Talde mistoaren banaketaz Legebiltzarreko Mahaiak erabakiko duela ziurtzat jo dute Sumarrek eta Voxek

Alba Garciak legebiltzarrean jardungo duela iragarri du, ordezkaritzarik lortu ez arren.

Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidea, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L.RICO / EFE
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidea, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO / EFE
aitor biain
2024ko maiatzaren 3a
14:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten alderdietako kideak hasi dira agiriak jasotzen. Iragarri moduan, Sumarreko eta Voxeko legebiltzarkideak izan dira akreditatzen lehenak: Jon Hernandez eta Amaia Martinez, hurrenez hurren. Talde propiorik osatzeko adina kide ez dutenez, talde mistoan arituko dira biak ala biak. Aitortu dute, hala ere, elkarren artean oso urrun daudela, eta ezinezko ikusten dutela taldearen banaketan ados jartzea. Beraz, ziurtzat jo dute legebiltzarreko mahaiak hartuko duela haien funtzionamenduari buruzko erabakia.

Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaiarekin batera izan da Eusko Legebiltzarrean Jon Hernandez. Legebiltzarkidea, ordea, Izquierda Unidako karpeta gorri batekin joan da; Garcia, aldiz, Sumarren karpeta arrosa batekin. Biek ala biek garrantzia kendu nahi izan diote gertakari horri, eta adierazi dute kasualitatea baino ez dela izan. «Sumar koalizio gisa hasiko gara gaur lanean Eusko Legebiltzarrean», adierazi du Hernandezek.

Legebiltzarkideak azpimarratu du oposiziotik lan egingo duela, «apal, baina zorrotz», eta hitzeman du ez dituela politika kontserbadoreak babestuko. Lehentasuna eskubide sozialak defendatzea izango duela esan du, hala nola etxebizitza, lana eta osasun publikoa. Halaber, adierazi du ordezkaritzarik lortu ez arren, Garciak legebiltzarrean egingo duela lan. Ez dute zehaztu aholkulari izango den edo zein beste modutan jardungo duen.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea akreditatu da ondoren. Martinez pozik azaldu da, inkestek aurreikusten ez bazuten ere, eskuin muturrak ordezkaritza izango duelako Eusko Legebiltzarrean datorren legealdian ere. Voxeko ordezkariak espero du, hori bai, aurreko legealdian ez bezala, Voxen kontrako neurririk ez hartzea oraingoan.

Astelehenean, erlojua martxan

Datorren astelehenean akreditatuko dira EAJko 27 legebiltzarkideak, eta orduan hasiko da Eusko Legebiltzarra osatzeko atzerako kontaketa. Legebiltzarkideen herenak agiriak jaso ostean jartzen baita martxan erloju hori. Horren ondoren, hamabost eguneko epean osatuko beharko da XIII. Legealdiko Eusko Legebiltzarra.

Asteartean, maiatzaren 7an, PSE-EEko hamabi legebiltzarkideen txanda izango da. Eta hurrengo egunean, hilaren 8an, PPko zazpi ordezkariena. EH Bilduko 27 legebiltzarkideak maiatzaren 13an akreditatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.