36ko gerraren 80. urtemuga. Emakumeak jomugan

Sutondoan isildutako jazarpena

Bortxaketak, ilea arrasetik moztea... Emakumeen aurkako errepresioa hamaika modutan gertatu zela oroitarazi du Lourdes Herrastik; ordea, horren guztiaren lekukotzak oso urriak dira.

Emakumeei ilea moztea oso zabalduta egon zen. Argazkia Oropesan ateratakoa da (Toledo, Espainia). BERRIA.
Jon Rejado.
2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Emakumeak gerra arma bezala baliatu zituzten, garbi asko». Argia da Lourdes Herrasti, Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari eta antropologoa. Andreen aurka molde askotariko zapalkuntzak izan zirela xehatu du: batzuk zuzenak, haien gorputzen aurkakoak; zeharkakoak besteak. Nabarmen zabaldu haietako batzuk. Egiaz izan zuten hedadura ezin izango da zehaztu, ordea. «Ez da posible», penatu da Herrasti. «Esan ohi da historia horiek etxean geratu zirela, sutondoan, eta ez dira atera».

Errepresio maila islatzeko, Gonzalo Queipo de Llano jeneral frankista ekarri du gogora Herrastik. Radio Sevillan hitzaldiak eman ohi zituen. Horietako batean, alde errepublikanoko emakumeen aurkako indarkeriaren tesiak laburbildu zituen; haiek bortxatzea arrazoitu eta zuritu zuen, besteak beste: «Gure legionario eta erregular adoretsuek benetan gizon izatea zer den erakutsi diete gorri koldarrei eta, bide batez, haien emakumeei ere. Nahi beste marru eta aztalka egin dezatela, ez dira libratuko».

Queipo de Llanok zuzeneko errepresioa eskatu zuen, baina gehienak isilpean gorde direla azaldu du Herrastik. «Bortxaketak izan ziren, zalantzarik gabe, baina ez dira inon ageri». Elgetan jazotako sexu eraso baten berri izan dutela jakinarazi du. «Gurasoak hil ostean, gorpuen aurrean bortxatu zuten emakume bat, behin eta berriz». Aitorpen apurretako bat da, baina «aleka» agertzen direla erantsi du: «Nori kontatu behar zioten orduan gertatutakoa? Horrekin bizi behar izan zuten».

Emakumeei ilea arrasetik moztea «oso zabalduta» zegoela oroitarazi du Aranzadiko historialariak. Horri buruz gehixeago hitz egin dela hausnartu du. «Zigorrik errazena zen, oso nabarmena, eta krudelkeria puntu maltzur batekin». Ilea moztu, eta herriko plazara eramaten zituzten, haietaz trufa zitezen. Zenbaitetan, errizino olioa ere ematen zieten; horren ondorioz, ez ziren gai esfinterrak kontrolatzeko.

Zigor horren bidez, andreak umiliatzen zituzten, eta, aldi berean, espazio publikoa ukatzen zieten. Herrastik esan du zigor horien dokumentu gutxi daudela, asko hedatu ziren arren. Lekukotzak ere ez dira asko; isilpean gorde dira. Orduko umilazioak urteetan iraun duela ondorioztatu du antropologoak.

Errepresaliatuen senide baten lekukotza baliatu du adibide gisa Herrastik. Aitona eta osaba hil zituztela kontatu zuen emakumezko batek. Serio ari zen hitz egiten, amari ilea plaza erdian moztu ziotela bota zuen arte. Plazatik pasieran ibilarazi zutela kontatzean, negar batean hasi zen. «Emakume harentzat, momentu latzena hura izan zen, hura pasatu eta gero bizirik atera zelako».

Zeharka egindako mina

Emakumeen kontrako zuzeneko jazarpenak baditu beste hamaika aurpegi. Ordea, zeharkako errepresioa nabarmendu du Herrastik. «Andreak ez ziren beren bizitzaren jabe; gizon batekin zuten harremanagatik ziren protagonista, bigarren lerroan». Emakumeek pairatu behar izan zuten hiru aldeko errepresioa nabarmendu du: zuzenean jasandakoa, ingurukoek bizi izandakoa, eta, gero, horrekin guztiarekin bizi behar izatea.

Herrastik gogora ekarri du lekukotzak biltzean maiz seme-alaben ahotan errepikatutako pasarte bat. «Alargun geratu, eta familia aurrera atera zuela esaten digute, baina gauero negar egiten entzuten zuten bere gelan». Errepresio horren guztiaren testigantza ezagunak «iceberg handi baten punta» baino ez direla uste du; ur azpian geratu baitira etxe barruan isildu ziren historiak. «Gaur egun ere gertatzen delako, jakingo dugu aurretik ere gertatu zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.