Katalunian 2012tik dago indarrean tasa turistikoa, eta horri buruz asko ikertu du Jose Mansilla antropologo eta UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak (Sevilla, Espainia, 1974): «Nahiz eta badirudien tasa turistikoa bideratuta dagoela turismo kontsumo jakin bat bultzatzera eta masifikazioa jasaten duten auzoak konpentsatzera, 2012ko ideia zera zen, diru kopuru bat izatea kanpaina turistikoak finantzatzeko».
Zertarako balio du tasa turistikoak?
Hasieran, ohartarazi zuten tasa turistikoa ezartzeak turista kopurua murriztuko zuela, baina ez da hala gertatu: urtero markak hausten segitu dugu. Bartzelonako Udalak turismoa bultzatzera bideratu du dirua, eta kanpainak udal gobernu bakoitzaren kolore politikoaren araberakoak izan dira. Adibidez, 2012an CiUk turismoa sustatzera eta marketinera bideratu zuen dirua.
Eta Ada Colauk?
Comukoek turismoa deszentralizatzera bideratu zuten tasaren zati bat, turistak ez zitezen soilik hirian geratu, eta Kataluniako beste lekuak ere ezagutzeko. Generalitateak, ordea, kontrakoa egiten zuen: «Katalunia: Bartzelonaren herrialdea» saltzen zuen. Oso tipikoa da turismoarekin hori gertatzea.
PSCk bide berean segitu du?
Ez. PSC negozio zalea da, CIUren gisara. PSCk Bartzelonako Udalean beti estrategia hau eduki du: turistak erakartzea. Diskurtso hau erabiltzen du: «Masifikazioaren ondorioak onak dira, denentzat onuragarriak diren gauzetan erabiliko delako tasa turistikoaren dirua». Larriena hau iruditzen zait: eskoletan aire girotuak jartzen ari dira, turismoaren diruarekin. Zera diote: «Turismoa etorriko da; beraz, goazen zerga bat jartzera eta onargarriago egitera».
Beraz, logika hau da: turista gehiago, diru gehiago. Baina Bartzelonak turista gehiago behar ditu?
Ez. Desazkunde estrategia bat behar du Bartzelonak, eta ez da PSCren eredua. Haiek «kudeatu» egiten dute: dagoena kudeatu. Horren barruan dago tasa turistikoa.
Beraz, ez du balio turismoak eragin ditzakeen kalteak txikitzeko?
Ez. Tasa turistikoa ez dago pentsatuta turismoaren kalteak gutxitzeko; hori atzean dagoen estrategia diskurtsiboa da. Adibidez, Barceloneta auzoan tasa turistikoaren bidez 5G wifia jarri nahi zieten bizilagunei... «Etxetik botako naute, ez jarri 5G». Bisitari asko dagoenez, tasa turistikoak nolabait balio du kopuru handi horrek eragindako kalteak bizilagunei pixka bat konpentsatzeko; inondik inora ere ez bisitari kopurua murrizteko.
Eremu masifikatuenek zer behar dute?
Dibertsifikatzeko alternatibak eta azpiegitura planak behar dituzte, ekonomia ez bideratzeko soilik turismora.