Ahal Dugu

Taldearen izen aldaketari jarritako salaketarekin lotu dute Aznarez, Buil eta Saezen kanporatzea

Orain Baiko kideek leporatu diote Aznarezi bere karguaz "baliatu" izana "helburu pertsonalak" lortzeko. Santosek, Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, onartezintzat jo du "lau transfugek" talde parlamentario bat zuzentzea.

Orain Baiko kideen agerraldia, gaur, Iruñean. IñIGO URIZ, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko abenduaren 21a
09:52
Entzun

Nafarroako aurrekontuak onartu izanaren albistea bigarren mailan geratu zen atzo Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko buru Carlos Cousok alderdiaren ildo nagusiarekin bat egiten duten hiru parlamentari taldetik kanporatu zituela jakin zenean. Eskaerak ondorio larriak ditu lauko gobernuarentzat ere, Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez talde mistora igarotzeak kolokan jartzen duelako Parlamentuko mahaian duen gehiengoa.

Gaurko iragarri zituzten Orain Baiko kideek azalpenak, eta eman dituzte. Haien arabera, kanporatzea eskatzeko arazoi nagusia izan da talde parlamentarioaren izena aldatu izanaren aurka jarritako salaketa. Baina eman dituzte argudio gehiago ere. Ainhoa Aznarezi egotzi diote Parlamentuko presidente karguaz "baliatu" izana "helburu pertsonalak" betetzeko; eta Mikel Buil eta Tere Saezi, berriz, Madrildik etorritako proposamenak Legebiltzarrean aurkeztu izana, aurrez laukoarekin adostu gabe.

Orain Baiko parlamentariek nabarmendu dute Nafarroako Parlamentuak aurrekontuak aurrera atera arte itxaron dutela aldaketaren bertze indarrekin zuten konpromisoa betetzeko eta akordio pragmatikoko ia puntu denak beteta daudela hartu dutela erabakia. Ahal Duguko ildo ofiziala jarraitzen duten hiru parlamentariei utzikeria egotzi diete, eta parlamentuan zituzten funtzioak bete ez izanaz akusatu dituzte.

Ia ordubete iraun duen agerraldian, Buil, Saez eta Aznarez bota izana diru kontuekin erlazionaturik ote dagoen atera da mintzagai. Egun, alderdiak parlamentutik jasotzen duen dirua blokeatua dago parlamentari guztien sinadura behar delako jasotzeko. Hiru parlamentarien kanporatzea gauzatuko balitz, ordea, Orain Baik dirua jasoko luke bere taldeko guztien sinadura izango lukeelako. Cousok argi utzi du erabakia ez dutela diru arrazoiengatik hartu eta parlamentutik jasotako dirurik ez dutela ezertarako erabili.

Orain Baiko kideek adierazi dute ez direla transfugak eta ez dutela onartzen horrela deitzerik. Transfugak alderdiaren ildo ofiziala jarraitzen dutenak direla nabarmendu dute. Lau urtetan Ahal Dugu alderdiak erabateko “aldaketa” jasan duela salatu dute.

Oso bestelakoa da Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusiaren iritzia. Eduardo Santosek ohartarazi du Parlamentuko mahaiari dagokiola orain "egoera surrealista hau" konpontzea: "Ez da onargarria lau transfugek talde parlamentario bat zuzentzea". Santosen arabera, auzia dagoeneko ez da alderdi baten barruko gatazka, "demokrazia babestu nahi den edo ez baizik".

Ahal Duguko buruak kritikatu du Aznarez talde mistora igarotzeak eragingo lukeela Parlamentuko presidentetza galtzea, eta goraipatu egin du hark legealdi honetan egindako lana.

Mikel Buil parlamentaria prentsaren aitzinean mintzatu da agerraldiaren ondoren, eta berretsi du Orain Baik talde parlamentariotik bota nahi dituela parlamentutik jasotzen duten diruarekin gelditzeko. Haren esanetan, Orain Baiko lau kideren erabakiak "estrategia" bati erantzuten dio. Ziurtatu duenez, "frustrazio politiko eta pertsonal" baten ondorio da, eta "hautagaitza batean" amaituko du.

Datorren foru hausteskundeetan Ahal Duguren presidentegai izango denak berretsi egin du laukoaren formula errepikatzeko borondatea. Laukoa osatzen duten gainerako alderdiei "elkartasuna" eskatu die, "transfugismoaren kontra".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.