Eusko Jaurlaritzak euskal preso bati hirugarren gradua ematea onartzen duen aldiro, atzerako kontaketa martxan jartzen da. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hilabeteko epea du hari errekurtsoa jarri edo ez erabakitzeko, eta, Sare Herritarraren datuen arabera, kasuen %75etan gertatzen da hori. Hala jazo zaie Juan Carlos Subijana, Joseba Borde eta Andoni Otegi —ez da EPPKko kidea— presoei ere, egun gutxiren buruan, eta hiru kasuetan ere bigarren aldiz. Urriaren amaieran progresioa eman zieten arren, azaroaren hasierarako espetxean ziren behin-behinean. «Ez du logika objektiborik. Salbuespen politiketan oinarritzen da, argi eta garbi», adierazi du Sare Herritarreko eledun Nahikari Iturbek.
Iturbek txarretsi du «modu automatikoan» jartzen dituztela errekurtsoak, kasu bakoitza baloratu gabe, etaespetxeetako tratamendu batzordeen irizpideen kontra. Kezka eragiten duen «talka bat». Hala, salbuespen legedien zakua gradu erregresioetatik haratago doan arren, horien adierazle nagusi bilakatu dira. «Presoa gizarteratzen eta herriratzen hasten den momentuan, pauso hori zangotrabatzen da. Hori kanpoan ere ikusten da, eta kezka bat sortu du gizartean».
Espetxeetako Lege Organiko Orokorreko 72. artikuluaren arabera, Zigor Kodean jasotako betebeharrez gain —jarrera ona eta zigorraren erdia betea izatea—, euskal presoek beste zenbait baldintza ere bete behar dituzte hirugarren graduak jasotzeko: ezarritako erantzukizun zibila ordaintzea edo ordaintzeko bermeak ematea —72.5 artikulua—, eta jada erakunde armatuarekin loturarik ez dutela frogatzea —72.6 artikulua—. Gradu progresioak jaso dituzten euskal preso guztiek betetzen dituzte bi baldintzak, eta bigarrenaren kasuan, bi bide jorratuta. Batetik, espetxeetako tratamendu batzordeen txostenek egiaztatzen dute erakunde armatutik «bereizi» direla. Bestetik, indarkeria baztertu izana adierazten duen idatzi bat egina dute.
Adierazpen horien kasuan, baina, Fiskaltzak Jaurlaritzak baino irakurketa hertsiago bat egiten du, «barkamen» eskaeran zentratua. Izatez, halako idatziak ontzat ez jotzea da erregresioak defendatzeko erabili ohi duen arrazoi nagusia; esaterako, Borderen bi progresioen kasuan. Gainera, presoaren arabera moldatu ohi du argudioa fiskalak, eta horrek «zerekin konformatuko den» zehaztea ezinezko egiten du, Txema Matanzas abokatuaren esanetan.
33 orrialdeko idatzian, fiskalak beste gai bat ere mahaigaineratu du Borderen progresioaren kontra: espetxe baimenik ez eduki izana. Baina, izatez, fiskaltza eta Auzitegi Nazionala dira halakoak izatea eragotzi diotenak, horiei helegiteak jarri eta kontra ebatzita. Halako kasuetan, berriz ere, idatzia izan da ezbaian jarri ohi dutena, nahiz eta legearen arabera baimenen kasuan ez den betebehar bat. Erabili ohi duten beste argudioa: presoaren birgizarteratze prozesurako desegokiak izan daitezkeela. Gainera, baimen faltarena ez da osoki zuzena. Fiskalak «iruzurrezkotzat» jo dituen arren, Jaurlaritzak bi eguneko zenbait baimen eman dizkio Borderi.
Urte kopurua
Subijanaren kasua bestelakoa da. Aurretiaz onartu zuen fiskalak haren idazkia. Horrek, baina, ez dio birritan errekurtsoa aurkeztea eragotzi, argudiatuta ez dituela betetzen espetxe zigorraren «ordainketa helburuak»; hau da, ez dituela nahiko zigor urte egin kartzela barruan. Hark, baina, ez du adierazten zein den progresioarekin aurrera egiteko onartuko lukeen urte kopurua edo zigorraren ehunekoa.
Izan ere, Subijanari 28 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta horietatik hamabi baino gutxiago geratzen zaizkio kondena osorik betetzeko. Beraz, legeak ezarritako zigorraren erdia betea du, nahiz eta haren kasuan beharrezkoa ez izan; leporatzen dizkioten delituak 2003 baino lehenagokoak dira. Gainera, 7/2014 lege organikoa aplikatuta, fiskalak kontaketetan ez ditu kontuan hartzenSubijanak jada Frantziako espetxeetan preso egindako lau urte eta zortzi hilabeteak.
Ez dago Subijanaren kontrako argudio gehiago sei orrialdeko idatzian, baina fiskalak bai adierazten du espetxealdiaren «helburuak» betetzea are garrantzitsuagoa dela kontrol telematikoarekin ateratzearen alde egin den kasu batean. Ez du, baina, kontuan hartzen horretarako arrazoia presoaren «osasun egoera delikatua» dela; «gaixotasun larriak» dituela azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak. Ezta ere Subijanak jada egin zituela sei hilabete hirugarren graduan, lehen progresioa atzera bota arte. «Erakutsi du baduela kalean egoteko gaitasuna», azaldu du Matanzasek.
Etenaren eraginak
Abokatuak gradu progresioak behin-behinean eteteko erabakia ere salatu du, presoen egoeran dituen ondorioengatik. Izan ere, kasu hauetan ikusi den moduan, fiskalaren helegiteek berehalako eragina dute, Espainiako Auzitegi Gorenak abenduan ezarritako jurisprudentzia tarteko. Hala eskatzen duen oro, presoa behin-behinean itzularazten dute espetxera, Auzitegi Nazionalak ebatzi bitarte. Beraz, auzitegiak progresioak onartuko balitu, presoek hilabeteak egingo lituzkete ez dagokien gradu gogorrago batean. Horrek «babesgabetasun juridikoa» eta «ziurgabetasun psikologiko izugarria» eragiten die, Iturbek adierazi duenez.
Sareko kideak azaldu du aldaketak sakonagoak ere izan behar direla, eta salatu du euskal presoen inguruko erabakiak ezin dituztela «ehunka kilometrora» dauden eta «etxera bidea oztopatu» nahi duten auzitegiek hartu.
Talka bera, behin eta berriro
Euskal presoek jasotako hirugarren graduen kontra jo du fiskalak kasuen hiru laurdenetan. Presoen idazkiak ontzat ez jotzea eta espetxean nahiko urte igaro ez izana dira erabili dituen argudioetako bi; hala izan da Joseba Borderen eta Juan Carlos Subijanaren kasuan, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu