Sute handi bat piztu da gaur iluntzean Gasteizko Salburua auzoan, 20:30 inguruan. Iliada etorbideko zubi baten azpian gas hodi bat lehertu da, eta sute handi bat eragin du horrek. Ez da zauriturik izan, baina argindarrik gabe gelditu dira 1.900 etxebizitza inguru. Udalak adierazi du sutea itzaltzeko eta hodia konpontzeko lana «nekeza» izango zela, eta 22:00 inguruan suhiltzaileek jakinarazi dute lortu dutela garrak amatatzea.
Zauriturik izan ez bada ere, argindar mozketaren ondorioz hainbat igogailutan jendea harrapatuta gelditu dela jakinarazi dute, eta suhiltzaileek esku hartu dute. Halaber, etxebizitzak eta eraikinak garretatik babesteko lanean aritu dira. Iberdrolak, berriz, jakinarazi du leherketaren ondorioz Salburuan duen argindar transformaziorako zentroa kolapsatu egin dela, baina lortu duela zerbitzuen %50 berrezartzea, eta adierazi du argindarra galdu duten etxeetara hura bueltatzeko lanean ari direla orain.
Suhiltzaileek trafikoa itxi dute leherketa gertatu den zubiaren inguruan. Sutea egon deneko errepidearen egoera ere ikuskatuko dute, tenperatura handiak jasan behar izan ditu eta.