Tasio Erkiziak helegitea jarriko du Estrasburgon

Auzitegi Konstituzionalak urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dizkio, 2008an «terrorismoa goratzea» egotzita

Tasio Erkizia, atzo, helegitearen berri emateko egindako agerraldian, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoak Estrasburgon helegitea jarriko dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezarri dion kondenari. Joan den astean heldu zitzaion epaia. Urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa berretsi du Konstituzionalak, «terrorismoa goratzea» egotzita, 2008. urtean Arrigorriagan (Bizkaia) egindako ekitaldi politiko batean Jose Miguel Beñaran Argala-ren omenez esandako hitzengatik. Horren aurka Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea jarriko duela iragarri zuten atzo Erkiziak eta Jone Goirizelaia abokatuak.

Epaia «politikoa» dela salatu dute, eta zigorrak Erkiziaren «adierazpen askatasuna» urratzen duela. Goirizelaiak jakinarazi duenez, epaia egitean boto partikularrak eman zituzten bi epailek. Abokatuak esan du boto horiek bat datozela Estrasburgoko jurisprudentziarekin. Alegia, Erkiziaren hitzak adierazpen askatasunaren barruan zeudela, eta ez zirela delitu izan.

Salatu dutenez, gainera, Erkiziari ez zaio bermatu bidezko eta luzapenik gabeko epaiketa bat. Izan ere, 2008an izandako gertakariengatik zigortu dute, eta zortzi urteren ostean heldu da Konstituzionalaren ebazpena. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak jarri zuen lehen salaketa artxibatu egin zuten, baina, gero, fiskalaren helegite baten ondorioz, diligentziak zabaldu zituzten. 2010ean epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, eta, kondenatu ondoren, Erkiziak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Eta horren erantzuna da joan den asteko epaia.

Erkiziak gaitzetsi du epaileek «prebarikatu» egin dutela, «gorrotoaren diskurtsoa» egotzi diotelako eta oso argudiaketa «larria» darabiltelako. Bestalde, nabarmendu du bere hitzak «testuinguruaren barruan» aztertu behar direla. Hala eta guztiz ere, epai «politikoak» jasotzera «ohituta» daudela adierazi du, eta epaiaren helburua «gatazka desitxuratzea eta irakurketa bakarra inposatzea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.