Tejeria, Iturrate, Roncal, Agirrezabala eta Danborenea, mahaikideak

Gaur goizean osatuko dute legebiltzarra, eta EAJ, EH Bildu, PSE eta PP ordezkatuta egongo dira mahaian

Iñigo Urkullu eta Bakartxo Tejeria, azaroaren 8an, parlamentari agiriak jaso zituztenean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gaur goizean osatuko da hamargarren legegintzaldiko Eusko Legebiltzarra. EAEko hauteskundeak egin zirenetik hilabetera, legebiltzarreko presidentea eta mahaiko kide berriak hautatuko dituzte. Ezusterik ezean, UPDk ez gainerako talde guztiek ordezkaritza izango dute mahaian, eta, horrenbestez, legebiltzarreko aniztasunaren isla izango da organu hori. Hala, Bakartxo Tejeria jeltzalea hautatuko dute legebiltzarreko presidente. Tejeria hiru legegintzaldiz izan da EAJko legebiltzarkide, eta aurtengoan legebiltzarreko presidente izateko hautagaia da, Arantza Quiroga popularra ordezkatzeko.

Mahaia osatuko duten gainerako lau postuetarako hautagaiak zeintzuk izango diren ere ezagutarazi dituzte alderdiek. EAJk presidentetza ez ezik, bigarren idazkaritza postua ere lortuko du, eta Iñigo Iturrate proposatu du kargu horretarako. EH Bilduk, berriz, Juanjo Agirrezabala lehen presidenteorde posturako proposatu du —EAko legebiltzarkidea izan da orain arte—. Hirugarren indarra den PSE-EEk Blanca Roncal proposatu du bigarren presidenteorde kargurako —lehen presidenteordea izan da azken legealdian —. Eta PPk, berriz, Anton Danborenea legebiltzarkidea proposatuko du lehen idazkari posturako. Legebiltzarkide bakarra erdietsi zuen UPDk hauteskundeetan, eta, beraz, ez du ordezkaririk izango mahaian.

Hain justu ere, UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok EH Bildu Legebiltzarreko Mahaitik kanpo uzteko egin duen eskariari bizkarra eman diote gainerako taldeek. Arantza Quiroga legebiltzarreko jarduneko presidenteak ere ez du aukera hori babestu.Quirogak ETBn adierazi du mahaiak legebiltzarraren isla izan behar duela, «gustatu ala ez». EH Bildu oposizioko lehen indarra dela eta mahaian egoteko «eskubidea» duela azpimarratu du. Koalizioa mahaitik kanpo uztea «ez litzateke hasiera ona izango», haren aburuz.

Bakartxo Tejeria bere ondorengoari aholkua ere eman nahi izan dio Quirogak. Haren esanetan, legebiltzarreko presidenteak akordioetarako prestasuna izan behar du eta garrantzi handiko gaietan «adostasun ahalik eta zabalenak» lortzen saiatu behar du.

Lopez, taldeko buru

Bestalde, PSE-EEk atzo erabaki zuen Eusko Legebiltzarrean izango duen egitura. Hala, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia izango da datorren legealdian taldeko burua, Jesus Egigurenen ordez.Jose Antonio Pastor berriro izango da talde sozialistaren bozeramailea, eta taldeko idazkaritza nagusi kargua, berriz, Txarli Prieto Arabako sozialisten buruak beteko du. Prieto, gainera, taldeko bozeramaileorde ere izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.