Lazarraga elkarteko kultura programazioaren arduraduna

Iñaki Lazkano: «Sustatzailerik gabe geratuko da proiektua: hilzorian»

Gasteiz antzokia zabaltzeko epearen kezkari beste bat gehitu zaio, Lazkanok azaldu duenez. Udalak Lazarraga elkarteari eskatu dio itzul dezala proiektua garatzeko emandako diruaren parte handi bat.

Iñaki Lazkano Lazarraga elkarteko kultura programazioaren arduraduna, Gasteiz Antzokiaren alboan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñaki Lazkano Lazarraga elkarteko kultura programazioaren arduraduna, Gasteiz Antzokiaren alboan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Gasteiz antzokia zabaltzeko bideari beste oztopo bat gehitu zaio: joan den astean, Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak 112.817 euro itzultzeko eskatu zion Lazarraga kultur elkarteari. Kultur elkarte hori arduratzen da antzokiaren kudeaketaz eta programazioaz. Gasteiz antzokiak —ofizialki Izaskun Arrue kulturgunea deiturikoak— oraindik ez ditu ateak zabaldu, eta «harriduraz eta kezkaz» hartu dute udalaren azken berria. Hori azaldu du Iñaki Lazkanok (Eibar, 1968), Lazarraga elkarteko kultura programazioaren arduradunak.

Nola jaso zenuten udalaren azken berria?

Harriduraz eta kezkaz. Batetik, guri ezer esan gabe jarri zuten abian prozedura guztia: zuzenean tokiko gobernu batzarrera eraman, bertan onartu, eta eskaera ofiziala egin zuten. Udalak lehenago ere bazekien kontu hartzailearen txostenak zer zioen, eta ez ziguten ezer esan. Guk bilerak egiten ditugu udal gobernuko ordezkariekin, eta proiektuak jarraipen batzorde bat dauka; baina guri ezer esan gabe eraman zuten tokiko gobernu batzarrera. Noski, horrek harridura sortzen du.

Bestalde, elkartearen eta proiektuaren egoerak kezkatzen gaitu. 112.000 euro inguru eskatzen dizkigute, eta guk gure zuriketa txostenean —2023ko diru laguntzaren proposamenean—, 52.000 itzultzea proposatu genuen. Jarduera guztiak normaltasun osoz egiten badira, diru guztia gastatzen da. Hori gertatzen zaio edozein elkarteri; gure kasuan, ordea, ezin izan genuen egitaraua aurrera atera, eraikina ez baitzegoen prest. Gure programazioa egina zegoen udazkenerako, baina ez zen posible izan egitea, eta diru hori bueltatzea proposatu genuen. Kontu hartzaileak, berriz, hori halako bi baino gehiago eskatzen digu.

Kontu hartzailearen xedapenean, kopurua baino ez da agertzen. Jakinarazpen ofizialaren zain zaudete oraindik?

Bai. Oraindik ez dugu jaso jakinarazpen ofiziala. Ez dugu jakingo zeintzuk izan diren kontu hartzailearen arrazoiak hori jaso arte. Guk gastatutako diru guztia justifikatu dugu, euroz euro. Ezin dugu ulertu kontu hartzaileak zergatik ez duen hori aintzat hartzen.

PPk lehenago ere eskatu zuen aurten jasotako diru laguntza osorik itzultzeko, aitzakiatzat hartuta antolatutako programa ez dela bete. Programazioa ez betetzearen zama nori dagokio?

Programazioa ez da bete udalak ez daukalako eraikina prest. Jasotako diru laguntza lotuta zegoen plan operatibo batekin, eta plan horretan oso ondo jasotzen zen zeintzuk izango ziren 2023. urtean egin beharreko lanak. Aurrelan izugarria egin behar da horrelako kulturgune bat martxan jartzeko, eta aurrelan horiek egin dira. Komunikazioaren aldetik, webgune bat, komunikazio plan bat eta egin beharrekoak ziren kultur jardueren komunikazioa prestatu dira; kudeaketaren aldetik, eraikin eta kultura proiektua kudeatzeko sistema osoa diseinatu da; eta, programazioaren aldetik, Gasteizko eta Euskal Herriko hainbat eragilerekin hitz eginda, programazio bat egin zen elkarlanean.

Zer motatako programazioa antolatu zenuten?

Programazioko jarduerek hiru motatakoak izan behar zuten: kultur jarduerak, formakuntza edo hezkuntza jarduerak, eta ezagutza jarduerak. Udazkenerako programazioa prestatu genuen, eta udalak ez zigun esan atzera botako zuenik. Gu eraikinaren zain egon ginen sartzeko: hasieran, irailean sartzea espero genuen; gero, urrian; ondoren, azaroan; eta, azkenik, esan genien Euskararen Egunerako zabalik egotea nahi genuela. Horrela pasatu zen 2023a. Gu lanean egon ginen egunero-egunero.

Gaur-gaurkoz ez dira bete Gasteizko Udalak kulturgunea irekitzeko ezarritako epeak, eta inork ez daki noiz zabalduko duten. Horrek zer ondorio ditu?

Ondorio oso larriak. 2022ko ekainaren 30etik euskal kultur eskaintza murriztua dute Gasteizko herritarrek. Oihanederren ehunka jarduera antolatzen genituen urtean, eta horiek galdu egin dituzte: ia bi urte jarduera horiek gabe. Gainera, kolokan edo hilzorian jarri dute kulturgunea abiarazteko aukera. Azken finean, elkarteak ezingo dio aurre egin diru eskaera horri. Askotan esan dugu proiektu honek, aurrera egiteko, elkarte osasuntsu bat eduki behar duela atzetik bultzaka.

Nola eragiten dio elkarteari?

Lazarraga kultur elkartea hilzorian jartzen dute horrelako albisteekin: elkartea ez badago osasuntsu, proiektua bera ere ez da osasuntsu egongo. Proiektu hau ez da edozein: gizatalde batek aurkeztutako proiektu bat da, Oihanederren zortzi urtez martxan egon dena, eta, orain, beste salto bat egin nahi zuena, hau da, kulturgune oso bat martxan jarri nahi zuena. Eta udalak ez digu uzten.

Gasteiz antzokiaren obra amaituta dago. Zergatik ez dute ireki?

Hainbat arazo egon dira. Gutxi gorabehera 2022ko abuztu aldera amaitu zituzten obrak. Beranduago izan zen entrega eguna, baina eraikinak 2023an egon behar zuen prest. Oraindik, ordea, eraikina ez dago prest, udalak ez baititu egin etxeko lanak. Adibidez, teknikoki ez dago ongi hornituta: ez dago ikus-entzunezko ekiporik, eszenatikoan ez dago argirik eta gelak ere hutsik daude. Kulturgune batean ezin da ezer egin proiektorerik, bozgorailurik, ekiporik eta argirik gabe. Horrez gain, eraikinak urtebete baino gehiago darama hutsik, eta beste arazo batzuk sortu dira horren ondorioz: itoginak, adibide bat ematearren.

Udalak, gainera, eduki beharreko baimen batzuk ez ditu lortu. Udaleko hainbat sailen artean ari dira eraikina ondo jartzearen zama banatzen. Inork ez du pilota bere teilatuaren gainean izan nahi.

Azken berria jaso eta segituan, Lazarraga kultur elkartekoek urgentziazko bilera bat egin zenuten. Nola ikusten duzue zuen etorkizuna?

Oso beltza eta oso zaila. Asteazkenean, bilera bat egin genuen Gasteizko Udalarekin, baina informazio berririk gabe atera ginen. Azken finean, arazoa ez dugu guk sortu; Gasteizko Udalak sortu du. Kulturgunea zabalik ez egotearen erantzukizun osoa Gasteizko Udalarena da, eta horren ondorio da kontu hartzaileak egin duen interpretazioa. Beraz, Gasteizko Udalak aurre egin beharko die diru horri dagozkionei, edo irtenbide bat eman zor edo eskaera horri. Ez badu irtenbiderik ematen, ziurrenik Lazarraga kultur elkarteak ezingo du jarraitu proiektuarekin. Argi eta garbi. Sustatzailerik gabe geratuko da proiektua: kolokan baino gehiago, hilzorian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.