. Ez da zuriez edo beltzez ari; nahiago ditu grisak.

Eraiki al daitezke zubiak hezkuntzaren eta AA adimen artifizialaren artean? Zertarako?

Uste dut eraiki behar direla, ze adimen artifiziala egungo errealitatean dago. Aukera bat baldin badaukagu, teknologia bat, ikasi behar dugu modu egokian baliatzen: modu arduratsuan, kritikoan, osasungarrian... Eskolak eta oro har hezkuntzak badauka ardura bat.

Liburuan jaso duzu: teknologiak ez dira neutralak. Zer aukera eskaintzen ditu hezkuntzan AAk? Zer arrisku ditu?

Ez dira neutralak, ze teknologiak pertsonok egiten ditugu. Horretaz eta dituen inplikazio guztiez kontziente izatea oso garrantzitsua da. Arrisku nagusia dena datu bihurtzea da. Adimen artifizialak datuetan oinarrituta funtzionatzen du. Eta datu horiek nork ditu? Enpresa multinazional teknologiko handiek. Eta zertarako erabiltzen dituzte? Hor dago mamua. Poliki-poliki badirudi horren kontzientzia hartuz goazela. Era berean, alde onak ere baditu, baita promes asko ere: pertsonalizatu ahal izango dugula, sortzaileagoak izango garela, aukera gehiago izango ditugula... 

ChatGPT deabrutzat daukate zenbaitek, ikasleek bertatik kopiatzen dituztelako lanak. Arriskutsua izan daiteke hezkuntzarako? Badago hura ikasketa prozesuaren mesedetan erabiltzerik?

Bai eta bai. Adimen artifizial sortzaileek lana arintzen digute. Zergatik ez ditut erabiliko? Zilegi da. Baina ikaskuntza dagoenean, ikusi behar dugu zenbateraino bihurtzen den oztopo, ikaskuntzarako eraikuntza egon behar baita, esfortzu kognitiboa...  Hezkuntzako profesionalok gai izan behar dugu ikasleei modu egokian erabiltzen laguntzeko. Horretarako, erabilera aitortua behar dugu. Ikasle batek ez badu aitortzen ChatGPT erabili duela eta lan bat ematen badit, irakurriko dut, eta esango dut: «Bikain». Ikaskuntza prozesua hobetzeko eman diezaiokedan feedbacka oso pobrea da: ez dago egokituta haren benetako mailara. Aldiz, demagun hau esaten didala: «Lan hau egin dut, baina paragrafo honetan ChatGPT erabili dut». Bada, orduan, irakasle gisa, esan dezaket: «Zergatik ez diozu beste hau galdetzen? Edo egin duzun lotura horrela egin dezakezu». Erabilera aitorturik ez badago edo ez badiegu erakusten autorregulatua izan behar duela, irizpide kritikoa eduki behar dutela jakiteko noiz erabili eta noiz ez... pobretu egingo da ikaskuntza prozesua. 

Edozein adinetarako al da egokia AA?

Ikasleak trebatu behar ditugu teknologia digitala modu seguruan, kritikoan eta arduratsuan erabiltzeko. Adimen artifiziala teknologia horren zati bat da. Oinarrizko alfabetatzea behar dugu, hau da, ulertzea nola funtzionatzen duen. Txikitatik has daiteke. Kontzientziaz eta oso modu kritikoan, baina hezi behar ditugu teknologiaren erabileran. Adimen artifizialari dagokionez, pantailarik erabili gabe, egin ditzakegu dinamikak txiki-txikitatik. Txiki-txiki esaten dudanean, 8 urte ingurukoez ari naiz. Egin daiteke, logika ulertuz joateko eta poliki-poliki irizpide kritiko horiek garatuz joateko.

Nola presta daitezke irakasleak?

Teknologiaren logika ulertzea da gakoa. Ez da hainbeste tresna bat oso ondo erabiltzen jakitea edo etorri den azkena erabiltzen jakitea, baizik eta ulertzea halako teknologien atzean zer dagoen, gutxienez. Gutxienez ulertzen badugu teknologia horiek nola funtzionatzen duten, etorriko diren tresna berriekin ez dugu arrakala handirik edukiko, eta izango dira irizpide kritikoak esateko: honek balio erantsia al dauka ikaskuntza prozesuan?

Irakasleek nola lagun diezaiekete ikasleei?

Bi gako daude. Lehenengo, ikasleek eta irakasleek oinarriak ikasi behar dituzte. Baina, noiz eta zelan erabili erakusteko, autorregulazioa oso garrantzitsua da. Ari gara unibertsitatean esperimentatzen, eta kostatzen da. Jakin behar dugu noiz erabili eta noiz ez, eta zertarako; hori norberak erabaki behar du. Autorregulazio hori landu beharko litzateke, oinarrizko jakintzarekin batera. 

Kezka eragin dezake hizkuntzak ere. Adimen artifiziala prest al dago hezkuntzan euskaraz funtzionatzeko?

Lanean ari dira. Latxa dago, baita Gaitu ere. Koherentzia bat behar da garapenaren eta erabileraren artean. Hor hezkuntzak badauka zeresana. ChatGPT edo horrelakoak erabiltzen ditugunean, sustatu dezagun euskararen erabilera. Erabileran posizionamendu politiko bat egin beharra daukagu, garatzaileek beren lana egingo baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.