«Ahozabalik nago». Amaia Izko akusazio partikularreko abokatuak harridura erakutsi du Auzitegi Gorenak asteon kaleratutako epaiaren inguruan. Epaiak baliogabetu egin du Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zigortutako lau guardia zibilen aurkako ebazpena. Bai Izkok eta bai Torturaren Aurkako Taldeak salatu dute Gorenaren epaiak ateak «parez pare» ireki dizkiola torturari eta zigorgabetasunari.
Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, Lorea Bilbao eta Aiert Larrarte TATeko kideak eta Mattin Sarasola eta Igor Porturen senideak izan ziren, Izkorekin batera. Izkok epaiaren inguruko analisi juridikoa egin du, eta Gorenak bere epaian hasieratik premisa bati heltzen diola azaldu du. Epaiak dio probintzia auzitegiak ez duela behar bezalako zuhurtziaz kontuan hartu nortzuk diren salatzaileak. Gorenak dio «mila urtetik gorako epai irmoa» jaso dutela biek «ETA talde terroristako kide» izateagatik, eta horregatik tortura salaketak baliagarri zaizkiela «auzitan jartzeko euren zigorraren oinarria izan diren testigantzen egiazkotasuna». Izkoren arabera, premisa horrek epai osoa hartzen du: «Bakarrik falta zaio esatea horrelakoetan torturatzea onar litekeela».
Bigarrenik, akusazio partikularreko abokatuak azaldu du Gipuzkoako probintzia auzitegiak ikertutako frogen balorazioa egin duela Auzitegi Gorenak, eta eremu hori «debekatua» zaiola. Gaineratu du Gipuzkoako epaitegiak sinesgarritasuna eman diela zigortutako guardia zibilen testigantzari, frogak aztertzeko orduan.
Hirugarrenik, Izkoren arabera, «beste jauzi bat eman du», eta bere egin dusegurtasun indarrek erabili ohi duten tesi bat. Hala, Gorenak bat egin du gezurrezko tortura salaketa egitea ETAren estrategia politiko, militar eta prozesalaren parte dela dioen hipotesiarekin. Epaiak dio ETAko kide izatea egozten zaien atxilotuei komeni zaiela torturak salatzea epaile aurrean egindako deklarazioa baliogabetu dezakeelako.
Teoria horrek ez duela ez hanka ez bururik salatu du Izkok. Bitxi deritzo Espainiako segurtasun indarrek atxilotutako ustezko etakideek deklarazioak egitea beren buruaren aurka, beren kideen aurka, Frantzian diren arduradunen aurka, eta, horien ondorioz atxiloketa kateak eragiteaz gain, espetxe zigor handiak jasotzea. «Hori dena, epailearen aurrean esandakoa torturaren ondorio izan dela justifikatzeko». Izkoren arabera, interpretazio hori «maltzurra bezain arriskutsua» da, zigorgabetasuna bultza dezakeelako: «Nahi den guztia egin dakioke atxilotu bati, salatuko duen guztia hasieratik gezurra dela ondorioztatuko delako».
Izkok iragarri du baliogabetzeko errekurtsoa aurkeztuko dutela Gorenean bertan. Gainera, 30 egunen buruan, babes helegitea jarriko dute Konstituzionalean. Ez du baztertu ondoren Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea.
Lorea Bilbao TATeko kidearen arabera, salatzekoa da Gorenaren «jarrera arduragabea». 2009an, 45 salaketa izan ziren; iaz, 63, eta aurten, oraingoz hamabi. Errealitate hori ikusirik, Auzitegi Nazionaleko epaileek «ez ikusiarena» egiten dutela salatu du. Salaketak aurkezten diren instrukzio epaitegietan, berriz, epaileek artxibatu egiten dituzte, ekinbiderik egin gabe. Adibide gisa, Beatriz Etxeberriaren kasua jarri du: martxoaren 1ean atxilotu, eta, torturatu eta bortxatu egin zutela salatu arren, Bilboko epaitegiak atzera bota berri du salaketa.
«Tortura ezkutatu nahi badute ere, salatzen jarraituko dugu», azpimarratu du. Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute estatuko arduradunek «torturak jendaurrean aitortu arte eta tortura jasan dutenen izena garbitu arte».
TATek dio Gorenaren epaiak ateak parez pare ireki dizkiola torturari
Sarasola eta Porturen torturen auzian, akusazio partikularrak larritzat jo du auzitegiak bere egitea polizien bertsioaKonstituzionalean babes helegitea jarriko du, eta Estrasburgora jotzeko prest dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu