Alondegian egin du hitzordua Ekaitz Cancela kazetariak (Barakaldo, Bizkaia, 1993), aldarrikatzeko kultura zentroek mugimendu sozialen eta jendearen zerbitzura egon behar luketela. Utopías digitales. Imaginar el fin del capitalismo (Utopia digitalak. Kapitalismoaren amaiera irudikatu) liburuan egin dituen proposamenetako bat da. Kapitalismo digitalaren argazkia landu du, eta teknologiak bestela erabiltzeko ideiak bildu: «Mugimendu sozial bat start-up bat baino berritzaileagoa eta ekintzaileagoa da, dirurik gabe ere».
Liburuaren izenburuan kapitalismoaren amaiera irudikatzea proposatzen duzu, baina sarreran diozu zaila dela beste eredu batean pentsatzea. Zergatik?
Irudimena krisian dagoelako, kapitalismoaren beraren krisiagatik. Sistema une hain kritiko batean dagoenean, kapitalisten diskurtsoak krisi horrek baldintzatzen ditu, eta, beraz, sistematik irteteko aukera guztiak bertan behera uzten dituzten iruditeriak sortzen dira. Gure bizitzaren gaineko totalizazio horren ondorioz, ezin da ia pentsamendu utopikorik sortu, ez zinemagintzan, ez literaturan, ez artean; gure bizi osoa, gure esperientzia gehienak, inguruarekin erlazionatzeko modua, dena baitago krisian. Giza adimena, berez, sortzailea eta berritzailea da, baina merkatuak erabat mugatuta dago, eta horrek dakar berritzaile izatea soilik merkatuaren mugen barruan edo jende talde murritz batentzat.
Kapitalismo digitala bizitzako ia eremu guztietara iritsi da. Horrek zalantzan jarri ditu orain arteko utopiak, halakorik ez zutelako aurreikusi?
Bai. Teknologiak, magikoa kentzen badiegu, tresnak baino ez dira, askotan oso arruntak, giza konplexutasuna kudeatzeko. Batez ere arlo militarrean jarri izan dira martxan, eta gerora pasatu dira kontsumoaren arlora, merkatuak bizitzako eremu gehiagotara hedatzeko. Eta, merkatuak aipatzean, bizipenekin lotutako kapitalismoaren legitimazioaz ere ari naiz, gauza berriak deskubritzeaz: film bat ikusteak, lagunak egiteak edo ligatzeak gozarazi egiten digute, gizaki gisa gu haztea dakarte, baina orain plataformen bidez egiten dugu hori. Beraz, teknologiak zera baino ez dira orain: merkatuari gu menderatzen laguntzen dioten makinak.
«Giza adimena, berez, sortzailea eta berritzailea da, baina merkatuak erabat mugatuta dago»
Kasu gehienetan, horren alternatiba estatua izaten da. Baina liburuan saiatu naiz azaltzen utopia gehiago daudela kulturaren eta gizartearen bazterretan. Izan ere, utopietan pentsatzean, Marxek eta Engelsek orain 150 urte esandakoa datorkigu burura, baina Latinoamerikan, adibidez, ia mende bat daramate utopiak proposatzen. Iruditeriaren krisiaren beste arazo bat da termino kolonialetan pentsatzen dugula; Hegoalde Globalean modu askotara erabili dute teknologia, arrazoi batengatik: erdigunearen eraso basatia pairatzen ari zen periferia zen, eta horregatik zuen alternatiba bat diseinatzeko premia.
Bidegurutze bat aipatzen duzu liburuan; horri buruz ari zara?
Berez utopia batean bizi gara: utopia neoliberalean. 1970eko urteetan konfiguratu zen, baina Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen, pentsatu zutenean garai hartako garapen teknologikoa erabil zitekeela ez giza arraza suntsitzeko —gas ganberekin egin bezala—, baizik eta jendea merkatuan sartzeko eta askatasuna parametro horietara eramateko. Utopia horrek zilegitasun nahikoa izan zuen 2008ko krisira arte. Orduan jaio zen Silicon Valleyren egungo ideia, utopia berritu behar zelako. Eta bidegurutze batean gaudela diot, Silicon Valley jaio eta hamabost urtera ikusten ari garelako teknologia ez dela neutroa eta ideia politikoetara lotuta dagoela; eta egun, Europako parte batean eta Amerikako Estatu Batuetan utopia horri eusten saiatzen ari direla batez ere ultraeskuineko mugimendu erreakzionarioak, haien agenda bakarra baita arazo guztiak konpontzea merkatuaren bidez, kapitala metatuz, eta emakumeei, migratzaileei eta klimari eraso eginez. Hori ulertu egin behar dugu; bestela, marko neoliberala barneratuko dugu etengabe.
Arazoak merkatuaren bidez konpontzeko joera hori noraino iritsiko da? Zer eragin dute, adibidez, egunero erabiltzen ditugun aplikazioek?
App Store bat ia fenomenologikoa da: bizitzan zerbait behar dugunean, hor dago. Ez naiz ari janaz, etxeaz eta soldataz, baizik eta Marxek «askatasunen eremua» deiturikoaz, premiak ase osteko horretaz. Neoliberalek eremu hori politizatzen jakin dute, marxistek ez bezala: komunismoak esan du nahikoa dela beharrizanen eremua planifikatzearekin eta bermatzearekin eta, aldiz, neoliberalek diote beharrizanak eta askatasunak guztiz lotuta daudela. Eta, noski, merkantilizazio hori iritsiko da ziurtasunik gabeko espazio guztietara: krisian den sistemak berak eragiten ditu anbibalentzia horiek, eta kontraesanak teknologiaz betetzen dira. Adibidez: proiektu neoliberalak lotura sozial guztiak ezabatu ditu; hori konpontzeko, sare sozialak eskaintzen ditu, baina horrek eragin du jendea are gehiago indibidualizatzea eta tristatzea, Instagrami buruzko ikerlanek diotenez. Noraino iritsiko den, ez dakit, baina nire belaunaldiarentzat jasanezina da jada.
Alternatiba da kapitalaren aurka altxatzea. Segur aski, hori ez da etorriko fabriketako langileetatik; ikusi beharko dugu zein den industria osteko subjektu iraultzailea, baina askatasunen eremu horrek pisu nabarmena izango du. Izan ere, gazteek, funtsean, lan eginez ondo pasatu nahi dute. Ezkerrak ulertu behar luke neoliberalismoa ari zaiola auzi horri konponbide bat ematen, eta planteatu behar luke nola lan egin eta gozatu dena kolektibizatuz; eta, gainera, jendeari eskaini behar lioke bere identitatean sakontzeko eta hazteko aukera, eta, aldi berean, zaintza bermatu.
«Neoliberalek askatasunen eremua politizatzen jakin dute, marxistek ez bezala: komunismoak esan du nahikoa dela beharrizanen eremua planifikatzearekin eta bermatzearekin, eta, aldiz, neoliberalek diote beharrizanak eta askatasunak guztiz lotuta daudela».
Nolakoa litzateke utopia digitala zuretzat?
Lehenik, onartu behar dugu neoliberalek gauza bat ondo egin dutela: ulertu dute gizartea konplexua dela, etengabe aldatzen dela. Merkatuak azpiegitura bat eman dio askatasunen eremu horri; horregatik irabazi zieten neoliberalek sozialistei 80ko urteetan, eskaini zutelako beharrizanez eta baliabideen banaketaz harago zegoen zerbait, izatearekin lotutako zerbait. Hori ulertu ezean, ezingo dugu planteatu alternatiba sozialista bat. Baina, utopiaz hitz egitean, ari naiz sormenezko ekintzak gauzatzeko gaitasunaz, komunitatean hobeto bizitzeaz, elkar zaintzeaz, desberdintasun arazoak konpontzeaz, giza konplexutasun erraldoi hau kudeatzeko mekanismoak ez bideratzeaz soilik merkatuaren bidez... Uste dut teknologiak ezinbestekoak direla askatasunen eremuan ere azpiegitura komunista bat hedatzeko: eguneroko sormena erabiltzea arazoen gainean esku hartze politikoak diseinatzeko, eta sistema eraldatzeko, ez horretara egokitzeko. Adibidez: zer gertatuko litzateke Airbnb etxebizitza sindikatuen esku balego? Noski, beste gauza bat litzateke, baina hirietako etxebizitza politika ezarriko luke, eta bizitokietako arazo asko konponduko lituzke, eragileak eta aktibistak kontaktuan jarriz, premiak detektatuz... Eta hemen ondo ateratzen dena, software askeko plataforma batean jarrita, Barakaldon edo Suitzan erabili dezake edonork, merkatua tartean izan gabe, eta erabiltzaile guztien artean aberastuz.
Azpiegitura eta korporazio erraldoien aldean, nondik has daitezke komunitateak?
Uste dut tokian-tokian jardun behar dutela, eskala handiagoetara eraman daitezkeen probak egiteko bada ere. Izatez, horretara bideratu beharko lirateke museoak eta espazio soziokulturalak: gizarte antolaketa eta teknologia modu berriekin esperimentatzera, merkatuaren eraginik gabe. Eta ondo ateratzen direnak beste eskala batzuetan aplika litzake estatuak, eztabaida demokratiko baten ondoren. Azken batean, erokeria bat da datu guztiak lau enpresaren azpiegituretan zentralizatzea; hortik ateratzen bagara, eta hasten bagara tokian tokiko esperimentuak eskaintzen, eta horiez elikatuko den azpiegitura bat sortzen, komunitateen eta gizarte mugimenduen partaidetzarekin, museoetan edo unibertsitateetan, eta askatasunen eremua ere lantzen, alternatiba bat eraiki ahal izango dugu.
Donostian superkonputazio zentro bat egingo dute. Zer gertatuko da hor?
Bartzelonako Supercomputing Center delakoak munduko ordenagailu ahaltsuenetako bat dauka, baina kontratuen erdiak baino gehiago enpresa estatubatuarrekin dauzka. Beraz, ez da zaila imajinatzea Euskadin ere antzeko zerbait egingo dutela: azpiegitura AEBetako enpresei esternalizatu, eta euskal subiranotasun digitala galdu. Hala barneratuko dugu pentsamolde estatubatuarra: superkonputazio zentro gero eta indartsuagoak garatzea, finantza zerbitzuak bizi eremu gehiagotara zabaltzeko. Zentro horiek kolektibizatu beharko lirateke, baina horretarako enpresen zerbitzura egoteari utzi behar zaio, eta jendearen zerbitzura jarri.
Desazkunde digitalaz mintzatu zara liburuan. Zertan datza?
Interneteko merkatuak kentzea jada sekulako urratsa litzateke desazkundean. Cookie-ek izugarrizko energia kontsumoa dakarte. Adimen artifiziala ere oso intentsiboki erabiltzen da sarri, enpresek eskatzen dutelako datu gehiago ateratzeko, etekinak handitzeko. Eta nik uste dut adimen artifiziala erabili egin behar dela, baina kolektiboki, eta zenbat kostatzen den jakinda, zenbat kontsulta egin dakizkiokeen kontziente izanda. Adibidez, Euskal Herriko irakasle talde batek erabil dezake, gai jakin bati buruzko material pertsonalizatuak sortzeko, baina soilik ikasturtean behin. Alegia, pentsatu behar dugu nola jokatu adimen artifizialak eta teknologiak ez gaitzaten gobernatu, baizik eta nola gobernatu geuk haiek, gizarte diferenteak eraikitzeko. Eta desazkunde digitalarekin batera gure bizi erritmoak ere mantsotuko bagenitu? Hori ez da posible merkatuaren barruan.
«Ematen du Glovo dela eredua, baina gizarte mugimenduek ez al dute sormen gaitasun handiagoa? Mugimendu feministak, iazko grebarekin, edozein ekitaldi hipermerkantilizatuk baino gaitasun handiagoa izan zuen gu inspiratzeko»
Merkatua ekuaziotik kentzeko, halere, pentsamoldeak aldatu eta deskolonizatu behar dira...
Bai. Ematen baitu Glovo dela eredua, baina gizarte mugimenduek ez al dute sormen gaitasun handiagoa? Mugimendu feministak, iazko grebarekin, edozein ekitaldi hipermerkantilizatuk baino gaitasun handiagoa izan zuen gu inspiratzeko. Lortu behar dugu eragile horiek sormena kanalizatzea eta zabaltzea, eta gizarte mugimenduei zentralitatea ematea, gai direlako sistema inpugnatzeko, baina baita eraikitzeko ere. Hortik plantea daiteke estatu edo herri egitasmo bat, burujabea, feminista, sozialista; hortik, ulertuz zein botere duen antolakuntza kolektiboak gauzak eraldatzeko.