Bost pertsona artatu behar izan dituzte gaur arratsaldean Erandioko (Bizkaia) eraikin batean izandako sute baten ondorioz, eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, horietako bi ospitalera eraman behar izan dituzte kea arnasteagatik. .
Sua 18:30ean piztu da, Altzaga auzoko Ibarra kaleko 5. zenbakiko bigarren solairuan, egurrezko egitura duen eraikin batean. Sutearen ondorioz, suhiltzaileek bost pertsona eta zakur bat erreskatatu behar izan dituzte. Erandioko alkateak azaldu duenez, ez dago zauritu larririk eta bostak beren kasa atera dira kalera. Hala ere, horietako bi Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dituzte.

Artatzako eta Uriosteko suhiltzaileek ordu eta erdi behar izan dute sua itzaltzeko. Behin itzalita, etxea aireztatzen hasi dira. Eraikineko beste bizilagunek ez dakite gaua bertan pasatu ahal izango duten. Aste honetan sute ugari egon dira etxeetan, besteak beste Hernanin eta Donostian.