Tasa turistikoa, Euskal Herrian hedatzear

Ipar Euskal Herrian indarrean dago, eta inoiz baino gertuago dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Turismoa sustatzeko baliatu nahi dute erakundeek, baina eztabaida dute dirua nork bilduko duen.

BERRIA
BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herrian ostatu hartzen duten turistek tasa turistiko bat ordaindu behar dute hango lolekuetan pasatzen duten gau bakoitzeko: bost izarreko hotel batean gau bat pasatzeagatik 3,50 eurokoa da tasa, eta kanpin batean 60 zentimokoa. Ostatu turistikoek jasotzen dute dirua, eta Euskal Hirigune Elkargoko turismo bulegoari ematen diote. Bulego horren aurrekontuaren %60 dagokio tasarekin bildutako diruari, eta Ipar Euskal Herriko turismoa sustatzeko baliatzen dute.

Ipar Euskal Herri osoan 2018tik dago indarrean tasa hori, nahiz eta zenbait udalerritan lehenago hasi ziren turistei diru gehigarri hori eskatzen. Miarritzen (Lapurdi), esaterako, 1983tik ezarria dute. Ez da Euskal Herriko kontu bat soilik, tasa turistikoa errotuta baitago Venezian (Italia), Parisen, Portugalen, Herbehereetan, Herrialde Katalanetan eta Suitzan, esaterako.

Hego Euskal Herrian, ordea, ez dago indarrean oraindik. Nafarroako Gobernuak halako bat ezartzeko borondatea azaldua du, baina proposamena ez dago batere aurreratuta. Tasa turistikoa ezartzearena aspaldiko eztabaida da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ematen du inoiz baino gertuago dagoela hura egia bihurtzea.

«Gainerako euskal erakundeekin koordinatuta, tasa bat ezartzea bultzatuko dugu, Euskadiko turismo establezimenduetan ostatu hartzen duten bidaiarien egonaldiak zergapetzeko eta sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzeko». Hori da EAJk eta PSE-EEk legealdi honetarako gobernu programan hartua duten konpromisoa, eta hala berretsi zuten irailean Eusko Legebiltzarrean. Legealdia hasi berritan, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak hitzeman zuen sei hilabeteko epean aurkeztuko zuela tasa turistikoaren proposamen bat. Epea hilabete honetan bukatuko da.

Aurreko legealdian Turismo Mahaian hausnartu zuten tasa bat jartzeko aukerari buruz, eta azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta udalekin biltzen aritu da, aurki aurkeztekoak diren proposamena adosteko eta fintzeko. Dena dela, ez dago argi aurkeztuko duten tasa nolakoa izango den, erakunde guztiek ez dutelako ikuspegi bera.

1

Nork?

Tasa turistikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ostatu hartuko dutenek ordainduko dute, baina Jaurlaritzak ez du zehaztu ostatu hartzeak zer esan nahi duen. Izan ere, leku askotan ez dute ostatu turistiko batean gaua pasatzen dutenek soilik ordaintzen: baita eguna edo ordu batzuk pasatzen dituztenek ere. Katalunian, gainera, itsas bidaia batean direnek eta hango uretan gelditzen direnek ere ordaintzen dute tasa —porturatu gabe ere—.

Dena dela, turista denek ez dute ordaintzen. Bai Iparraldean, bai nazioartean, salbuespen ugari daude. Adingabeek, lanagatik ostatu hartzen dutenek eta larrialdi batengatik behin-behinean ostatu hartu behar dutenek ez dute tasa ordaintzen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Katalunian, berriz, 16 urte baino gutxiago dituztenek ez dute ordaintzen, ezta Europako Batasuneko edozein estatuk finantzatutako bidaia batean dauden turistek ere. Osasun arrazoiengatik ostatu hartzera behartuta daudenak ere salbuetsita daude. Venezian, berriz, 10 urte baino gutxiago dituztenek ez dute pagatzen, ezta desgaitasunen bat dutenek ere.

2

Zenbat?

Javier Hurtadok esana du tasa turistikoa «progresiboa» izango dela ostatuaren kategoriaren arabera, nahiz eta oraindik ez duen zenbatekorik aipatu. Hala da Iparraldean ere. Esaterako, bost izarreko hoteletan ostatu hartzen dutenek 3,50 euro ordaintzen dituzte gau bakoitzeko, hiru izarrekoetan 1,70 eta kanpinetan, berriz, 60 eta 80 zentimo artean.

Tankerako zenbatekoak dituzte atzerrian ere, nahiz eta zenbait lekutan turistek gehiago ordaintzen duten. Bartzelonan, esaterako, bost izarreko hoteletan ostatu hartzen dutenek 6,25 euroko tasa ordaintzen dute, eta pisu turistikoetan, 5 eurokoa. Itsas bidaia batean direnek, berriz, 5,75 euro pagatzen dituzte Kataluniako uretan hamabi ordu edo gutxiago pasatzen badituzte; hamabi ordu baino gehiago egoten badira, euro bat gutxiago.

Europan, Amsterdamgoa da tasa handienetako bat: turistek 20 euro baino gehiago ordaintzen dituzte gau bakoitzeko, hau da, hotel bateko gauaren batez besteko prezioaren %7 inguru. Paretsu ordaintzen dute Greziako Mikonos eta Santorini uharteetan ostatu hartzen dutenek. Urrunago joanda, Zeelanda Berrian ia 57 euroko tasa ordaintzen dute turistek gau bakoitzeko.

3

Norentzat?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ostatu turistikoek bilduko dute dirua, baina zer erakunderi emango diote gero? Hori da Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen eztabaida iturri nagusia. Turismo sailburuak esana du «parte handi batek» udaletarako izan beharko duela, eta. horrela, iradoki izan du gainerakoak Eusko Jaurlaritzarentzat izan beharko lukeela.

Gainerako erakundeen artean, beste bi iritzi nabarmentzen dira: Bilboko eta Donostiako udalek nahi dute udal tasa bat izatea, eta Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek, berriz, zerga autonomiko bat izatea —ogasunak aldundienak dira—. Udal tasa bat izateak esan nahi du udal bakoitzaren esku egongo litzatekeela diru hori biltzea eta erabiltzea; zerga autonomikoa, berriz, foru ogasunek bilduko lukete, eta Jaurlaritza arduratuko litzateke diru hori banatzeaz.

Jaurlaritzaren asmoa da udalekin eta foru aldundiekin adostutako tasa turistiko bat proposatzea, eta, horregatik, ikusteko dago zer eredu ezarriko duten denak asetzeko. Ez dirudi Ipar Euskal Herria eredutzat hartuko dutenik, batez ere egitura administratiboa guztiz desberdina delako. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoa Iparraldeko udalen mankomunitate bat da, eta turismoa sustatzeko eskumena du. Hargatik, elkargoaren turismo bulegoarentzat da udalek bildutako diru guztia.

Euskal Herritik gertu denetariko ereduak daude; Herrialde Katalanetan, adibidez, badituzte beren berezitasunak. Balearretan tasa autonomiko bat da, eta gobernua arduratzen da dirua biltzeaz. Modu proportzionalean banatzen du uharte guztien artean. Katalunian ere tasa autonomiko bat da, baina udalek aukera dute errekarguak egiteko.

Generalitateak tasaren bitartez lortutako dirua Kataluniako turismoa sustatzeko funtsean gordetzen dute. Funts horren erdia Generalitateak erabiltzen du, eta beste erdia udalen artean banatzen dute. Banaketa proportzionala da, hau da, turista gehien duten eremuek diru gehiago jasotzen dute. Udalen errekarguak ere funts horretan sartzen dira, eta kobratu dituzten udalei dagokien zenbatekoa ematen diete.

Errekargu horri esker, Bartzelonak jaso izan du Katalunia osoan tasa turistikoaren bidez bildutako diruaren erdia.

Europako beste hainbat hiritan udalak arduratzen dira tasak kobratzeaz: esaterako, Parisen eta Portugalgo hiri turistiko askotan.

4

Zertarako?

Bai Ipar Euskal Herrian, bai nazioartean, tasa turistikoa arautzen duten legeek beren-beregi zehazten dute zertarako erabiliko den haren bidez lortutako dirua. Ipar Euskal Herriko turismoa bultzatzeko baliatzen du Euskal Hirigune Elkargoak, adibidez. EAJk eta PSE-EEk iragarrixea dute beren asmoa gobernu programan eta Eusko Legebiltzarrean: «Sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzeko» izatea.

Iazko udaberrian bildu zen Turismo Mahaian —turismo sektoreak ere parte hartu zuen—, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta hiriburuetako udalek berretsi egin zuten Jaurlaritzaren asmoa, eta, are, ideia hori garatu zuten. Bilboko Udalaren ustez, tasak balio behar du turistek «maila goreneko esperientzia» izateko, «ez masifikatua». Donostiako Udalak uste du modua eman dezakeela ondarea, ingurune naturala eta garraio publikoa hobetzeko, eta, Gasteizkoak dio baliagarria izan daitekeela hiria «erakargarriago» egiteko.

Sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko baliatu nahi dute foru aldundiek ere, bai azpiegitura turistikoetan inbertitzeko, bai ondarea babesteko, eta bai turismoa deszentralizatzeko eta urte osora hedatzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.