Koiuntura aztertu, eta ikuspegi feministatik abiatuz ekarpenak eta proposamenak egitea. Horixe hartu dute eginkizun berrehun bat feministak, Talaia Feministak EHUren Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean gaur egindako bilkuran, Bilbon. Talaia Feminista Unea egin dute, eta, talde sustatzaileak ondutako 2024ko txostena oinarri hartuta, ondorioztatu dute iaz indarkeria «areagotu» egin zela, «modu esplizitu eta lotsagabeenetara joz, eta indarkeria inplizitu eta sinboliko mota berriak erabiliz». Proposamenen arloan, bat nabarmentzen da: Euskal Herri osoko ikuspegia izango duen behatoki autonomo bat sortzea, «feminismoaren eta eragile feministen interlokuzioa indartzeko».
2024ko dosierraren edukiak osatu dituzte feministek bilkuran. Batez ere, lau ardatzi erreparatu diete: indarkeria matxistari dagokionez, ondorioztatu dute inpunitatea «handitu» egin dela, eta horrek «segurtasunik ez dagoen sentsazioa» eragin dezakeela. Lurraldeak pairatzen duen indarkeriari dagokionez, krisi ekosozialari buru egiteko premia nabarmendu dute, baita «lurra, bizitza eta gorputzak uztartuko dituen burujabetza feminista baten alde» borrokatzekoa ere.
2024an ugaldu diren gerrek, gatazka armatuek eta diskurtso militaristek osatu dute hirugarren ardatza, eta azaldu dute premia dagoela «Euskal Herriko mobilizazio antimilitaristarako tradizioa eta aktibismo feminista» sustatzeko. Azkenik, eskuin muturraren gorakada ere izan dute aztergai, eta «Euskal Herriko arkitektura soziopolitikoa zaintzearen garrantzia» nabarmendu dute.
«Konpromisoa hartzen dugu dibulgazioari eta interpelazioari ekiteko: akuilu izan nahi dugu Euskal Herriko trantsizio feministan»
MAIDER BARAÑANOTalaia Feministako talde sustatzailea
Erakunde publikoek sortutako institutu eta egiturak eta haien berdintasun politikak jorratu dituzte beste mahai inguru batean. Azken hamarkadetako bilakaera aztertu ondoren, ondorioztatu dute mugimendu feministak berdintasun politiken gaia «agenda politikoan» agerraraztea lortu bai baina eragiteko gaitasuna galdu duela, eta erakunde publikoen «konpromiso politikoa eta baliabideak» falta direla onartutakoa garatzeko.
Alor horretan, hiru proposamen egin dituzte: «estrategia duala» sustatzea, hau da, berdintasun politika zehatzak eta alor guztiak zeharkatuko dituzten estrategia orokorrak uztartzea; Euskal Herrian abian jarritako politika eta bitarteko publiko guztiak jasoko dituen biltegi bat eraikitzea; eta behatoki autonomo bat sortzea, «ikuskatzeko, inpaktua neurtzeko eta ekarpena egiteko xedez».
Buru osasuna
Aparteko garrantzia eman diote buru osasunaren gaiari: «Gaixotu dugun mundu baten sintoma gara». Alor horretako arazoen ugaltzea «sistema kapitalistaren porrotaren adierazpidetzat» jo dute, eta arazoari heltzeko beharra nabarmendu, baina hura «patologizatu» beharrean, «sufrimenduaren faktoreak aztertuz, arrazoi sozialei eta genero ardatzari arreta jarriz, eta ikuspegi kolektiboa lehenetsiz».
Sistema kapitalistak aurkezten duen «mundu magikoaren» lilura faltsua, hark eragindako bakardadea, prekaritate materiala, eraikitako espektatiben eta errealitatearen arteko tentsioa, indarkeria matxistak sorturiko izua eta egiturazko beste zenbait faktore identifikatu dituzte. Esan dutenez, erantzunak «kolektiboa» behar du, eta «elkar sendatzeko gune propioak» eraikitzeko premia azpimarratu dute.
Talaia Feminista Unea amaituta, hurrengo urratsari ekingo diote orain: interpelazio eta gizarteratze faseari, hain zuzen ere. «Konpromisoa hartzen dugu dibulgazioari eta interpelazioari ekiteko: akuilu izan nahi dugu Euskal Herriko trantsizio feministan», esan dute talde sustatzaileko kide Amaia Perez Orozcok eta Maider Barañanok.