Heldu dira Euskal Herrira Tanzanian istripu larria izan eta bizirik ateratako familia bateko bi kideak, aita eta semea. Gurutzetako ospitalera eraman dituzte zuzenean (Barakaldo, Bizkaia), ezbeharraren ondorioz dituzten zauriak sendatzen ari baitzaizkie oraindik. Abuztuaren 4an gertatu zen istripua, Ngorongoroko parke naturalean, eta egun hartan bertan hil ziren sendia osatzen zuten beste biak, ama eta alaba.
Getxokoak dira, Bizkaikoak. Familian joanak ziren Tanzaniara: gurasoak, seme eta alaba nerabeekin batera. 15 urte ditu semeak, 17 zituen alabak. Familia zeraman ibilgailuak bihurgune batean kontrola galdu, irauli, eta parkeko kraterrera heltzeko pistan behera joan zen. Erortzean, 600 metro egin zuten behera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, adi erreparatzen ari zaizkio aita-semeen bilakaerari. Nairobiko ospitale batean egon dira atzo arte, kontratatuta zeukaten bidaia aseguruak hegaldia antolatu dien arte. Gauean lur hartu dute Loiun, eta handik Gurutzetara eraman dituzte, anbulantzian.
Arriskutik kanpo
Ospitaleko anestesia eta suspertze zerbitzuko arduradunak, Gorka Ojinagak, gaur goizean eman du aita-semeen egoeraren berri. Aitaren egoera ez da larria: hausturak ditu hanketan eta besoetan, eta traumatologia gunean dute. Semea okerrago dago, baina arriskutik kanpo hura ere: zenbait saihets hezur dauzka hautsita, eta anestesia eta suspertze zerbitzuetan ari dira artatzen. Gurutzetara 23:00ak aldera heldu zirela kontatu du medikuak, eta ez zietela presazko ebakuntzarik egin behar izan.
Hortaz gain, Ojinagak adierazi du familiak euren intimitatearekiko eta konfidentzialtasunarekiko erabateko errespetua eskatu duela.