Joan den astean Nafarroako Parlementuarekin egin bezala, Eusko Legebiltzarrarekin bildu da gaur Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin bildu dira Aitzol Asla, Teresa Toda eta Agus Hernan, hain justu, eta bileraren ondotik Foro Sozialeko kideek egin duten agerraldian adierazi dute Tejeriak «arretaz» entzun dituela azaldu dizkieten arazoak. Euskal presoek auzitegietan dituzten oztopoei buruzko txostena eman diote Tejeriari, hain zuzen: Behatokiak ateratako laugarren txosten monografikoa. Dokumentu horretan xeheki aztertu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak presoen gizarteratzean oztopoak nola jartzen zituen, bertzeak bertze gradu aldaketei eta baldintzapean aske geratzeko eskaerei helegiteak eta ezezkoak emanda.
Foro Sozialak adierazi du «kezka larriz» bizi duela egoera hori, eta ohartarazi du «frustrazio handia» ekar dezakeela «pertsona guztien eskubide guztiak —presoenak barne— errespetatuko dituen bizikidetza demokratikorako oinarriak sendotzeko ahaleginetan dagoen gizarte batean». Horri aurre egiteko «adostasun eta irizpide oso argi eta indartuak» lortu behar direla uste du foroak, «espetxe politikaren aldaketan sakontzeko erreklamazioari irmo eusteko».