«Taloekin hazirik eta hezirik»

Seaskaren deiari erantzunez, hiru milatik gora lagun elkartu dira Baionan, Frantziako Gobernutik ikastolek jaso erasoak salatzekoSuprefetura okupatuko dute, Beskoitzeko Udalaren aurkako salaketa gaitzesteko

Seskaren aldeko Manifestara ehunka lagun elkartu ziren atzo Baionan. Aurten Frantziak jarritako oztopoak salatu zituzten guztiek. NAHIA GARAT.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Taloekin haziak eta heziak izan gara». Ikastolatik pasatutakoek taloekin duten lotura xarmanki laburbiltzen du Maika Etxekopar kantari zuberotar eta Seaskako ikasle ohiak. Zenbatu ezinak dira azken berrogei urteetan ikastoletako gurasoek egindako taloak. Irinari ura eta gatza gehiturik, emaitza saltzen aritzen dira usu, beharrezko duten dirua biltzeko gisan. Instituzio publikoetarik zor zaien sostengua ez zaielako heltzen. Hori irudikatu zuen Seaskak atzo Baionan antolatu IkasTalo Manifestarekin. Milaka talo banatu zituzten kitorik. «Trabak ezartzen dizkigute, baina guk segituko dugu aitzina, antolatuz, taloak eginez. Taloak banatuz hori sinbolizatu nahi ukan dugu», esan zuen talo eskaintzen zebilen Charles Iralurrek, Garaziko ikastolako guraso batek. Taloak urririk eman arren, sostengu kutxak bete zituzten. Taloa diru iturri izaten da, eta musu truk hartzea bideragarria ez zela bazekiten denek.

Ikastolen alde, Baionako elkarteen etxea mukuru bete zen atzo eguerditan. Hiru mila lagun baino gehiago hurbildu ziren. Umeak gurasoen besoetan, haurrak lasterka helduen artetik, hiruzpalau belaunaldi batu ziren Seaskak antolatu ekitaldian. «Familia handia ikusten dugu hemen bildurik», adierazi zuen Xipri Arbelbide idazleak, jende multzoari begira zela.

«2013 urte beltzean» jaso eraso guztiak gogoan, joera aldaketa exijitu zieten Frantziako Gobernuari: «Hollande eta Ayrault jaunei galdegiten diegu aurtengo parentesia hets dezaten, 2014. urtea beste urrats batez has dezaten». 1850. urteko Falloux lege zaharra esku artean harturik, Paueko prefetak eta Baionako suprefetak blokeaturik dituzte Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolen proiektuak. Arberoako eta Lekorneko ikastola xedeak ere geldiarazirik dituzte. Lege horren arabera, ezin da diru publikorik baliatu eskola pribatu bat laguntzeko.

Suprefetura okupatzeko deia

Ondoko hitzorduaren berri eman zuen oholtzatik Paxkal Indok, Seaskako presidenteak: «Urtarrilhastapenean, prefetak Beskoitzeko lur publikoaren erabakia auzitara eramanen du. Adi egon lagunak, erabaki horren berri jakinen dugun egunaren biharamunean Baionako suprefetura okupatuko baitugu!». Nahiz ez zuen deus argiki plazaratu, martxoan egingo diren herri bozketei begira ere aurreikus daitezke ekintza batzuk: «Egoera biziki larri honetan, ezin dugu segurtatu heldu diren herriko etxeen hauteskundeak lasaitasunez iragaten ahalko direla».Ikusirik Frantziako Estatuaren ordezkariek herriko etxeen erabaki demokratikoak ez dituztela onartzen, bozketa horien funtsa zalantzan jarri zuen.

Jendea haserre da, eta nahiz eta besta giro alaia zen atzokoa, kexua presente zen bakoitzaren baitan. Kexu horrek dakar mobilizatzeko determinazioa. «Ikastoletan haur kopurua beti gora doa, eta hori ezin dute jasan. Baina haurrak etorriko direino guk beti eginen dugu zerbait ikastolak segurtatzeko», nabarmendu zuen Iralurrek. Ikastoletara sartuz borroka batera sartzen direla arras ongi dakitelako guztiek. «Ikastolen giroa bataila giroa da. Maite dut giro hori, baina egia da triste dela beti batailatu beharra», esan zuen, pentsakor, Etxekoparrek.

Mobilizazioaren erakusleiho izan zen atzokoa: «Inork ez zuen espero abenduaren 28 batez hainbeste jende biltzea. Indartsu ateratzen gara, eta legea lortu arte borrokatuko gara», azaldu zuen Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendariak. Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko ikastola guztietako gurasoak ziren lanean; orotara 10.000 talo egin gogo zuten. Gela zabalaren inguru guztian zebiltzan talo eskaintzen, ikastolaka banaturik. Senpere, Oztibarre, Kanbo, Amikuze... Kartel batzuetan zehazturik zuten bakoitzaren herria. Barnealde zein kostalde, Ipar Euskal Herri osoa irudikatu zuten sostenguz etorritakoen artean ere.

Karrikan izan beharrean barne batean juntatu izana deitoratu zuten anitzek. Hastapen batean hitzordua Baionako Reduit plazan emanik bazuten ere, elkarteen etxean egin behar izan zuten, aro txarragatik. «Ekintza polita da, baina hemen izanki indarraren erdia kentzen zaio», adierazi zuen Jone Trement-ek, Sarako eta Donibane Lohizuneko andereño ohiak. Haren ustez, karrika okupatuz, ikastolen egoeraren berri ematen ahalko zitzaien jakinean ez direnei. Egia da, hiri zentrotik aparte zirela, barne batean, konbentzitu eta Seaskako betiko militanteen artean.

Hautetsi gutxi hurbildu zen, eta ziren bakarrak ikastolako guraso izanak edo direnak ziren. Horien artean ziren Alain Iriart (AB) eta Marie-Christine Aragon (PS) kontseilari nagusiak. Nabarmentzekoa da Sylviane Alaux diputatu sozialista hurbildu izana. Bilduriko jende multzoaz poztu zen: «Zinezko arrakasta da. Ez da etsi behar, eta determinaturik segitu behar dugu euskara salbatzeko».

Hendaiako hautetsi batzuk ere egon ziren, besteak beste, Battitta Salaberri auzapeza eta Mikel Berra auzapezordea. Hautetsien ardura gogora ekarri zuen Indok hitzartzean: «Heldu den ikasturtean ere ehundik gora ikasle gehiago izanen ditugu. Orain arte bezala, herriko etxe eta herri elkargoen laguntza beharko dugu, hori gabe ezingo ditugulako ikasle berriak aterpetu». Betebehar horretaz kontziente da Iriart: «Sostengatu behar ditugu ikastolak, nahiz eta suprefetak erraten digun ez egiteko».

Ikastolentzako lege geriza galdegin zuen Seaskak, beste behin ere atzo. Bretainiako Diwanentzat, Kataluniako Bressolentzat eta Okzitaniako Calandretentzat ere berdina galdetu zuen, murgiltze ereduan dabiltzan eskola horien elkartasuna adieraziz oholtzatik.

Lege geriza, beharrezkoa

Lege hori lortu arte borrokan segituko dutela argi utzi zuen. «2014. urtean ikastolen egoera legeztatu beharko duzue, nahitaez. Ez gara makilakada gehiago jasotzeko prest». Lege hori gogoan, Parisen aulkia duten parlamentariei begira da Iriart ere: «Diputatu eta senatariek gako inportantea dute». Erronka zaila izanki, oinarrian mobilizazioak segitu behar duela gehitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.