Eusko Legebiltzar eratu berriak lehen osoko bilkura egin du gaur. Minutu gutxiko saioa izan da, gai zerrendan puntu bakarra baitzegoen: Bateraezintasun Batzordearen irizpena onartzea. Legebiltzarkideek oniritzia eman diote, eta, honenbestez, bidea libre utzi dute Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa egin ahal izateko. Ekainaren 22an izango da saio hori (09:30ean), Bakartxo Tejeriak gaurko bilkuraren amaieran baieztatu duenez.
Eusko Legebiltzarreko lehendakariak aurreko astean iragarri zuen saioaren data, baina gaur iritsi da baieztapena, araudian jasotzen dena aintzat hartuz. Gauzak horrela, behin lehendakari berria izendatuta, bi egun geroago egingo dute zin egiteko ekitaldia: ekainaren 22an izango da, larunbatez, Gernikako Batzar Etxean (Bizkaia). Iñigo Urkulluren eskutik jasoko du aginte makila lehendakari berriak, hain justu.
Ezusterik ezean, Imanol Pradales izendatuko dute lehendakari, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Apirileko hauteskundeen ostean hasi ziren negoziatzen EAJ eta PSE-EE, eta ez dute bien arteko akordio bat lortzea beste aukerarik planteatu. Jeltzaleek eta sozialistek lau aste dituzte, beraz, gobernu akordio bat lortzeko. Bien artean, 75 eserlekutik 39 dituzte; hau da, gehiengo osoa.
Ekainaren 14a, epe muga
Argitzeko dago oraindik, hala ere, inbestidura saioan Pradales bera izango ote den lehendakarigai bakarra. Izan ere, EH Bilduk ez du argitu Pello Otxandianoren hautagaitza aurkeztuko duen edo ez. Ekainaren 14ko eguerdira bitarteko tartea izango du horretarako, orduan itxiko baita hautagaitzak aurkezteko epea.
Legebiltzarreko araudiaren arabera, lehendakarigai bakoitzak 90 minutu izango ditu gehienez bere programa aurkezteko. Eta, ondoren, legebiltzarreko taldeek izango dute hari erantzuteko aukera; gehienez 30 minutu izango ditu talde bakoitzak. Erantzunen txandan, berriz, hautagaiek 30 minutu izango dituzte talde bakoitzari erantzuteko, eta horiek hamar minutu, eztabaida amaitzeko.
Lehendakari izateko, hautagaiak gehiengo osoa eskuratu behar du (75 eserlekuetatik 38) lehenengo bozketan edo gehiengo soila bigarrenen bozketan. Hautagai bat baino gehiago badago, legebiltzarkideek hautagaietako baten izenarekin erantzungo dute edo abstenitu egingo dira; ezin dute aurka bozkatu.
gutxienez, 55 AHOLKULARI
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko inbestidura saioa egin artean, Eusko Legebiltzarreko antolaketa lanak amaitzen ari dira talde politikoak. Mahaia eratu eta bozeramaileak izendatu ondoren, legealdian beren eginkizunetan laguntzaile izango dituzten aholkulari kopuruak banatzea egokitu zaie gaur. Bozeramaileen batzordean erabaki dutenez, legealdi honetan gutxienez 55 aholkulari izango dituzte. Horietatik 42 taldeen artean banatuko dituzte, eta hamahiru mahaiko ordezkarientzat izango dira.
Gauzak horrela, EAJk eta EH Bilduk hamahiruna aholkulari izango dituzte, eta PSE-EEk hamabi izango ditu. PPk sei aholkulari izango ditu, eta bana izango dute Sumarrek eta Voxek. Mahaiko kideei dagokionez, bost aholkulari Eusko Legebiltzarreko lehendakariarentzat izango dira, eta bina izango ditu gainerako kide bakoitzak.