Agorrilaren 22tik irailaren 2ra ez da trenik ibiliko Tafalla (Nafarroa) eta Iruñea artean, hiriburu inguruan trenbideak Arga ibaia zeharkatzen duen zubiko lanengatik. Adif, Espainiako Garraio Ministerioko enpresak eginen ditu lanak.
Ondorioz, Renfe Espainiako tren konpainiak bidaiariak errepidetik garraiatuko ditu, autobusez. Horretarako, ibilbide ertaineko bidaietarako 202 autobus bidaia jarriko dituzte, eta ibilbide luzeetarako, 593. Lanek dirauten bitartean, beraz, Tafallatik Iruñera autobusez joan beharko dute tren bidaiariek.
Aldaketak eragina izanen du Donostiarako eta Gasteizerako bidaietan, baita Katalunia eta Galiziarakoetan ere.