Seaskako lehendakaria

Peio Jorajuria: «Taloen saltzeko gure gaitasunari lotua da Seaskaren garapena, ez botere publikoen eraginari»

Peio Jorajuriak Seaskako lehendakari izateari utziko dio. Esku bete lan izan du azken bost urteetan, eta erronkaz gainezka utzi du kargua: eraikuntza berriak, elbarrien integrazioa, ikasleen euskara hobetzea...

PATXI BELTZAIZ
PATXI BELTZAIZ
Irati Urdalleta Lete.
Azkaine
2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Garaia dela iritzita, bost urteko zikloa bukatuko du Peio Jorajuriak (Azkaine, Lapurdi, 1979); Ipar Euskal Herriko ikastolen bilguneko, Seaskako lehendakari izateari lagako dio. Garatzen ari den sare bat utziko du: 39 ikastola ditu sareak, eta 4.300 ikasle baino gehiago. Hilaren 21ean jakinaraziko dute zein izango den haren ordezkoa. BERRIAri elkarrizketa eman dio, primizian.

Seaskako lehendakari kargua uztea erabaki duzu. Zergatik?

Bost urte pasatu ditut karguan; niretzat, aski kargatua izan da. Seaska proiektu kolektibo bat da: bada jende anitzez gehiago gibelean; garaia da aurpegiz aldatzeko eta berrikusteko nola segituko duen Seaskak. Beraz, txanda uzten diet ondokoei.

Zer balorazio egiten duzu?

Lantegi anitz eduki ditugu, eta lantegi izugarriak geratzen dira. Aitzineratu gara: bizi izan dugu COVID-19a, eta Parisekin enfrentamenduak izan ditugu: gu antikonstituzional izendatzeraino jo dute. Gogorra izan da, eta baliatu dugu urrats bat aitzina egiteko. Eta bereziki aritu gara Seskaren garapena kudeatzen: urtez urte gero eta ikasle gehiago ditugu maila guztietan. Gainera, kolegio bat sortu dugu; urrats handia izan da, baina ez da bukatu.

Beraz, badago oraindik lanik.

Dudarik gabe. Nik uzten dut, baina besteek segituko dute. 55 urte ditu Seaskak, 55 urtez desafioak gainditu ditu banan-banan: proiektu berriak eraiki, garapena segurtatu... Eta ondoko 55 urteetarako ere bada egitekorik.

Ipar Euskal Herrian eskolatutako ikasleen %66,9k ez dute inolako harremanik euskararekin. Azken urteetan, ez da aurrerapen handirik izan. Zergatik?

Datuak biziki kezkagarriak dira. Seaska garatzea garrantzitsua da, eta aski harro gaude. Inguruan, berriz, euskarak presentzia txikia du; aritu gara beste sareekin: lehen mailetan, garapena izan da, elebiduna zabaltzen da eskola anitzetara, eta murgiltzea deitzen diotena ere zabaldu dute eskola publiko eta pribatu katoliko batzuetan; berri biziki ona da. Baina bada alimaleko erroka bat bigarren mailetan: euskararekin loturaren bat duten lizeotarren artean, erdiak lizeo bakarrean dira, Etxeparen [Seaskakoa]. Biziki garrantzitsua da adin hori, hizkuntzaz gain hizkuntz nortasuna ere eraikitzen delako, eta, Ipar Euskal Herrian, lizeoan, hamarretik bederatzik ez dute harremanik euskararekin.

Seaskan ari dira ikasleen %8,5. Horien euskara maila apaldu egin al da?

Seaskaren hastapenetik euskara maila kezka nagusia izan da, bai baitakigu Ipar Euskal Herrian ez duela nehork egiten guk baino hobeki: euskaran ezartzen dugun maila da haur batek ukan dezaken maila maximoa. Maila ez dakit apaldu den: aldatu da. Badugu erronka nagusi bat: adierazpena. Ulermenean eta idazketan nahi dugun maila lortzen dugu, baina ikastolatik kanpo gutxi-gutxi baliatzen dute, eta horrek zailtasunak ekartzen ditu adierazpenean.

EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontuak izoztuta daude. Euskalgintzakoek salatu izan duzue baliabide falta. Zein dira ikastolen lehentasunak?

Hizkuntz politika, Ipar Euskal Herrian, funtsezko momentu batean da. Azken hogei urteetan garatuz joan da aurrekontua, eta, gibelean, baita nahikaria ere. Hizkuntz politika publikoa gero eta esparru gehiagotan sartu da; berri biziki ona izan da. Azken urteetan, izoztu da, ez bakarrik aurrekontua, baita anbizioa ere; oztopo bat ekarri dio euskararen garapenari. EEP sortu zelarik, lortzen genuen diru laguntza bat; garai hartan halako bi haur dauzkagu, eta diru laguntzak kasik hein berean geratu dira. Seaskak dirua ez badu publikotik lortzen, beste manera batez lortu behar du: burasoen sakelatik, kotizazioen bidez —ari gara borrokatzen kotizazioak ahal bezain apal gelditzeko— edo herriarengatik, elkartasun mugimenduen bidez, Herri Urratsen bidez edo taloak salduz. Taloen saltzeko gure gaitasunari lotua da Seaskaren garapena, ez botere publikoen eraginari. 

Zer erronka dituzue?

Eraikuntzak biziki pisu dira; Frantziako legeak dio ezin dugula laguntza publikorik ukan egoitzendako. Eta haur elbarrituen inklusiorako laguntzaileak behar ditugu, ez bakarrik ikasgelan, baita irakasleak trebatzeko ere. 

Urtebeteko epea dago EEP desblokeatzeko. Zer-nolako harremana daukazue?

Kideak bakarka hartuta, harreman biziki onak. Badakite Seaska zer den, badakite Seaska eginkizun publiko batean ari dela, lurraldearen interesen alde; zilegitasun handia lortu dugu, eta hori aitortzen digute. Baina elkarrekin direlarik, EEPren desblokeatzeko bada beste blokeatze bat, lotua dena haien akordio politikoei, ausardia eskasari. Denak ados dira EEPren aurrekontua handitu behar dela, baina ez bakoitzak pagatzeko. 

Frantziako Estatuarekin Seaskak duen hitzarmena ere iraungita dago. Nola eragiten dizue?

Biziki kezkatuak gaude. Negoziazioak aski ongi abiatu ziren. Baina gobernu aldaketak izan dira kasik hilabetero, eta duela bi urtetik Parisen ez dugu solaskiderik hori tratatzeko. Hitzarmenak berak, praktikan, gutxi ekartzen dio Seaskari: idazten dugu postu kopuruak nola negoziatu eta hainbat gauza tekniko, baina ekartzen digu sustengu politiko azkar bat; estatuak hitzarmen hori izenpetzen duelarik, aitortzen du zein den Seaskaren eredua eta Seaskaren beharra lurraldean.

Brebeta euskaraz pasa daiteke osorik; baxoa ez, ordea. 

Brebetari buruz, borrokak erakutsi du irabazi genezakeela: gure ikasleek osoki euskaraz pasatzen dute. Gelditzen da gure salbuespena beste sareetara zabaltzea; Seaskako ikasleei bakarrik aitortu diete eskubidea. Baxoari buruz, ez dugu aitzinamendurik lortu. Irakasleek —ez bakarrik Seaskakoek— erakutsi dute prest zirela urratsak egiteko, Ahozko Handia euskaraz pasatzen utziz. Badakigu teknikoki eta politikoki posible dela; Parisen baimena zaigu eskas. Solaskide iraunkor bat ukanen dugularik, ez daukat zalantzarik borroka hori ere irabaziko dugula.

Beskoitzeko ikastola lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi zuen herriko etxeak. Azkenean, ekainean hauteskundeak egin zituzten. Irailean esan zenuten herriko etxearekiko harremanak normalizatuta daudela. Zertan dago egoera?

Borroka biziki gogorra izan da. Aspaldian ez geneukan auzapez bat ikastola kanporatu nahi zuena, eta biziki urrun joan da: kantinan haurrak errefusatu ditu, gela publikoak erabiltzea errefusatu du... Ikusi dugu Ipar Euskal Herrian zenbat bide dugun egiteko, anitzek pentsatu baitute auzapezak hori egiten baldin bazuen arrazoiak bazituela. Zailtasunak ukan ditugu ulertarazten auzapezaren erokeria. Lortu dugu, eta auzapezak dimisioa eman behar izan du. Borroka irabazi dugu; proiektu berri bat sortuko da.

Arberoa ikastolak ere kezka eragin du, su hartu baitu berriki. Dirua biltzeko kanpaina abiatu duzue.

Gure ikastola ttipienetarikoa da, haur gutxiko zona batean da, eta iraunkortasuna beti dudan izan du horregatik. Eraikinaren parte handi bat aseguruak ordainduko du segur aski; oraindik ez dugu erantzunik. Baina material guztia galdu da, eta ordezkatu behar da. Eraiki beharko da eraikin gogor eta eder bat; agian, baliatuko dugu eraikitzeko zena baino hobeki, prefabrikatu bat baitzen.

Gaur egun, 39 ikastola dituzue. Seaskak zer eremu ditu irabazteko?

Epe laburrean, arazo bat ukanen dugu lizeoarekin; Etxepare gure lizeo bakarra da, eta biziki ederra da Ipar Euskal Herriko ikasle guztiak lizeo bakar batean biltzea, elkar ezagutu eta nortasun kolektibo bat eraiki dezaten, baina kopuruak gainezka ditugu. Epe laburrean, bigarren lizeoa eraiki beharko dugu. Nahi genuke aukera baliatu Lanbide Heziketa garatzeko ere. Kolegioetan, bosgarren kolegioa eraikita, momentuko beharrei erantzuten ahalko diegu, baina etorriko da momentu bat seigarren kolegioa beharko dena. Eta lehen mailetan ere baditugu zona batzuk ez duguna Seaskaren eskaintza etxetik hurbil.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.