Sute baten ondorioz, etxebizitza bloke bat hustu behar izan dute gauerdian Errenterian

Zauriturik ez da izan, eta 02:00 aldera etxera itzuli ahal izan dira bizilagunak; suziri baten jaurtiketarekin lotu dute gertaera.

Sutea Urtezahar gauean Errenterian.
Su hartu duen etxebizitza blokearen parean larrialdi zerbitzuak. JUAN HERRERO / EFE
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 1a
14:45
Entzun

Gauerdia pasa eta berehala zabaldu da albistea, argazki ikusgarriak ere bai: Errenteriako Kaputxinoak auzoan etxe bat sutan izan da. Hamasei solairuko etxebizitza bloke bat da, eta hustu egin behar izan dute. Goizeko ordu biak alderako, hala ere, etxean ziren bizilagun guztiak, eta suak ez du inor ere zauritu.

Lekukotasuna eman dute hainbat bizilagunek hedabideetan, eta adierazi dute larritasun handiko uneak izan dituztela. Hain zuzen ere, bi pertsona artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek, antsietateak jota. Errenteriako Udalak, berriz, eskertu egin du suhiltzaileen lana, berehala agertu baitira sua itzaltzera.

Sutea oso ikusgarria izan bada ere, lehen zantzuen arabera, batez ere arropa eskegitzeko kanpoan dauden saretak erre ditu. Etxe barru batzuetan ere garrak sartu dira, hala ere, eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegik berak sare sozialen bidez adierazi du etxeetako batean kalteak handiak izan direla. Onartu du, halaber, itxura duela urte berriaren hasiera ospatzeko jaurtitako suzirien ondorioz izan dela sutea.

Adierazi du ezinbestekoa dela gaiaren gaineko gogoeta egitea; udalak urtero ohartarazten du, hain justu, halakoen erabileraren arriskuaz. Gogora ekarri du oraintxe hamar urte ere suziri baten ondorioz sute handi bat izan zela eskualdean bertan, Trintxerpen (Pasaia), eta etxe bat osorik kiskali zela. 42 familia etxerik gabe geratu ziren.

Zauritu bat

Suzirien ondorio bakarra ez da hori izan. Tolosan sute bat piztu da etxe baten barruan, eta ertzainek lagundu behar izan dute itzaltzen. Pertsona batek min hartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.