Arantxa Tapiak elkarrizketa bana eman du gaur goizean Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, eta konfinamendutik ateratzeko faseez eta hauteskundeez hitz egin du bereziki. Argudiatu du "zuhurtziak" eraman dituela lehen fasean pertsonen mugimendua aisialdirako eta harreman pertsonaletarako mugatzera, baina "logikoa" iruditzen zaiola uztailean hauteskundeak egitea, "osasun baldintzak betetzen badira".
Euskadi Irratian ukatu egin du lehen fasean joan-etorriak mugatu izanak zerikusirik duela herrialdeetako baten egoerarekin. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak Osasun Ministeriora igorri zuen txostenak autonomia erkidegoa bere horretan du unitate geografiko; "beste gauza bat da pandemiaren eboluzioa lurralde historikoka, udalerrieka eta osasun eremuka neurtzea", adierazi du Radio Euskadin.
Hego Euskal Herria, bihar, koronabirusak eragindako konfinamendutik ateratzeko lehen fasean sartuko da, Espainiako Gobernuak hala baimenduta, baina Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak ezarri ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aisialdiari eta harreman pertsonalei dagozkien mugimenduak udalerri barrura mugatu ditu Iñigo Urkulluk, eta jarduera sozioekonomikoei dagozkien bidaietan, ordea, muga hori gainditu ahal izango da. Arantxa Tapiak esan du "zuhurtziak" eraman dituela neurri horiek hartzera. Iradoki du, gainera, udalerri batean arazoren bat antzemanez ger, gerta litekeela autonomia erkidego osoak aurrera egitea, baina ez, ordea, udalerri horrek: "Ze puntutan izan den jakin ahal izango genuke, eta ixteko kirurgia ekintza burutu".
Kalera ateratzeko ordutegiez galdetuta, esan du oraingoz ez dutela aurreikusten haurrek ordubete baino gehiago atera ahal izatea. "Denborarekin" alda liteke hori, adierazi duenez, "baina oraingoz horrela dago". "Jende pilaketak ekidin nahi ditugu. Euskadi bide onean doa, baina ezin gara lasaitu. Horregatik erabaki dugu kultur jarduerak bigarren fasera arte ez baimentzea. Poliki baina sendo egin nahi dugu aurrera".
Hauteskundeak egitea, "logikoa"
Egoera hori izanik ere, baina, Tapiarentzat "logikoa" litzateke hauteskundeak uztailean egitea, horretarako osasun baldintzak betetzen badira. Ostegunean bilduko da Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin. Tapiak esan du Urkulluk jarri dituela mahai gainean zeintzuk liratekeen bozetara deitzeko baldintzak.
"Krisi ekonomiko garrantzitsu baten aurrean gaude, eta, horri aurre egiteko, gobernu eta parlamentu indartsuak behar ditugu, legegintzaldi oso bat aurretik eta epe luzera adostutako planifikazio batekin", esan du. Horregatik, bere hitzetan, "logikoa" litzateke hauteskundeak uztailean egitea, "osasun baldintzak betetzen badira".