Jaione Martinez. EH Digitala

«Teknologiak hartu duen bidea iraul dezakegu, eta bizitzaren alde jarri»

Teknologiaren garapenak hartu duen norabidearekin kezkatuta, Euskal Herriko hainbat eragilek EH Digitala jardunaldia egingo dute bihar Errenterian, «ziberburujabetza» helmuga gisara hartuta.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun

EH Digitalaren sustatzaileek «subiranotasunean eta demokrazia erradikalean oinarritutako gizarte baten zerbitzura dagoen teknologia bat» irudikatzen dute, eta, haren inguruko eztabaida pizteko ekainean argitaratu zuten manifestuaren ostean, gaian sakontzeko jardunaldi bat egingo dute bihar, Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona aretoan. Jaione Martinez (Arrasate, Gipuzkoa, 1988) antolatzaileak gizartearen digitalizazioaren inguruan hausnarketa hori egiteko beharra azpimarratu du.

 

Nondik dator EH Digitala sortzeko asmoa?

Teknologian eta harekin lotutako ikerketetan gabiltzan zenbait eragile kezka berberaren bueltan antolatu gara, nahiko argi daukagulako mende honetako erronka nagusietako bat erronka digitala izango dela. Ezinbestekoa da gizartean gaiaren inguruko eztabaida sakon bat ematea, teknologiaren eta digitalizazioaren norabidearen inguruan hausnartzeko. EH Digitalaren sorreran ibili garenok teknologia libreekin egiten dugu lan, gure ikuspegia argi dugulako, baina garrantzitsua da hausnarketa gizarte osora zabaltzea.

Nora garamatza ba, oraingoz, gizartearen digitalizazioak?

Zabalduriko diskurtso eta praktika nagusiek helburu hau dute: multinazionalek bideratutako produkzioa handitzea, diru gehiago egitea eta lanpostuak kentzea. Baina guk argi dugu erronka honi modu kolektibo batean aurre egin diezaiokegula, eta teknologia komunitatearen beharrak asetzera bideratu daitekeela.

Eta nola uste duzue heldu beharko litzaiokeela horri?

Teknologiak goitik behera zeharkatzen gaitu gure bizitzetan. Horregatik, ekainean argitaratu genuen manifestuarekin, fokua arlo ezberdinetan jarri nahi izan genuen, lau atal banatuz. Lehena demokrazia digitala da, gure gizarteak antolatzeko moduan teknologiak zelan eragiten duen pentsatzeko, herritarren eskubideei eta parte hartzeari erreparatuz.

Bigarrena lanaren eta robotizazioaren inguruko gogoeta da. Urteotan asko errepikatu da robotak iritsi eta lanpostuak kenduko dizkigutela, baina guk uste dugu horrek ez duela soilik enpresen etekinerako izan behar. Robotizazioak beste planteamendu batzuk ere aurkezten ditu, oso posibleak, lanorduen beste banaketa batetik hasita. Azken finean, robotak makinak dira, eta gizakiok erabakitzen dugu zertarako erabiltzen ditugun.

Zenbaitetan, teknologiarekin hori alderantziz gertatzen dela dirudi, ordea.

Horregatik da garrantzitsua landuko dugun hirugarren atala, hezkuntzaren digitalizazioaren ingurukoa. Badakigu Google eta beste enpresa multinazional batzuk beren tresnekin hezkuntzan bete-betean sartu direla, eta, gure ikasleen datuak jasotzeaz gain, neurri batean gure hezkuntzaren norabidea eta pautak markatzen ari direla. Hori dela eta, ezinbestekoa da hor esku hartzea, eta existitzen diren beste tresna libre eta alternatiboei aukera bat ematea.

Eta azken puntua humanitate digitalei buruzkoa da. Ikusteko, denen artean, zertarako erabili nahi dugun teknologia, noraino joan behar dugun, non dauden ikerketaren muga etikoak… Batzuetan ematen du teknologia eskuen artera erori zaigun zerbait dela, eta harekin nahi duguna egin dezakegula, baina ez da horrela. Teknologia ez da emanda datorkigun zerbait. Guk egiten dugu, eta gure jardunaren arabera zentzu bat edo beste hartzen du.

Zuen manifestuan esan zenuten teknologia ez dela neutrala.

Gaur egun, teknologia enpresa handien eta kapitalaren esku dago batik bat, baina guk uste dugu hori iraul dezakegula, eta gizartearen eta bizitza duinaren alde jarri. Kapitalismo digitalaren alternatiba bat posiblea dela diogu.

Izan ere, zuek ez zaudete teknologiaren garapenaren aurka.

EH Digitala sustatzen aritu garenok teknologiarekin egiten dugu lan, neurri handi batean behintzat, eta beste inork baino hobeto dakigu zein baliagarria izan daitekeen. Eta, gainera, ezin da ukatu hor dagoela, ez dela desagertuko. Beraz, zerbait egin beharko dugu harekin, eta saiatu beharko genuke pertsonen mesedetara jartzen eta ez diruaren alde bideratzen.

Jardunaldiari dagokionez, nola egituratuko da?

Bizpahiru orduko saio bat izango da, eta 16:00etan hasiko dugu, EH Digitalaren manifestuaren aurkezpenarekin. Gero arlo ezberdinetako zenbait adituk hitz egingo dute, eta, horiek amaitutakoan, taldeka banatuko gara, gaien inguruan hausnartu eta ekarpenak eta proposamenak egiteko.

Azken finean, manifestuaren zein jardunaldiaren helburua da eztabaida gizartera zabaltzea, gogoeta hau ez luketelako soilik teknologian dihardutenek egin behar. Gizarte osoari eragiten dion zerbait den heinean, ahalik eta jende gehienak parte hartu beharko luke teknologiaren inguruko eztabaidan eta erabakietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.