Tapiak fiskalaren aurrean deklaratu zuen iaz, 'Davalor auziari' lotuta

Auzia ikerketa aurreko fasean da. Del Burgok «influentzia trafikoa» leporatzen dio sailburuari.

(ID_17054086905935) Arantxa Tapia
Arantxa Tapia, artxiboko irudi batean. IREKIA
2024ko urtarrilaren 30a
09:30
Entzun

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak fiskaltzaren aurrean «ikertu gisa» deklaratu zuen 2023a amaitu aurretik. Nafarroako PPko buruzagi ohi Jaime Ignacio del Burgok jarritako salaketa baten harira egin zuen. Hark «influentzia trafikoa» leporatu zion Tapiari, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari ohi Manu Aierdi konbentzitu zuelakoan Davalor enpresari 2,6 milioi euroko diru laguntza bat emateko, Sodena sozietate publikoaren bitartez.

Fiskaltzaren zitazioa jaso ostean, Tapiak Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeari eman zion haren berri, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik zuzendutako taldeak abenduaren 27an ebatzi zuen haren inguruan; Eldiario.es-en arabera, Tapiak jada deklaratu zuen ordurako. Ebazpenean ageri denez, auzia ikerketa aurreko fasean zegoela jaso zuen Tapiak —dokumentuan ez da izenik ageri— «ikertu gisa entzuna izateko» EAEko Fiskaltzaren zitazioa. Hau da, auzia ez da epaitegietara iritsi; kasu honetan, EAEko Auzitegi Nagusiko instrukzio epaitegi batera, sailburua foruduna baita.

Etika Publikorako Batzordeak abenduan ebatzi zuen ez dagoela Tapiak bere karguan jarraitzeko arazorik ere, epaitegi batek ahozko epaiketa ireki ezean. Era berean, adierazi zuen sailburuak fiskalari eta, hala «badagokio, instrukzio epaitegiari», laguntzen jarraitu behar duela.

Del Burgok urrian aurkeztu zuen Tapiaren aurkako salaketa Nafarroako Fiskaltzan, Davalor auziaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana ikertzeko eskatuz. Hark argudiatu zuen Aierdik Tapiaren deiak jaso zituela, esanez Jaurlaritzak baztertu egin zuela Davalorri laguntzak ematea, baina Nafarroako Gobernuak egin zezakeela hori, lurralde hartako enpresa bat zelako. Era berean, kritikatu zuen Davalor enpresaren hartzekodun ziren zenbait enpresa sustatu zituela Jaurlaritzak, Davalorren hiru milioi euro baino gehiago inbertitu zituztenak.

Halere, kontuan izan behar da Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak abenduan itxi zuela Davalor auzia, auzipetuek jarritako helegitea onartuta. Aierdik eta Sodena sozietate publikoko beste zenbait goi kargudunek deklaratu aurretik itxi zuen. Epaimahaiak argudiatu zuen epez kanpo zegoela instrukzioa, Prozedura Kriminaleko Legeak ezarritako hamabi hilabeteko gehienezko epea iraungi zelako. Beraz, zaila litzateke baieztatzea Tapiak «influentzia trafiko» delitu bat egin zuela, Sodenaren diru laguntzak legez kanpokoak izan zirela ebatzi ezean. Halere, fiskalak eta akusazio partikularrek —UPN eta PP— helegitea aurkeztu zioten auzia itxi izanari.

UPNren salaketa

Davalor Salud SM enpresak ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko makina konplexu bat garatu zuen, eta, teknologia hori garatzeko bazkide bila ari zirela, Sodenara jo zuten. 2015 eta 2017 bitartean, enpresaren alde egin zuen sozietate publikoak, hura kinka larrian zegoela. Zehazki, 2,6 milioi euroko diru laguntza eman zion. Davalorrek, baina, ez zuen lortu bideragarritasun plana aurrera ateratzea; ia hogei milioi euroko zorra zuen 219 hartzekodunekin. Besteak beste, Sodenarekin.

Orduan, UPNk salatu zuen Sodenak ez zituela ongi bete protokoloak, eta prebarikazioa eta diru publikoa xahutzea leporatu zion sozietateari. 2020 amaieran, Auzitegi Gorenak afera ikertzea erabaki zuen. Haren esku zegoen, Aierdi foruduna baitzen. Gerora, baina, Aierdik dimisioa aurkeztu zuen. Erabaki haren eraginez pasatu zen auzia Iruñeko epaitegira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.