Radio Euskadin elkarrizketatu dute Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Azpiegitura sailburua. Elkarrizketan, koronabirusaren aurkako neurriek eragindako geldialdi ekonomikoaren ostean berrekin beharreko lanei buruz mintzatu da Tapia, eta esan du abiadura handiko trenak egon behar duela lanei berrekiteko lehentasunetan «aurrenekoen» artean.
Premiazkoak ez diren jarduera ekonomiko ugaritan lanera itzuli dira gaur, tartean eraikuntzan, eta, horren barruan, lan publikoetan. Baita AHTa egitekoetan ere.
AHTaren Durangaldeko zatian lanean ari dira. Garabi eta kamioi mugimendu handia dago. @berriapic.twitter.com/ZcTGQI1RMC
— Imanol Magro (@Imagreto) April 14, 2020
Testuinguru horretan, Tapiak azaldu du Jaurlaritza ahaleginduko dela «tentsioari eusten Euskal Y-aren gauzatzean». Haren esanetan, osasun krisialdia gainditzean «berrikusi» egin beharko dira aurrekontuetan jasotako lehentasunak, baina erantsi du abiadura handiko trena «interes orokorreko azpiegitura bat» dela eta Europako Batasunak ere «lehentasunezkotzat» jo duela: «Korridore atlantikoa Europar Batasunak lehentasunezkotzat jotzen du, eta horrela islatu behar da [Espainiako] Estatuko Aurrekontu Orokorretan».
Horrez gain, Tapiak adierazi du «normaltasunez» jardun dutela gaur goizean garraio publikoek, langile asko beharrera itzultzeko lehen egunean. Haren arabera, premiazko jarduerak baino baimentzen ez zituen dekretua indarrean sartu aurreko egunean baino %10 baxuagoa izaten ari da gaur garraio publikoaren erabilera, eta nabarmendu du segurtasun neurriak bete behar direla: «Jarduerari pixkanaka eta modu ordenatuan berrekiten ari zaio».
Gainera, lantokian segurtasun arazoak antzemanez gero, langileak Osalanekin edo Lan Ikuskaritzarekin harremanetan jar daitezkeela ohartarazi du Tapiak, eta, une oro lan jardueran bi metroko segurtasuna bermatu ezin denez, norbera babesteko ekipamenduak erabiltzeko beharra nabarmendu du, ahalik eta segurtasun handiena bermatze aldera.