«Teknologia hau gure alde jarri behar dugu»

Ikerketan parte hartu duten garapen taldeko hainbat kidek osasun arloan, hezkuntzan, hedabideetan eta enpresetan egindako «esku hartzearen» berri eman dute.

arantxa iraola
2024ko irailaren 11
16:30
Entzun

Enpresetan, eskoletan, euskaltegietan, finantza erakundeetan, osasun azpiegituretan... Guztietan orokortuta dago ja egun itzulpen automatikoko tresnen erabilera, eta Itzulinguru ikerketa proiektua bultzatu duen garapen taldeko kideak ahalegindu dira eremu horietara guztietara begiratzen; 25 «esku hartze» egin dituzte horretarako, tresna horien erabilera moduak aztertzeko, eta hainbat aldaketa bideratzen ahalegintzeko. «Erresistentzia» handirik gabe murgildu dira, oro har, horietan, erakunde gehienetako eragileak. Hor ikasitakoen berri eman dute gaur, proiektuaren emaitzen aurkezpenaren harira, Osakidetzako itzultzaile Natalia Elvirak, Elhuyar aholkularitzako Maddi Etxebarriak eta EHUko irakasle eta ikertzaile Asier Amezagak. Oro har, tresna hauek euskararen biziberritzean egin dezaketen ekarpena nabarmendu dute hirurek. Elvira: «Teknologia hau gure alde jarri behar dugu, ez gure kontra. Ezin gaitu ordezkatu, baina laguntzaile ezin hobea dela baiezta dezakegu».

Elvira bat dator ikerketaren ondorio nagusietako batean. Arautu egin behar da erabilera. Horren premia agerikoa ikusi dute ikerketa egitean, orain arte teknologia hauen inguruan egin den erabileraren ajeak agertu baitzaizkie behin baino gehiagotan. «Konturatzen gara jende askok erabiltzen dituela, baina edozein modutan erabiltzen dituela. Protokolizatu behar dugu: noiz, zertarako, nola». Tresna hauek, bereziki, «euskaraz sortzeko» abiarazi dituzten bide berriei erreparatu die. Era berean, euskara ikasten ari den jende asko «ahalduntzeko» egokiak dira.

Hezkuntza arloan tresna hauen inguruan «mesfidantzak» ikusi dituztela onartu du Amezagak. «Egiteko gogoa» ere ikusi dute, ordea. AEK-ko hainbat euskaltegitan jardun dute, esaterako, eta  interesa ikusi dute tresna hauei «probetxua» nola atera aztertzeko. Eta atera dira hainbat lanketa eremu. Hainbat adibide jarri ditu. «Baliabide eta tresna egokiak dira estiloa eta sinonimoak lantzeko», azaldu du. «Ikasleen autozuzenketarako ere tresna baliagarriak izan daitezke. Edota hiztegia aberasteko». Arriskuak ere baditu, unibertsitate arloan-eta, bereziki: «Irakaskuntza helburuaren kontra erabil daiteke».

Enpresekin eta hedabideekin egindako esperientziak aurkeztu ditu Etxebarriak. «Formakuntza» premia ikusi dute eremu horretan ere. Esaterako, zenbaitetan jendeak hiztegi gisara erabiltzen ditu itzultzaile neuronalak, eta halako erabilera okerrak alboratzeko gakoak ematen ahalegindu dira. Usu igarri dute, halaber, jendeak ez duela ondo ulertzen nola «funtzionatzen» duten itzultzaile automatikoek: zer diren. «Ulertu behar da atzean ez dagoela pertsona bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.