Azken legealdian justizia arloan izan diren aldaketa nagusietako bat da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena eskualdatu izana. Eusko Jaurlaritzak hura bereganatzearekin batera, espetxe eredu propio baten aldeko apustua adierazi zuen EAJk, eta zenbait aldaketa garatu ditu gobernutik. Orain, baina, Jaurlaritza berriarekin, hura PSE-EEren eskuetara igaro da. Eskualdaketa horren lekuko izan da gaur Miramar jauregian EHUk antolatutako Espetxeak humanizatu: euskal espetxe ereduaren esperantza eta erronka ikastaroa.
Eugenio Artetxe oraintsu arte Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendari izanak gidatuta hasi da ikastaroa. Harena eta Jaime Tapia espetxe aholkulariarena izan da azken ia hiru urteetan espetxe eskumenaren transferentziari forma emateko erronka. Tapiak hartu du gaur lan horren balantzea egiteko ardura, eguneko lehen mahai inguruan, Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusi Angel Luis Ortiz eta Manu Lezertua arartekoa alboan zituela. Aurrez, baina, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak hartu du hitza.
San Josek adierazi du «erronka bat» dela euskal espetxe ereduari bide ematea, eta azaldu du «garai erabakigarria» dela horretarako: «Hau izango da gizarteratzea lehentasun gisa duen ikuspegi berria islatuko den legealdia». Bide horretan, adierazi du Justizia eta Giza Eskubideen Sail berriaren betebeharra izango dela aurrerantzean presoen eskubideak bermatzea, baina baita horretarako hartzen diren erabakiak «ulertzeko» lan egitea ere. Hitz horiekin, presoen eta haien inguruari soilik ez, biktimei ere erreparatu die, eta esan sarri azken horiek ez dituztela ulertzen presoen egoeraren inguruan hartzen diren erabaki judizial eta administratiboak.
Hala, San Josek adierazi du «zuhurtziaz» jokatu behar dela presoen egoeraren balorazioa egitean, eta horiekiko zein biktimekiko «sentsibilitatea» adierazi behar dela. Sailburuak gehitu du preso guztiak ateratzen direla espetxetik, baina xede bat jarri du hori gertatzen denerako: «Gakoa da ateratzen direnean egindako kaltearekiko damuz egitea, biktimekiko enpatiarekin, gizartearekin berriz topo egiteko borondatearekin».
Adierazpen horiek egitean, ez die erreferentziarik egin motibazio politikoko presoei, baina hitzaldia amaitu aurretik zehaztu nahi izan ditu horien ingurukoak. Sailburuak hizpide izan ditu ETAren biktimak eta «hiltzaileek euren buruari ezarritako ondorioak». Eta helburu gisa jarri du preso horiek «eragindako mina eta injustizia aitortuz» ateratzea espetxetik.
«Punitibismoa» baztertu
Hura entzun ostean iritsi da mahai inguruaren txanda, azken urteetako lana eta aurrera begirako erronkak erdigunean. Agur kutsuko hitzaldian, Tapiak adierazi du «argi-itzalak» izan dituela orain arteko ibilbideak, eta sarri unean uneko «behar eta urgentziei» erantzutera eta «suak itzaltzera» mugatu behar izan dutela; besteak beste, COVID-19aren eraginei erantzuteko.
Tapiak indar berezia egin du Eusko Jaurlaritzak bere buruari jarritako erronka nagusietako batean: zigorrak erdiaskatasuneko erregimenetan bete daitezen sustatzea. Halere, aholkulariak aitortu du Jaurlaritzak oraindik ez duela lortu zigorren %40 hala betetzeko helburua. Egun, zigorren %32 betetzen dira erdiaskatasunean; %45, emakumeen kasuan. Horren atzean, ikuspegi «punitibista» baten eragina dagoela adierazi du. Izan ere, epaileak dira zigorra nola bete erabakitzen dutenak. Halere, adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako epaileen eta fiskalen artean zabaldu dela auzi horren inguruko «sentsibilitatea».
Ez da hura, baina, Jaurlaritzak aurrez aurre duen erronka bakarra. Aholkulariak, besteak beste, osasun mentalaren «erronka handiari» heldu dio, hura delakoan espetxeetako arazo ugariren iturburua. Genero ikuspegia txertatzea, preso gaixoen egoera bideratzea, gizarteratze tresnak martxan jartzea eta presoen euskal herriratzea dira beste erronka batzuk. Azken auzi horrek espetxeetan «tentsioa» ere eragin duela esan du.
Tapiak erreferentzia egin die motibazio politikoko presoei ere. «Desagertua dagoen ETAn terrorismo delituak egin zituztenen» egoera hizpide, Tapiak azaldu du balantzea «positiboa» dela. «Lortu da epe txikian zigorrak kanpoan betetzen ari ziren pertsonak EAEra eta Nafarroara mugitzea», zehaztu du, eta horiek erdiaskatasuneko erregimenetara igarotzeko egindako bidea zein baimenak eta irteerak ezartzekoa «normalizatu» izana ere nabarmendu du: «Ezohikoa zen, eta orain askatasunik gabeko beste pertsona batzuen kopuruen antzekoa da». Hala, azaldu du arlo horretan dagoen erronka nagusietako bat justizia errestauratiboari lotua dela, nahiz eta ez duen xehetasun gehiago eman: «Ezin dugu gehiago esan».
Legedi «gogorra»
Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritzak jada ez du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kude aketa, baina bai Nafarroakoa. Halere, Ortizek egindako balorazioek balio dute Hego Euskal Herri osorako. Izan ere, hark espetxeen kudeaketak aurrez aurre dituen erronka nagusiei erreparatu die. Horietako bat da espetxeratuen adinarena: «78 urteko preso gehiago daude 18 urtekoak baino». Beste erronka batzuk dira formakuntza digitalari, komunikazio eskubideari eta osasun mentalari lotutakoak.
Halere, Ortizek espetxe erakundeetatik haratagoko aldaketen beharra ere nabarmendu du. Hark adierazi du Espainiako Estatuko espetxeen okupazio tasa %72koa dela —Frantziakoa %110ekoa da, esaterako—, eta horrek lotura duela bestelako zigor mota batzuk ezartzearekin. Badira, baina, azken horien aplikazioa zailtzen duten aferak. Izan ere, espetxe erakundeetako idazkariaren esanetan, Espainiako legedia «gogorra» da eta espetxeratze tasa «oso handia». Gainera, gehitu du presoek, batez beste, denbora gehiago egiten dutela kartzeletan. Europako batezbestekoa hamar hilabetekoa da; estatukoa, hemeretzi hilabetekoa. «Agian birpentsatu egin behar dira Zigor Kodea eta gradu progresioen marko juridikoa».
Era berean, Ortizek adierazi du egun baldintzapeko askatasunak emateko ezarrita dauden baldintzak aldatzea dela epe motzera erantzun bat behar duen erronketako bat: «Ez da normala baldintzapeko askatasuna eskaintzen zaion norbanako batek nahiago izatea hirugarren graduan egotea». Izan ere, egun preso batek baldintzapeko askatasunean egiten duen epea ez da zenbatzen ari hura bertan behera uzten bazaio.
Zazpi auzi heriotzengatik
Manu Lezertua arartekoaren esanetan, erakundearen «arreta bereziko kolektibo bat» dira presoak, eta lehentasunezkoa da horien eskubideen eta askatasunen defentsa. Oinarrizkoena, bizitzeko eskubidearena. Hala, azaldu du azken urteetan zazpi auzi ireki dituztela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan hildako presoen kasuak ikertzeko. Azaldu duenez, horietako hiru itxi dituzte jada, hobekuntza beharra adierazita, baina «ekintza irregularrik» topatu gabe.
Era berean, Lezertuak indar berezia egin du lekualdaketen auzian. Bide horretan, zenbait urrats egiteko eskatu dio Jaurlaritzari. Batetik, «objektibatzeko» presoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzeletan izateko ezarritako «sustraitze» irizpidea. Bestetik, presoak lehen graduan izateko eremuak ezartzea. Izan ere, egun ez dago lehen graduan dauden presoentzako espetxerik, eta horrek eragiten du horiek EAEtik kanpoko kartzeletara eramatea, eta, hala, «zigor gehigarri bat» ezartzea.