Tafallako alkatea inputatu egin dute, pankarta bat jartzeagatik

Erredakzioa
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak Arturo Goldarazena Tafallako (Nafarroa) alkatea inputatu du, aurtengo abuztuaren 14an herriko jaietako txupinazoan udaletxeko balkoian euskal presoen eskubideen aldeko pankarta bat zabaltzea egotzita. Juan Pablo Gonzalez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz inputatu dute alkatea, eta urriaren 14rako deitu du deklaratzera Madrilera. 09:30ean jarri dio deklaratzeko hitzordua Goldarazenari.

Epaileak kaleratutako autoaren arabera, Preso eta iheslari politikoak etxera zioen eskegitako pankartak, eta Herrira plataformaren ikurra zuen marraztuta. Fiskalak egindako ikerketaren ondorioz iritsi da inputazioa, Tafallako jaietan gertatutakoa «zigor arau-haustea» izan daitekeelako, haren ustez.

Horrez gain, epaileak txosten bat egiteko eskatu dio fiskaltzari, Sare plataformak Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan egingo duen giza katea «terrorismoa goratzeko delitu» izan daitekeen argitu dezan. APAVT biktimen elkarteak eskatu zuen hilaren 26ko mobilizazioa debekatzeko.

EH Bilduren ekinbidea

Asteartean Luzia Urigoitia ETAko militanteari omenaldia antolatzea leporatuta Otxandion (Bizkaia) atxilotutako lau lagunen aurkako akusazioak kentzeko eskatu du EH Bildu legebiltzar taldeak. Koalizioak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean biktima guztiek aitortza jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko eta, hortaz, Urigoitiari omenaldi bat antolatzeagatik Guardia Zibilak egindako atxiloketak salatzeko. Julen Arzuagak testuan adierazi duenez, Urigoitia ere biktima da eta aitortza jasotzeko eskubidea dauka. «Bere sufrimendua eta bere familiarena gogoratzea ezin da delitu bihurtu, eta, ondorioz, bidegabekeria da lau lagun atxilotzea», salatu du.

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio biktimen sufrimendua gogoratzea eta omentzea helburu duten ekitaldiak babestu ditzala, «mailaketarik egin gabe». Halaber, Arzuagak gogor kritikatu du Jonan Fernandez Bake idazkariaren jarrera, bere adierazpenekin biktima batzuengandik «urrundu» egin delako.

Covitek eta UPDk, berriz, Fernandezen dimisioa eskatu dute, Udal Erretratuetan «21 etakideren» kasuak jaso dituelako eta haiek omentzea proposatu duelako. Biktimen elkartearentzat «oso larria» da Jaurlaritzak maila berean jartzea ETAren biktimak eta poliziarenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.