Tabakoaren prezioak eta postakoak: urtarrilaren 1eko aldaketak Iparraldean

Urtero bezala, urtarrilaren lehenean aldaketa administratibo batzuk sartu dira indarrean Ipar Euskal Herrian.

Tabako pakete neutroak
Tabako pakete batzuk, Baionako saltegi batean. BOB EDME
Iñaki Etxeleku.
2025eko urtarrilaren 2a
12:00
Entzun

Urtero bezala, tabako paketearen prezioa emendatu da urtarrilaren 1az geroztik Ipar Euskal Herrian. Fabrikatzaileen araberakoa izanen da emendatzea, baina euro baterainokoa izan daiteke. Hogei zigarretako pakete gehienak 12,50 eurotik goiti izanen dira aurten.

Postako bidalketa prezioak ere emendatu dituzte. Oro har, posta zerbitzuak %6,8z emendatu ditu prezioak.

Bestalde, auto eta etxe asurantzak ere kariotu dira. Batez beste, auto asurantzak %6z emendatuko dira, eta etxe asurantzak, berriz %8-10 artean.

PEL etxebizitza aurrezkien ordainsariak, haatik, apaldu dira: %2,25etik 1,75era.

RSA, erretreta sariak

Michel Barnierren Frantziako Gobernuak nahi zuen erretreta pentsioak ez zitezela gehiago inflazioaren arabera indexatu. Zentsura mozioa bozkatu denez, Barnierren aurrekontu xedea bertan behera gelditu zen, eta, harekin, baita indexazioari lotu murrizketa ere. Horren ondorioz, erretretatuen pentsioak inflazioaren arabera emendatu dira atzotik, lehen bezala. Emendatzea %2,2koa da.

Erretreten sailean, beste aldaketarik ekarri du 2025eko urtarrilaren lehenak. Hori da Frantziako Gobernuak 2023an 49.3 artikuluaren bidez indarrean pasarazi erretreten erreformaren ondorioetarik bat. Sail hauetan, langileak erretretara joateko adina bi urtez gibelatua da, ofizialki, asteazkenetik: RATP garraio konpainia —Txik Txak sarearen kudeatzaile berria—, elektrizitate eta gas industriak, notarioen langileak eta Frantziako Bankua.

RSA oinarrizko errenta duten guztiak France Travail langabeen zerrendetan sartuak dira atzotik, Frantzia guzian. Ipar Euskal Herrian jada indarrean zen neurria, ezen Pirinio Atlantikoetako Departamendua sartua zen iaztik neurri berriarekin «esperimentatzen» ari ziren departamenduetan. Errenta hori 600 euro ingurukoa da, eta hura ukaiteko baldintzetarik bata da 15 oreneko «jarduna» izatea astero.

Bestalde, familia laguntzak eskuratzeko baldintzak murriztuak zaizkie etorkinei atzotik. Oinarrizko familia laguntzak edo adinekoentzako oinarrizko laguntza eskuratzeko, frogatu beharko da Frantziako eremuan urtean bederatzi hilabeteko egonaldia egin izana jarraian. 2024an, epea sei hilabetekoa zen.

Meningitisaren kontrako txertoa

Osasun alorrean, meningitis aldaera guztien kontrako txertoa derrigorrezkoa bilakatu da 2025a hasiz geroztik. Horra arte, C meningitisaren kontrako txertoa zen beharrezkoa urte bat baino gutiagoko ninientzat. Derrigortzea beste aldaerentzat ere izanen da orain —A, B, W eta Y meningitisak—, kasuen ugaritzea dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.