Zirkulazioa. Alkohol tasa

Tantarik gabeko bidean

Gidarien odoleko alkohol maila 0,0ra jaistea aztertzen ari da Espainiako Trafiko Zuzendaritza. Muga non jarri, hori da galdera. Beharrezkoa ote da proposatutako murrizketa? Askotariko iritziak eragin ditu gaiak.

Gasteiz
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Mezua argia izan da orain arte: alkohola edanez gero, ez da gidatu behar. Aski ezagunak dira errepide ertzetan egin ohi diren alkohol probak, eta aski ezagunak gidariek sarri izaten dituzten zalantzak: «Ez dut askorik edan, baina positibo emango dut?». Agian ez da galderarik izango etorkizunean. Agian, ez da zalantzarako tarterik geratuko. Izan ere, gidatzean baimendutako odoleko alkohol maila zerora jaistea aztertzen ari da Espainiako Trafiko Zuzendaritza. Hala adierazi zuen Mari Segui Trafiko zuzendariak abuztuaren 3an, Fatiga y conducción 2012 (nekea eta gidatzea) izeneko ikerketaren aurkezpenean egindako agerraldian. Asmoa besterik ez da oraindik, baina eztabaida eragile izan da proposamena egite hutsa. Errepideko segurtasuna oinarri hartzen duten taldeek begi onez hartu badute ere, garraiolariek eta ostalariek errezelo gehiago dituzte gobernuaren asmoekin.

Egun, odol litro bakoitzeko gehienez 0,5 gramo alkohol izatea baimentzen die legeak Hego Euskal Herriko gidariei —bizikletan doazenek era muga hori bera dute—. Gidari profesionalentzat eta hasiberrientzat, odol litroko 0,3 gramoan jarria dago muga. Horiek ezabatu eta errepideetan alkoholik ez baimentzea proposatu du Espainiako Trafiko Zuzendaritzak, Europako zenbait herrialderen ereduari jarraituz. Errepideetan gidarien zein bidaiari guztien segurtasuna bermatzea da asmoa, Seguiren arabera. Toxikologia eta auzitegi zientzien txostenean, 2011n auto istripuetan zendutakoen inguruko zenbait datu bildu dituzte; horien arabera, hildako gidarien %45ek positibo eman zuten alkohol edo droga kontroletan. Istripuen erdietan drogak eta alkoholak zerikusia duten arren, aldeko eta aurkako jarrerak eragin ditu Trafiko Zuzendaritzaren asmoak.

Trafiko Istripuen Prebentziorako Elkarteko kideek begi onez ikusi dute. Eugenia Domenech elkarteko zuzendariak esan du aspalditik babesten dutela orain Trafiko Zuzendaritzak proposatu duena. Alkohola edatea eta gidatzea «ez datoz bat», Domenechen iritziz. «Edaten den lehenengo alkohol tantak, edozein dela esku artean dugun edaria, norbanakoaren gaitasunei eragiten die». Edari alkoholdunen eragina progresiboa dela aitortu duen arren, «hasieratik egiten du kalte», erantsi du. Hortaz, «oso positibotzat» jo du eztabaida mahai gainean jartzea, beharrezkoa iruditzen baitzaio «gizartea hausnarketara bultzatzea».

Rosa Maria Trinidad Stop Accidentes elkarteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkaria pozik agertu da proposamenaren inguruan. Alkoholaren menpe gidatzean norbanakoaren gaitasunak «nabarmen» urritzen direla uste du; «nahiz eta gutxi edan» autoa hartzea arriskutsua izan daitekeela ohartarazi du, «gidariarentzat zein errepideko gainontzeko autoentzat».

Garagardo bat edo beste edateak kalte handirik ez duela egiten argudiatuta alkohol tasa zerora jaistearen ideia «gehiegizkotzat» jo dutenei mintzatu zaie Trinidad: jarrera hori ulertzen duela esan du, «baina hain zaila da neurtzen zer den kaltegarria eta zer ez...». Gutxi edatea oso erlatiboa dela uste du, «pertsonaren araberakoa». Baina gaineratu du garagardo bat ez edateagatik «ez zaiola inori ezer gertatuko»; eta gidatu ahal izateko horixe dela baldintza.

Stop Accidentes elkarteak argi du gizarte osoak hartu beharko lukeela kontzientzia hori. Taldeak hausnarketa horri «duela asko» ekin ziola nabarmendu du Trinidadek, eta ez dela berandu urrats gehiago egiteko: «Inoiz ez da berandu errepidean gidarien segurtasuna hobetzeko. Neurria beharrezkoa da». Eugenia Domenechek ere «ahalik eta azkarren» ezartzea espero du. Segurtasunean «nabarmen» hobetu dela uste du Domenechek, eta garrantzitsua dela pausoz pauso jarraitzea.

Iritzi berekoa da Luis Murgia Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko (RAC) Segurtasun arduraduna: «Alkohola edanez gero, ez da behin ere gidatu behar». Hala ere, Euskal Herriko kulturan,«harreman guztiak alkoholaren inguruan» egiten direla ñabartu du Murgiak; horrek neurriaren eraginkortasuna oztopatuko duela uste du, «ohiturak ez baitira aldatzen egun batetik bestera». Baina hori, Euskal Herrian ez ezik, herrialde gehiagotan ere gertatzen dela azaldu du Murgiak: «Kultura kontua da, ikusi besterik ez dago leku batzuetan, Irlandan adibidez, zein alkohol tasa duten». Horregatik, mezua jasotzea zaila izango dela nabarmendu du, «adin batetik aurrerako» jendearentzat batez ere, uste baitu ohiturei «oso sakon» eusten diela euskal gizarteak. Hala ere, adierazi du ohiturak ohitura, segurtasuna soilik kontuan hartzen bada, baimendutako alkohol mailak «zero» izan beharko lukeela.

Gutxieneko tolerantzia bat egotea ezinbestekoa iruditzen zaio Murgiari , dena den, baimendutako alkohol maila 0,0ra jaitsiko bada. Izan ere, zenbait adituk adierazi dutenez, giza gorputzak berez sor dezake alkohola, digestio prozesuan gertatzen den azukreen hartziduraren ondorioz. Beraz, non dago muga? Aireko alkohol maila neurtzeko aparatuen sentikortasuna zenbaterainokoa den ezagutu beharko litzateke galdera horri erantzuna emateko.

Mario Arnaldo Europako Auto Gidarien Elkarteko zuzendariaren iritziz, arazo horiek baztertuta geldituko dira, «gaur egungo etilometroek duten errakuntza tarte txikiari esker. Gailuek faktore horiek denak kontuan hartzen dituzte», zehaztu du. Beraz, sinetsita dago «txikikeria» horiek ez direla oztopo izango. Hala, argi utzi nahi izan du Trafiko Zuzendaritzaren proposamenarenalde dagoela «guztiz» bere elkartea. Gidariei mezu gardena eman behar zaiela uste du: alkohola, droga zein beste edozein psikofarmako kontsumituz gero ez dela gidatu behar. Gidatzeajarduera arriskutsua den aldetik, Arnaldok nabarmendu du beharrezkoak direla gidariaren arreta «osoa» eta baldintza psikofisiko «onenak».

Europako zenbait lekutan egin dute urrats hori, alkoholoa erabat debekatzekoa. Esaterako, Alemanian, Hungariako Errepublikan, Errumanian eta Txekiar Errepublikan 0,0 da errepidean baimendutako alkohol maila. Aldiz, beste muturrean daude Irlanda eta Maltako Errepublika, besteak beste: odol litro bakoitzeko 0,8 gramo izatea baimentzen die legeak errepidean doazenei. Datu kontrajarriak dirudite, segurtasuna kontzeptu ezberdina balitz bezala herrialde bakoitzean. Guztiak dira balizkoak, ordea. Segurtasuna iritzi kontua ote da? Arnaldoren ustez, gai honekin abiadurarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da: «Ez dago adostasunik». Europako arauak ez datoz bat euren artean; auto gidarien elkarteko zuzendariarentzat, «ideala» litzateke zirkulazio kode komun bat izatea.

Estitxu Ugarte Hiru Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatuko Komunikazio arduradunaren iritziz, jakin beharko litzateke neurri horrekin pertsonen segurtasuna bermatzeko asmoa duen Trafiko Zuzendaritzak edo «gehiago den dirua biltzeko estrategia bat». Ugartek oroitarazi du garraiolariak egunero ibiltzen direla errepideetan eta bizia arriskuan jartzen dutela. Horregatik, Hiru sindikatuak segurtasuna bermatzeko neurri guztiak babestuko dituela berretsi du.

Hala ere, Ugartek uste du bakarka hartutako neurriak ez direla nahikoak. Beraz, zehaztu du proposamena begi onez ikusiko dutela baldin eta neurri osagarriekin osatzen bada: errepideak konpontzeko lanak, errepide seguruak garraiolarientzat... Alkohola guztiz debekatzeak, ordea, neurri osagarririk ez duela ekarriko uste du. Hortaz, nabarmendu du «gisa horretako neurriak» onartzeak erakusten duela tartean «beste zerbait» badagoela: «Neurri bakartia da hau, eta, normalean, dirua izaten da horrelako proposamenen pizgarri».

Ostalariak, kexu

Edozein ibilgailu gidatzeko alkoholik edan ezin izateak gidariei ez ezik beste askori ere eragingo lieke. Horren adibide dira ostalariak. Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko zuzendariaren hitzetan, neurriak Hego Euskal Herriko ostalaritza «hondoratuko» luke. «Astakeria» iritzi dio. Lanetik irten eta etxera joan aurretik garagardo bat hartzeari ez dio arazorik ikusten: «Horregatik ez du inork gidatzeko gaitasunik galtzen, ezta gutxiago ere».

Ubarretxenak uste du egungo legedia «ondo» dagoela, betiere, gidariek ezarritako alkohol mailak errespetatzen badituzte. Horretarako ez dago «muturrera» jo beharrik; «prebentzio politika eranginkorra egitea da giltza». Aldiz, alkohol maila zerora jaisteak ostalaritzaren sektoreari «sekulako mina» egingo liokeela azaldu du Ubarretxenak. Ostalarien artean langabezia «nabarmen» handituko litzatekeela uste du, gainera. «Batik bat gaueko giroari eragingo dio neurriak, baina oro har guztiari, baita turismoari ere». Ubarretxenaren ustez, «dirua biltzeko neurri bat da hau, zalantzarik gabe». Ez du ulertzen nola proposa daitekeen, krisi garaian, langabeziari kalte handiagoa egingo dion neurririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.