Sutea

Sutea piztu da Zallako Las Lagunas zabortegian

Suhiltzaileek kontrolpean hartu dute sua, baina erabat itzaltzeko lanek luze joko dutela adierazi dute. Zallako zabortegiak hondakin kutsagarriak hartu ditu hainbat urtez. Horien artean, Zabalgarbi erraustegiko eskoriak.

2018ko abuztuaren 9a
07:13
Entzun

Oraindik ez da argitu zergatik piztu den sua Zallako Las Lagunas zabortegian. Prentsatutako paper meta batek hartu du su, 06:00ak aldera. Bizkaiko aldundiak azaldu du sutea mugatua eta kontrolatua dutela suhiltzaileek. Hala ere, sua guztiz itzaltzeko lanek luze joko dutela aurreratu dute. Suhiltzaileak lurrarekin eta aparrarekin ari dira sua itzaltzeko ahaleginean.

Ez da Zallako zabortegi horretan sua pizten den lehen aldia. 2017ko urtarrilean ere sutea izan zen.

Las Lagunas zabortegi pribatua 2005ean zabaldu zen, Zallako Udalaren eta CESPA enpresaren arteko hitzarmen baten ondorioz. EAJren udal gobernuak baimena eman zion enpresari zabortegia 2023ra arte kudeatzeko. Zabortegia hondakin inerteak eta ez arriskutsuak hartzeko sortu zen arren, proiektua moldatu egin zen eta hondakin kutsagarriak ere hartu ditu. Horien artean, Zabalgarbi erraustegiko eskoriak.

Zallako herritarrak hainbatetan mobilizatu dira Las Lagunaseko zabortegiaren kudeaketaren aurka. 2016an, gas isuriak eta usain txarrak eteteko neurriak eskatu zizkieten CESPAri eta erakunde publikoei, eta eskariaren aldeko sinadurak bildu zituzten.

Egun Zalla Bai plataformaren esku dagoen udal gobernuak zabortegiaren zati bat ixtea eta berreskuratzea adostu du CESPArekin, baita hondakin lixibatuak tratatzeko araztegi bat eraikitzea ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.