Sute batek etxebizitza bat kiskali eta alde zaharra aztoratu du Hernanin

Udalaren arabera, ez da zauriturik izan, baina kalte materialak «garrantzitsuak» izango dira. Kale Nagusiko 36. atariko eraikinean sortu da sua, eta hango bizilagunek ezingo dute etxera bueltatu.

Suhiltzaileak lanean, gaur, Hernanin. MIKEL P. ANSA
Suhiltzaileak lanean, gaur, Hernanin. MIKEL P. ANSA
Paulo Ostolaza - Mikel P. Ansa
Hernani
2025eko otsailaren 2a
23:15
Entzun

Izututa esnatu dira gaur Hernaniko alde zaharreko (Gipuzkoa) zenbait familia. Egurrezko egitura duen etxe bateko hirugarren solairuan sute bat hasi da 06:00ak aldera, berritu egin da 08:00etatik aurrera, eta euren etxeetatik atera behar izan dituzte 30 familia baino gehiago, Kale Nagusian. Hernaniko Udalak jakinarazi duenez, ez da zauriturik izan, baina kalte materialak «garrantzitsuak» izango dira.

36. zenbakidun atarian piztu da sua, goizaldean. Bizilagunek abisua emanda, suhiltzaileak 06:00ak alderako iritsi dira Kale Nagusira, eta ustez kontrolpean hartu dute sua. Baina egurrezko egiturak dituzte etxe horrek eta inguruko guztiek, eta 08:00ak aldera berriro indarra hartu du suak, eta inguruko etxeetara azkar zabaltzeko arriskua sortu da.

Ordu erdian, egoera aldatu da: Kale Nagusiko 32. eta 44. atarien arteko etxebizitza guztiak hustu dituzte ertzainek eta udaltzainek; zazpi ataritatik, 30 bat familia baino gehiago atera dira kalera, soinean jantzita zutenarekin soilik.

Donostia, Tolosa eta Zarauzko bospasei suhiltzaile unitate, anbulantziak eta polizia gehiago ere agertu dira, Nafar kalearen eta Plaza Berriaren arteko Kale Nagusiko zatia itxi dute, eta hiru bat ordu behar izan dituzte 36. atariko teilatuan garretan zegoen sua menderatzeko. 11:30 aldera kontrolatu dute, baina orduak behar izan dituzte egonkortzeko.

Suhiltzaile gehienek alde egin dute ordutik aurrera, baina zaintza lanetan gelditu dira batzuk, eta han jarraitu dute arratsaldean eta gauean. Egurrean gar txikiek iraun dezakete, eta sua berriz ez pizteko lanean jardun dute.

36. atariko eraikinaren goiko aldea erabat kiskali eta suntsitu da: erori egin da teilatua, eta egitura kaltetua dago. Oraindik balorazioak egitekoak dituzte, baina kalte handiak ditu eraikin horrek. Ondoko atarietan, 34.enean eta 38.enean, kalteak zenbatekoak izan diren ikusi beharko da; suak 34. zenbakiko teilatuari eragin dio, eta urak kalteak eragin ditu 36. atariaren ondoko bi etxebizitzetan ere.

Eguerdi partean, 14:00etatik aurrera, gutxi gorabehera, atari batzuetako bizilagunei beren etxeetara itzultzen utzi diete, haien eraikinetan kalterik ez zela bermatu ahala. Argindarra eta gasa eten dituzte, ur asko bota dutelako suhiltzaileek sua menderatzeko; arratsaldean berrezarri dituzte.

Larrialdi zerbitzuek 36. atariko bizilagunei esan diete ezingo dutela itzuli etxera, eta aldameneko bi bizitzetako bizilagunek ere ezin izan dute itzuli etxera, oraingoz behintzat; guztira, hamahiru familiak lo egin beharko dute gaur etxetik kanpo. Udalak ostatua eman die bizilagun batzuei, hotel batean.

Zauriturik ez

Kalteak bai, baina zauriturik ez du eragin suteak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, osasun zerbitzuek bi lagun artatu dituzte, emakume bat eta ertzain bat, baina ez dituzte ospitaleratu behar izan. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak adierazi du larrialdi zerbitzuek eta bizilagunek azkar esku hartu dutela, eta horri esker ez dela kalte handiagorik izan: «Azkar atera ahal izan dituzte etxetik sutean kaltetutako eraikinetan bizi ziren pertsonak, eta ez da inor zauritu».

Udaleko arduradunak eta teknikariak egoera aztertzen ari diraa, kaltetutako bizilagunen beharrei erantzuteko. Kale Nagusiaren atzealdeko karkabara ere erori dira erretako etxeko teilatu puska eta errautsak, eta gauean oraindik itxita zeuden alde zaharreko parte batzuk. Oraingoz ez dute argitu zerk eragin duen sutea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.