Filosofoa

Iñigo Martinez Peña: «Teknokraziaren atzean dagoen sufrimenduaz hitz egin behar dugu»

Mundu digitalak bide berriak zabaldu dizkio kapitalismoari, eta harremanak eraikitzeko modua ere aldatu du. Iñigo Martinez Peñaren aburuz, gizarteak oraindik ez du astirik izan horren ondorioez hausnartzeko.

IÑIGO MARTINEZ PEÑA
Iñigo Martinez Peña, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 7a
05:05
Entzun

Filosofoa eta Batxilergoko filosofia irakaslea da Iñigo Martinez Peña (Gasteiz, 1975). Kontsumoaren eta errendimenduaren gizartearen ajeak salatu zituen 2021ean Mandamentu hipermodernoak liburuan, eta tresna digitalen bilakaeraren argazkia atera zuen iaz Pantailen garaipena entseguan. Azken horren izenburuari galdera marka bat eranstea hobetsiko luke orain, «garaipenak ez baitira erabatekoak, eta beti baitaude arrakalak». Kritiko izan arren, eraikitzaile mintzo da.

Azken egunotan asko zabaldu da Parisko Urtezahar gaueko irudia: atzerako kontaketa Garaipenaren Arkuan, urte berria hasi da, baina jauzirik eta besarkadarik ez; milaka lagun daude gertakaria telefonoan grabatzen, baina ez hartaz gozatzen. Zeren seinale da?

Egungo teknokraziaren eta mundu digitalaren garaipenarena. Hura ikustean, Stewart Branden aipu bat bururatu zitzaidan: «Saia zaitezke jendearen mentalitatea aldatzen, baina denbora galtzea izango da. Erabiltzen dituzten tresnak aldatuz gero, mundua aldatuko duzu». Oraindik pentsatzeko daukagu egungo kapitalismoaren eta teknikaren ezkontzak zer bizimodu ekarri duen, baina, eszena horretan, deigarria zera da, begiak eskuetan daudela, norberaren eta munduaren artean horma bat jartzen dela, gero eta gehiago den-dena grabatzen dugula nahiz eta grabatutako hori ikusteko astirik ez izan... Nola ulertu fenomeno hori? Batetik, modua ematen digu esateko «ni ere han egon naiz, egon behar den tokian, eta ni ere banaiz kontsumoaren gizartearen parte». Eta bestetik, objektu digitalen zerbitzari edo esklabo bilakatu gara, edo aisialdiko proletario: gure denbora librean ere lan egiten dugu, enpresa erraldoi horiei datuak ematen.

Nola aldatu dute pantailek pertsonen subjektibotasuna eta harremanak eraikitzeko modua?

Byung Chul Han pentsalariak dio egun jada ez garela Homo sapiens, baizik eta Phono sapiens. Telefonoa gure gorputzaren zati bihurtu da, ia mutilazio bat da hura gabe ibiltzea. Adituek aipatzen dute, adibidez, umeek gero eta goizago uzten diotela jostailuekin jolasteari, gazteek lo ematen duten denbora murriztu egin dela azken hamarkadan... Eta harremanak egiteko moduan ere, badago aldaketa bat arretari lotua: entzutearen eta arreta sakonaren krisian gaude. Yves Cittonek dio datuen estraktibismoa dela egungo kapitalismoaren egiteko nagusia, eta, beraz, gure arreta lortzea da helburua. Hiperestimulazioa dakar horrek: etengabeko estimuluekin astintzen gaituzte, eta horrek eragina du gure harremanetan, zailtasun gehiago baititugu elkarri entzuteko eta arretari eusteko. Eta ildo horretan, zer sentsazio sortzen du bestearen arreta, desira eta presentzia ez sentitzeak? Halakorik ez bada, horiek sortzen duten lotura ere aldatzen da.

Sare sozialetan nola islatzen da hori guztia?

Sare sozialez ari garenean, interesgarria litzateke planteatzea zer den soziala. Izan ere, espazio publiko batean aritu ordez, espazio pribatu batean gaude: enpresa erraldoien esku dagoen plaza bat dira. Zer sozializazio motari buruz ari gara? Espazio horietan, herritarrak gara, ala esplotatzeko datuak? Ildo horretan, Eric Sadinek dio asozialak direla: logika erabat indibidualistek gidatzen dituzte ustez sozialak diren sare horiek. Dena bihurtu da espektakulu; eta partekatzen badut, ea zenbatek atsegin duten. Logika nartzisistak ere badaude hor; hor ez bagaude ikusezin bilakatzea da gure beldurra: «Begiratzen didate; beraz, existitzen naiz».

«Logika erabat indibidualistek gidatzen dituzte ustez sozialak diren sare horiek»

Zuk esana da: «Hazkunde etengabea bultzatzen den ekonomiaren menpe gaude, eta hori psikologiara igaro da».

Multitasking-arena da adibideetako bat: norbanakoak ere sartuta gaude produkzioaren logika ekonomikoan. Ekonomikoki gero eta gehiago produzitzeko aginduak eragiten du norberak ere gero eta bideo gehiago ikustea edo gauza gehiago egitea, eta hor dago autoesplotazioa; psikologia politiko bati buruz hitz egin genezake. Ikasleek esaten didate orduak pasatzen dituztela Tiktokeko bideoak ikusten; badago bulimia digital moduko bat, betekadak hartzen ditugu. Herritarrak baino gehiago, kontsumitzaileak gara, logika horretan ahal bezainbeste kontsumitzeak –berdin dio zer– egiten gaituelako pertsona moduan.

Sare sozialetan normalizatuta daude gorroto mezuak. Zergatik bihurtu dira pantailak polarizazioa zabaltzeko modu?

Hausnartzeko hainbat hari dago hor. Batetik, polarizazioaz ari garela, sare sozialak erresonantzia kutxa bihurtzen dira sarri, burbuila digital: ematen du aniztasun handia dagoela, baina iritziak oso homogeneizatuta daude. Guk interesa agertzen badugu posizio politiko edo produktu baten inguruan, algoritmoak hori bera bueltatuko digu, berdin Twitterren edo Netflixen. Alde horretatik, aniztasuna baztertuta dago. Beraz, errazagoa da polarizazioan erortzea, gure iritziak eta gustuak berresten baitituzte. Eta bestalde, gorrotoa ez dute sare sozialek asmatu: gizakion parte da. Galdera politiko eta etiko garrantzitsua da zer egiten duen bakoitzak gorrotoarekin. Dena den, egia da formatuek lagundu egiten dutela lintxamendu digitaletan: 140 karaktere, asko sakontzeko aukerarik ez...

Bestearekiko enpatia garatzea eragozten dute pantailek, eta oldarkor erantzutea erraztu?

Mari Luz Estebanek esana du presentziala politikoa dela gaur egun. Agian aurrez aurre egingo ez genukeena errazago botatzen da pantailaren eta anonimotasunaren atzetik. Ez dira askorik neurtzen esandakoaren ondorioak, baina gorroto horrek aztarna digitala uzten du, sarri ezabaezina, eta horrek ondorio larriak izan ditzake hartan ageri den pertsonarentzat. Garai batean jolastokian norbaiti zerbait esateak eduki zezakeen dimentsioa handitzen du horrek.

«Gorrotoa ez dute sare sozialek asmatu: gizakion parte da. Galdera politiko eta etiko garrantzitsua da zer egiten duen bakoitzak gorrotoarekin»

Facebooken eta Twitterren hastapenetan, askatasunerako eremu gisa imajinatu zitezkeen. Gaur egun, X batez ere, irainen putzu bat da. Zer gertatu da bidean?

Ez dugu astirik eduki horren guztiaren ondorioak elkarrekin pentsatzeko. Garai batean askatasunaren adierazle izango ziren, iritziaren demokratizazioa ekarriko zuten, baina, orain, erresonantzia kutxa horietan, nork bere hitzarekiko inolako konpromisorik gabe botatzen dira iritziak. Hortaz, zer askatasun motaren inguruan ari ginen? Eric Sadinek dio kliken politika hutsalaren partaide garela. Zeren zer politika zabaltzen da sareetan? Ikuskizuna gailendu da, kanpaina politikoetako eslogan arinak, argudio gutxi eta emozioetara bideratuak... baina elkarrizketari eta argudioei oso denbora gutxi eskaintzen zaie. Demokraziaren inguruko hausnarketa egin behar da hor. Beste kontu bat da guk zer egiten dugun jasotzen dugun horrekin: entzun edo ikus ditzakegu mezu sexistak edo xenofoboak, baina norberaren erantzukizuna ere hor dago. Hau da, ez dago kausa-efektu zuzenik: norberaren posizio etikorako espazio bat zabaldu behar da.

Nola murriztu daiteke pantailekiko menpekotasuna? Adibidez, hedatzen ari da aplikazioak erabiltzeko denbora mugatzea...

Autorregulazioa da egungo merkatuaren mantretako bat: bakoitzak erregulatu behar du bere burua. Deskonexioak beharrezkoak dira, pertsonalki eta politikoki, baina konponbide pertsonal horiez gain, interesgarria da konponbide kolektiboetan pentsatzea; badago arautzeko premia, eta agian beharrezkoa da gobernuek esku hartzea. Bestalde, Jose Ramon Ubieto psikoanalistak dio menpekotasun hitza erabiltzen dugula sarri gazteei haien erabilera leporatzeko, eta horrela patologizatu egiten ditugula, eta solaskide moduan galtzen. Egia da menpekotasun orokorraren garaian bizi garela, kontsumoaren gizarteak denarekiko adiktu izatera garamatzala. Baina sermoia ez da bide eraginkorrena. Industria teknologikoak konexio etengabea bultzatzen du, baina gazteak adiktu gisa etiketatuz gero, haiek ulertzeko aukera galduko dugu. Teknokraziaren eta teknosoluzionismoaren garaian bizi gara: ematen du teknologiak emango dizkigula konponbide guztiak, baina horren atzean dagoen sufrimenduaz hitz egin behar dugu, eta horretarako tarteak ireki.

Gazteak bereziki zaurgarriak dira hor?

Sare sozialek bakardade sentsazioa areagotzen dute, baina, aldi berean, nerabezaroan hortik kanpo egoteak sozializazio prozesutik kanpo uzten ditu, eta haientzat garrantzitsua da taldearen parte sentitzea; hortaz, konplikatua da. Aldi berean, duela gutxi irakurri dut eskolan emaitza hobeak dituztela afalorduan elkarrekin hitz egiten duten familietako umeek: oso gauza sinplea da, baina ematen du galtzen ari dela elkarri entzutea, bizipenak partekatzea; ez sermoien bidez, baizik eta tarte bat hartuz besteak ulertzeko.

«Deskonexioak beharrezkoak dira, pertsonalki eta politikoki, baina konponbide pertsonal horiez gain, interesgarria da konponbide kolektiboetan pentsatzea»

Etengabe konektatuta egon, mezuei azkar erantzun edo beti prest agertu behar izateak zer lotura du antsietatearekin eta halako ezinegonekin?

Hor bada FOMO deiturikoa [ingelesez, fear of missing out]: une oro konektatuta egotea, ezer ez galtzeko; baina, hala ere, bakarrik sentitzen gara. Lorena Hertz soziologoak Bakardadearen mendea liburuan dio afalorduan telefonoa mahaian badugu hitz egiteko gai gutxiago bururatzen zaizkigula; izan ere, irudimena apaltzen da, pentsatzen ari baikara ea noren whatsappa helduko den... Beste toki batean egotearen parekoa da, zerbait galtzen dugun sentsazio hori dugu; hortik datoz antsietatea eta urduritasun digitala. Bestalde, gorrotoa aipatu dugu, baina hor puztuta dauden pasioetako beste bat inbidia da: pentsatzea besteak gu baino hobeto pasatzen ari direla, haien bizitza disneylandizatuak ikusita, mundu digitalean hori erakusten baitugu. Ematen du oraingo errudun sentimendua zera dela, batez ere, «ez dut behar beste disfrutatzen»: kontsumoaren gizarteak aukera ematen digu une oro euforiko egoteko, hedonismo despolitizatu batean, eta ohartzen gara sekula ez garela horretara heltzen, beste norbait gehiago gozatzen ari delako konparazio horretan.

Aisialdian ere kapitalismoaren balioak gailendu dira, beraz.

Bai, eta datuekin negozioa egiteko une oro konektatuta egotea eskatzen digun gizarte honetan, ume batekin jolastea, paseo bat ematea edo liburu bat irakurtzea desobedientzia ekintza bat izan daiteke, logika horri lapurtutako denbora tarte bat.

Zu zeu baikor ala ezkor zaude?

Diskurtso fatalista nahikotxo daude inguruan. Adibidez, oso egoera bitxian utzi ditugu gazteak: dena da ziurgabetasuna (laborala, energetikoa...), ezin dute beren etorkizuna proiektatu, baina, aldi berean, oso prestatuak egon behar dute, eta beren bertsiorik onena eman; ez dute ikusmugarik, kolektiboki ez dago zereginik, baina pertsonalki bete-betean egon behar dute. Diskurtso tranpatiak bidaltzen dizkiegu. Eta joera nostalgikoek ez dute laguntzen. Oraingo nerabeek beste arazo batzuk dituzte, eta ikusi behar dugu zer eraiki daitekeen hortik. Katastrofismora jo gabe, nola piztu bizitza bizigarri bat, nola sortu espazio desiragarriak? Arriskuak identifikatuta, erraldoi ekonomikoak salatuta, noski, baina posizio hori agian egokiagoa da etorkizunera begiratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.