Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen adierazpen askatasuna urratu zuelako. Zehazki, magistratuek ebatzi dute Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 10. artikulua urratu zuela, eta estatuari agindu dio Erkiziari 11.000 euro ordaindu diezazkiola, kalte moralengatik eta bestelako gastuengatik. 2008ko abenduaren 21ean eginiko hitzaldi batengatik zigortu zuten Erkizia. 30 urte ziren Batallon Vasco Españolek Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala ETAko kidea hil zuela, eta haren omenaldian hizlari aritu zen. Erkiziak (Lesaka, Nafarroa, 1943) ez zuen kargu politikorik 2008an, baina auzitegiak zehaztu du pertsona esanguratsua zela ezker abertzalean.
2011n, Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko zigorra eta zazpiko inhabilitazioa ezarri zion, terrorismoa goraipatzeko delitu bat egitea egotzita, «Argalaren alde eta haren ekintzak justifikatuz» mintzatu zelakoan. Auzitegi Nazionalaren epaiak «ekintza terrorista zehatzen babes marko» batean kokatu zuen diskurtso hura, eta gaineratu zuen Argala goratzea zela ekitaldiaren helburua. Erkiziaren hitz zehatzei dagokienez, Auzitegi Nazionalak esan zuen «diskurtsoa modu anbibalentean» egin zuela, «aurrera egiteko bide egokiena aukeratzeko hausnarketara» deituz; zehatzago, «estatuari min handiena egingo liokeen» aukeraz gogoetatzeko eskatu zuen, «jendea agertoki demokratiko berri baterantz» eramateko.
Helegiteak jarri zituen Erkiziak, baina Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak ez zuten aintzat hartu, eta auzia 2017an heldu zen Giza Eskubideen Europako Auzitegira.
Estrasburgoko auzitegiak, ordea, uste du ez zela frogatu Erkiziak «bere osotasunean irakurritako diskurtsoak ez duela zuzenean edo zeharka sustatzen indarkeriarako edo erresistentzia armatura jotzea». Izan ere, «eskatzaileak esplizituki adierazi zuen beharrezkoa zela bide egokiena aukeratzea jendea etapa demokratiko batera eramateko». Erkiziaren hitzaldia gorroto delitutzat jotzeko aukera ere baztertu dute, eta ondorioztatu Espainiako Estatuak adierazpen askatasunaren eskubidean eginiko «interferentzia» ezin dela «beharrezkotzat jo gizarte demokratiko batean». Horregatik, ebatzi du zigorra neurrigabea izan zela. Helegitea jartzeko aukera dauka Espainiako Estatuak.
«Garaipen txiki bat»
BERRIAri erantzunez, Erkiziak aitortu du «garaipen txiki bat» dela epaia, eta erakusten duela «borrokatzea tokatzen» dela: «Kalean, instituzioetan, tribunaletan eta lantegietan. Esparru guztietan jarraitu behar dugu borrokan, eta garaipen txiki hau Euskal Herriko borrokalari guztientzat da». Haren esanetan, «Espainiako Estatua berriro ere begi bistan utzi du Estrasburgok, adierazpen askatasuna lotsagabeki urratzen duelako. Kasu asko dira; aurretik Arnaldo [Otegi EH Bilduko koordinatzailea] zigortua izan zen, testuinguru ezberdin batean, baina ekitaldi politiko batean». Otegik berak Erkizia zoriondu du: «Berriz ere Estrasburgok bere tokian jarri du Espainiako Estatuko justizia».
Auzibidea oroitu du Erkiziak: «Nire diskurtso guztia izan zen aldaketarako bidean urratsak egiteko jendea animatzen. Nahi zuten erara hartu zuten, eta zigortu ninduten. Eskandalu bat da hain lotsagabeki adierazpen askatasuna urratzea».
Tasio Erkiziari adierazpen askatasuna urratu ziotela ebatzi du Estrasburgok
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua kondenatu du, Giza Eskubideen Ituna ez betetzeagatik. Argala oroitzeko saio batean esandakoengatik, urtebeteko zigorra jarri zioten Erkiziari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu