azpiegiturak

Tabakaleraren proiektua aurreikusitakoa baino txikiagoa izango da

Donostiako zentro garaikidearen funtzionamendua, bideragarritasuna eta inbertsioa egokitu egin behar direla azaldu du Administrazio Kontseiluak, "beste dimentsio bat" eman behar zaiola. Obra arkitektonikoak ere moldatu beharko dira, baina ez du atzerapenaren berri eman. Maiatzaren 31n ziren hastekoak.

2010eko maiatzaren 20a
18:08
Entzun
Tabakalera Donostiako kultura zentro garaikidearen egitasmoak krisi garaira egokitu beharrak hainbat aldaketa garrantzitsu eragingo dizkio aurreikusitako proiektuari. Hasieran pentsatutakoa baino txikiagoa izango dela azaldu du Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak Administrazio Kontseiluaren izenean, "beste dimentsio bat" izango duela eta "aurrekontua asko jaitsiko" dela. Tabakalera nola egokitu eta nola bideragarri egin urtea amaitu aurretik zehaztuko dutela esan du, egitasmoa kudeatzen duten Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Diputazioaren eta Jaurlaritzaren izenean.

Eraikinaren obra arkitektonikoak, berriz, maiatzaren 31n ziren hastekoak, baina ez dute zehaztu noiz hasiko diren. "Ikuspungtu arkitektonikoak funtzionamenduak bezala beste dimentsio bat hartu baitu". Plan aldaketa egongo da, beraz.

Odon Elorza Tabakaleraren obrak atzeratzeaz eta proiektuaren gaineko gogoeta egin beharraz jardun zen komunikabide batean joan den maiatzaren 16an, eta ezustean harrapatu zituen asko, Joxean Muñoz zuzendari nagusia tartean. Muñozen arabera, krisi ekonomikora egokitzeko eta bideragarri izateko formulak bilatzen denbora darama Tabakalera zentroan lanean ari den taldea, baina proiektuaren data zalantzan jartzeak "kezka handia" eragin dio "proiektuaren etorkizuna egoera delikatuan" jartzen duelako. Data erabakitzea ez dagokio, ordea, Tabakaleraren lan talderari, Administrazio Kontseiluari baizik.

Bien bitartean, "gogoeta" hitza Elorzaren ahotan ez ezik, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatuarenean eta Jurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellean ere egon da. Biek hitz egin dute krisi garaietara egokitzeko saioa egin behar dutela, baina Aranburuk proiektuak aurrera egingo duela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.