Ipar Euskal Herriko mundu politikoan gero eta gehiago aipatzen den gai bat da; hautetsiak ezker-eskuin antolatzen ari dira: talde politikoak sortzear dira Euskal Hirigune Elkargoan. Barne araudian agertzen den aukera bat da, baina orain arte ez dio nehork heldu. EH Baik talde bat sortzearen alde egin zuen, udaberrian egin zuten biltzar nagusian, eta ezkerreko abertzaleak bilduko dituen zerrenda osatua du. Peio Etxeleku EAJko Ipar Buru Batzarreko presidente, Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta Errobi lurralde eremuko erreferentea ere hautetsi talde bat biltzen ari da bere inguruan. Errepublikanoetako hautetsien inguruan beste bat sor litekeela aipatzen dute batzuek, baina, oraingoz, inork ez daki. Azkenik, Frantziako ezkerreko alderdietako hautetsiak daude: ez dute elkar atzeman, eta ez dira aski. Oraingoz, ez da Jean Rene Etxegarai lehendakariaren inguruko talderik aurreikusten. Batzuek uste dute talde politikoen aldagai berri horrek, elkargoaren funtzionamenduan berritasun bat ekartzeaz gain, hautetsi batzuen kokapena argitu dezakeela. Bazterrak harro dira, baina, oraingoz, ez da iraultza handirik espero.
Euskal Elkargoko barne araudiaren 12. puntuan zehaztua da talde politikoen osaketa: gutxienez hogei hautetsi bildu behar dira talde bat osatzeko. Nahikoa da lehendakariari borondatea jakinaraztea, kide guziek izenpetutako adierazpen batekin. Hautetsi bakoitzak aukera du talde politiko bateko kide izateko, baina ezin du talde batean baino gehiagotan parte hartu; edozein momentutan erabaki dezake talde politiko bateko kide izan ala ez. Hautetsi talde horiek aukera izan dezakete elkargoak eskainitako lokal administratibo bat erabiltzeko, eta horien dokumentazio, gutun eta telekomunikazioen gastuak ordainduak izateko. Kolaboratzaile bat edo gehiago izateko aukera ere ukan dezakete talde politikoek. Horretarako atxikitako diru zama hautetsien urteko sarien %30 izan daiteke gehienez ere. Kasu honetan, beraz, 300.000 euro inguru, talde guzien artean banatzeko. Elkargoko batzarraren esku da erabaki hori.
Ikusi gehiago:EH Bai, baina ez denak
Talde politikoen sorrerarekin, orain arte Euskal Hirigune Elkargoan erabilitako metodologia «neurri batean aldatuko da», Goizeder Taberna Mediabask-eko erredaktore buruaren iritziz. Halere, uste du ezinezkoa dela ondorio guziak «aurreikustea». «Martxan jarri den metodologia izan da adostasuna bilatzea, eta gutxi gorabehera boz batez hartzea erabakiak. Dinamika horrek lehen agintaldian iraun du: adostasunez egiten saiatu dira arduradun nagusiak, eta hori beti aitzinean jarri du Jean Rene Etxegaraik». Are gehiago, Tabernak dio Etxegaraik horren arabera moldatu duela haren exekutiboa. «Etxegarairen exekutiboa beti izan da horrelakoa: joera desberdinak, elkargoaren alde eta kontra zirenak, eta bigarren legealdian ere horri eutsi dio. Segur aski, asanblea horren ispilua izan dadin, baina pentsatzen ahal da ere gatazkarik ez sortzeko helburuarekin egin duela».
Bixente Vrignon France Bleu Pays Basque irratiko erredaktoreburu ordearen hitzetan, «hipokrisia bat altxatzea» ekar lezake talde politikoen sorrerak: «Batetik, egia da dosier zenbaitetan ikusten direla boto politikoak. Denek dakigu nor den nor: badira abertzaleak, zentristak, errepublikanoak... Baina, bestetik, batzuk ongi akomeatzen dira gaurko egoerarekin. Hautetsi anitzek nahiago dute ez erratea zer alderditan kokatzen diren». Gainera, herri txikietako hautetsi anitzek ez dutela alderdirik zehaztu du. «Hauen herriko gorabeherak kudeatzen dituzte, baina ez dira politizatuak».
Horregatik, «beharbada goizegi» izan litekeela uste du Vrignonek. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi gehienak ez dira alderdi bateko zerrendaren arabera hautatuak izan; haien herriaren ordezkariak dira elkargoan. «Kokapen hori denek nahi duten estatus bereziko instituzio berriari dagokio. Horrelako erakunde batean, non hautetsiak sufragio unibertsalean hautatuak izanen diren zerrenda batean, normala litzateke. Hor ez zara zure etiketa politikoaren arabera hautatua, baizik eta herria ordezkatzeko. Hendaian [Lapurdi], jendeak badaki non kokatzen zaren, baina Lexantzün [Zuberoa], herritar baten alde egin dute hautesleek».
Kudeaketari kritika
«Demagogiaz eta klientelismoz funtzionatzen duen sistema», «zentralismoa», «irudi ederrez jantzitako teknokrazia»... Etxegarairen kudeaketarekin kritiko direnek hitz gogorrak esan izan dituzte azken hilabeteetan Euskal Elkargoko lehendakariaren kontra. Uztailean iragan zen lurralde proiektuari buruzko eztabaidan, agerian gelditu ziren tentsioak, nehoiz baino gehiago. Alde bateko eta besteko telefono deiak, eta hautetsiek izandako presioak salatu zituzten batzuek, eta sekretupeko bozka eskatu zuten. Ohi baino babes txikiagoarekin onartu zituzten hiru gai hauek: lurralde proiektuaren alde egin zuten hautetsien %66k; herri arteko fiskalitate planak bozen %51 lortu zituen; urte askotako inbertsio plana, berriz, hautetsien %54k onartu zuten.
Ikusi gehiago:Peio Etxeleku, herri txikien bozeramaile
Eztabaidan, Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak (Lapurdi) ukatu egin zuen «klientelismorik dagoenik»: «Egia da telefono deiak izan direla; lobby lana normala da politika arloan. Bata bestea konbentzitzeko ahaleginetan ari gara etengabe. Hori da jokoa. Ez dut uste gutako inor ideiarik eta konbikziorik gabeko gauza manipulagarri txiki bat denik».
Vrignonek bai uste du funtzionamendu klientelista bat dela elkargoan. «Gaitz beharrezko bat» dela deritzo, herri txikietan eta elkargoaren gisako erakundeetan ikus daitekeena. «Batzuetan, hautsi-mautsiak egiten dira: horren alde bozkatzen duzu, eta, ondokoan, nik zure alde». Haren ustez, herritarrei eta hautesleei dagokie hori zaintzea. Hala ere, zalantzak agertu ditu klientelismo hitzari buruz: «Herrien probetxurako da, eta ez probetxu pertsonalerako». Hala ere, ez du uste talde politikoen osatzeak aldaketa handirik eraginen duenik horretan. «Tratu berdinak egiten dira talde politikoen artean ere». Espainiako Kongresuan onartu berri duten Kirol Legea hartu du adibide gisa: «EAJk pilotako euskal selekzioa erosi dio PSOEri, eta saldu du Espainiako selekzioan parte ez hartzeagatik kirolariei zigorra ematea».
Etxegarai, arriskutik kanpo
Bai Tabernak eta bai Vrignonek gauza bera diote: ez dute uste talde politikoen sorrerak lurrikara handiegirik eraginen duenik oraingoz. Taberna: «Hirigune Elkargoak baditu 232 hautetsi. Talde politikoak sortu nahi dituzten hautetsiek nahi dituzten kopuruak lortzen badituzte ere, haiek egonen dira gutxiengoan». Uste du Etxegarai ez dela «arriskuan» izanen berehalakoan. «Gutxiengo batean uzteko, aitzinetik lanketa handia behar litzateke. Baina segur dena da taldeak izateak eztabaida berpiztuko duela», trenkatu du.
Ikusi gehiago:Frantziako ezkerra, kopuruan eskas
Ildo beretik jo du Vrignonek ere: «Badu kalitate bat Etxegaraik: biziki kapitain ona da, eta biziki ongi nabigatzen daki; marea gora edo behera izan». Ez du gutxiengoan gelditzeko arriskurik ikusten, eta ez du uste oraingoz haren inguruan talde politiko bat sortzeko urratsa eginen duenik: «Uhainen arabera ikusiko du zer egin. 100-150 pertsona badira talderik gabe, ez du eginen; haatik, 80 pertsona badira bloke batean eta bloke handi batzuk badira, eginen du berea, eta gaitasunak baditu».
Euskal Hirigune Elkargoa zalantzan jarri gabe, Nikolas Blain Uztaritzeko (Lapurdi) hautetsi eta EH Baiko kideak zalantzan jarri zuen gaur egun duen konfigurazioa, urtarrilean, BERRIAn. «232 hautetsiko asanblea bat, hilabetean edo bi hilabetean behin biltzen dena, bostehun orriko txostenak hiruzpalau eguneko epean irakurtzekoak, bilkuren biderkatzea... Itogarria da jendearentzat. Aurreikusi genuen, eta orain ikusten dugu». Horretan, funtsezko aldaketa bat ekar lezake talde politikoen zerbitzura lanean ari diren kolaboratzaileak izateak.
Hori iritzi dio Vrignonek ere: «Badituzularik adituak dosierrak aztertzen dakitenak edo muntatzen dakitenak... anitz aldatuko du». Hala ere, ez du uste elkargoko batzarrak halakorik onartuko duenik. «Denetan orroaz ari dira ekonomiak egin behar direla. Ez dut ikusten nola eginen duten dirua emateko talde politikoei». Horrela adierazi zuen Etxegaraik berak Mediabask-en joan den astean egin zioten elkarrizketan: «Talde politikoak sortzeko asmoa baldin badago, nik ez dut modurik hori eragozteko. Bitarteko materialei dagokienez, badago halakoak kontuan hartu eta prestatzeko aukera, baina kontua baldin bada lanpostu batzuk sortzea, horrek arazo bat ekarriko du, arazo politikoa, eta aurrekontuari dagokiona. Elkargo batzarrak erabaki behar luke horretaz, ez nik».
Ikusi gehiago:Etxegarai, oraingoz, besteei begira
Euskal Hirigune Elkargoa
TALDE POLITIKOEN ALDAGAIA
Ondoko asteetan, talde politikoak sortuko dituzte Euskal Hirigune Elkargoan. Oraingoz, ez da lurrikararik espero, baina erakunde barnean dauden bloke politikoak erakutsiko ditu. Ipar Euskal Herriko instituzioaren funtzionamenduan ere eragitea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu