Iratzar fundazioko lehendakaria

Floren Aoiz: «Taupada atzerakoi hori kezkagarria da ezkerrera iristen ari delako»

Eguneroko zurrunbilotik at, arnasa luzeko azterketa lantzen du Sorturen Iratzar fundazioak. Hamar urte bete ditu: «2014an ezkerra zegoen borborka; orain, eskuin muturra», dio Floren Aoiz lehendakariak.

Floren Aoiz, Iruñeko Gazteluko plazako arkupeetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Floren Aoiz, Iruñeko Gazteluko plazako arkupeetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Legeztatu berritan, 2014an, Sortuk sortu zuen Iratzar fundazioa. Egunerokoaren zurrunbilotik ihesi, errealitateari patxadaz eginiko azterketa sakona izan du helburu nagusi, etorkizunerako argibideak eman nahirik. Bihar goizean, Donostian, hamargarren urteurrenaren testuinguruan, batzarra egingo dute, eta egungo egoera ardazten duten gaien prospekzio ariketa landuko dute bertan. «Irudikatu nahi dugu nondik norako Euskal Herria etor daitekeen hamar urteren buruan», azaldu du Floren Aoiz (Tafalla, 1966) Iratzar fundazioko lehendakariak.

Hamar urteotan, nola aldatu da fundazioa bera?

Abiatu ginenean Iratzar hipotesia landu genuen. Sortuk tresna berezi bat behar zuen hainbat lan egiteko, bestela ez zirelako behar bezala egingo. Zergatik? Lan kopurua ikaragarria da, eta beharrezkoa da espazio bat aske izatea trebakuntza lantzeko, etorkizunaz pentsatzeko, ondare historikoan oroimenaren lehian eragiteko, harreman batzuk egiteko... Hamar urteren bueltan frogatu da ekarpen hori egin dugula.

Egun, pentsamoldea bera jauzika doakigu batetik bestera. Politikak, aldiz, patxada behar du, eta errealitatearen azterketa egokia izan.

Gaur egun, estimulu gehiegi ditugu, eta oso zaila da kalitatezko informazioa eraikitzea. Gauza asko dakizkigu munduari buruz, baina oso zaila da interpretatzea. Guk ahalegin bat egin dugu diagnostiko horretan beste erritmo batzuk, beste ikuspegi batzuk lantzeko. Zer ikuspegi? Ikuspegi estrategikoa. Ulertu behar dugu gure testuingurua, baina munduari begira, ez baikaude irla batean. Beharrezkoa da saiatzea proiektatzen, eta aurreratzen nondik nora joan daitezkeen gauzak. Ez horren lekuko izateko, baizik eta eragiteko. Bestela, bizkortasun iraunkor geldiezin horrek geldiarazten gaitu, eta gure aldatzeko gaitasuna deuseztatzen du. 

Iratzar sortu zenetik, eztabaida esparruak aldatuz joan dira? Zenbateraino?

Gauzak bizkor aldatu dira. Gu sortu ginenean, adibidez, M-15 mugimenduaren inpaktua oso handia zen, baita Euskal Herrian ere. 2008ko krisiaren ondorioetan geunden, eta neoliberalismoaren kontrako ezkerreko pentsamendua borborka zegoen. Orain, aldiz, eskuin muturra dago borborka. Taupada atzerakoi hori oso kezkagarria da ezkerrera iristen ari delako.

Taupada atzerakoi horri aurre egiteko orduan, ezkerra asmatzen ari al da?

Ezkerra desoreka handi baten menpe dago. Ematen du ezkerra eta eskuina aukera berdintasun batean gaudela, eta eskuinak gauzak ongi egiten dituela eta ezkerrak ez. Hori ez da errealitatea. Bitarteko materialek eta azken mendeetako sedimentazio horrek abantaila sistemikoa ematen diote eskuinari, eta kentzen diote, aldiz, ezkerrari. Adibidez, presio mediatikoa eta errealitatea irakurtzeko gaitasuna oso desorekatuta daude. Ezkerra ataka batean dago. Erabaki batzuk eta urrats batzuk egin behar ditu, tentaldi handia dagoelako, beste garai batzuetako erantzunak errepikatzeko.

Zer esan nahi duzu?

Egoera oso konplexua da munduan, eta erantzunak konplexuagoak dira. Batzuek ihes egiten diote konplexutasun horri iraganeko formulei erreparatuz. Gaur egun borrokak artikulatzeko zailtasunak aintzat hartuta, planteatzen da benetako subjektu gisa langile zuria, buzoa janzten duena; aldiz, beste guztiak —feminismoa, ekologismoa, nazio askapenak— hura zatikatzen dute. Ikuspegi hori atzerakoia da, eta porrot egin du iraganean. Bistan denez, ez dugu erantzuteko gaitasunik izango errezeta zaharren baitan.

«Oso kezkagarria da pentsatzea Euskal Herria irla bat dela. Argentinan uste zuten inoiz ez zitzaiela gertatuko»

AEBetan Donald Trump buruzagi errepublikanoak irabazi du berriz. Zeri erantzuten diote Trumpek edo Argentinako presidente Javier Mileik?

Oraingo Trump hori 2016koa baino are kezkagarriagoa da. Ezin da argudiatu jendeak ez dakiela nor den Trump. Gustatu ala ez, Trump nor den jakinda eman dio boza jendeak. Horri aurre egin behar diogu. Engainatuta den jendearen irakurketak ez digu asko lagunduko. Jendeak arrazoiak ditu hori egiteko. Guk ez dugu bat egiten, ez ditugu ulertzen, baina ezkerretik ulertu egin behar ditugu. Ez arrazoia emateko, kentzeko baizik. 

Olatu atzerakoiaren parte al dira Trump eta Milei?

Alferkeria analitikoa dago. Maila batean egia bada ere, faxismoa itzuli dela esatea oso sinplea da. Bestela bere bizitzan faxismoarekin lotuko ez genukeen jendea hurbiltzen ari da taupada horretara. Batzuetan entzuten da feminismo gehiegi dagoela, ekologismo asko dagoela edo ezkerrak exijentzia moral handiegiak dituela. Mezu horien atzean antzematen da olatu autoritario horren hedapena. Gustatu ala ez, toki guztietara iristen ari da gure garaiko ezaugarri nagusia delako.

Olatu atzerakoi horretatik libre da Euskal Herria?

Ez. Taupada atzerakoiak sumatzen ditugu gurean, eta uste dugu oso kezkagarria dela pentsatzea Euskal Herria irla bat dela. Argentinan uste zuten inoiz ez zitzaiela gertatuko, eta Milei dute orain presidente. Munduko taupadak nagusitzen direnean, ez dago inor libre.

Azken hamar urteetan indartu egin da feminismoa. Zer ekarpen egiten ari da?

Handia. Maila teorikoan, oso ekarpen handia da. Feminismoari ez zaio aitortzen, baina pentsalari feminista askok errealitatea ulertzeko tresna berriak eskaini dituzte. Genero zapalkuntzaz gain, mundua bera, historia bera, politika bera ulertzeko ikuspegi berria eskaini digu. Arreta egiten diogu horri, beharbada ez behar beste, eta horretan autokritika egin behar da. Mugimendu gisa, bereziki Euskal Herrian, herri mugimenduaren eta herri borroken berrikuntza handia ahalbidetu du. Arrakasta kasua da. Benetan oso ekarpen handia egiten du. 

«Euskal Herrian, feminismoak herri mugimenduaren eta herri borroken berrikuntza handia ahalbidetu du. Arrakasta kasua da»

Euskal Herria ziklo berri batean dagoela aipatu duzu. Zer aukera irekitzen du horrek?

Guk uste dugu Euskal Herrian badirela aurrerapen historikoak emateko baldintzak: instituzionalizazioan, nazio eraikuntzan... Azken urteetan hartu diren erabaki ausart eta konplikatu batzuek ahalbidetu dute egoera hau, eta hori kontatu behar da. Horretan jende askok galdetzen digu. Une berean, erronka eta mehatxu handiak ditugu. Nazio eraikuntzari dagokionez, bistan da ez dugula behar dugun botere politikoa, ez dugu behar ditugun tresnak irenspen dinamikari aurre egiteko. 

Hamar urte barru nola ikusten duzu?

Kondenatu nahi gaituzte sinestera munduaren eboluzioa idatzita dagoela, eskuin muturraren garaipenera goazela. Hori ez dago idatzita. Katastrofismoak desmotibazioa eta desmobilizazioa eragiten du. Estrategikoki ez da ideia ona. Ukatu behar da errealitatea? Bistan da ezetz. Baditugu mundu okerrago baten haziak, baina baita beste mundu hobeago baten haziak ere. Hazi kaltegarriak nabarmen ari dira irabazten: aldiz, beste mundu baten haziak landu egin behar dira. Argi dagoena da ez neoliberalismoak, ez taupada atzerakoiek ez dituztela munduko arazoak konponduko. Ez dute soluziorik. Porrot egingo dute. Momenturen batean, eskuin muturra ez da aski izanen, eta arduradunen kontra bideratuko da amorru sozial hori. Konfiantza handia dut hori gertatuko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.