Eva Ferreira. EHUko errektoregaia

«Sustatu egin behar da sektore pribatuaren finantzaketa edukitzea»

EHUren bertuteak eta egiteko dagoen lana azpimarratu ditu Ferreirak. Bere buruari euskarari lotutako erronka jarri dio: «Oso kontziente naiz hobetu behar dudala».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Bilbo
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Azaroaren 26an EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egitekoak dituzten bozetara begira jarrita dago Eva Ferreira (Barakaldo, Bizkaia, 1963). Ekonomia Aplikatuko katedraduna da, eta errektoregai bakarra izango da, azken bi bozetan bezala. Nahikoa izango du botoen herenak eskuratzea. Gaitasun mugatua du euskaraz, eta BERRIAk euskaraz egindako galderei hizkuntza horretan erantzun die euskarari buruz aritzean; gainerako gaietan, gazteleraz aritu da nagusiki.

Esan duzu saiatuko zarela elkarrizketa euskaraz egiten. Hamabi urte joan dira BERRIAk azken aldiz errektoregai bat gaztelaniaz elkarrizketatu zuenetik. Nola ikusten duzu zeure burua?

Oso kontziente naiz hobetu behar dudala. Ikasten hasi nintzen duela hamar urte, errektoreorde nintzen bitartean, eta oso zaila zen. Orain, euskaltegi batean ari naizlarunbatetan, B2-C1 mailan. Nire arazo handiena hitz egitea da. Arazo handia daukat gauza oso konplexuak euskaraz azaltzeko, baina ulertzeko edo entzuteko, nahiko ondo moldatzen naiz.

Uste duzu euskaraz daukazun gaitasun horrek EHUren eguneroko jardunean eragina izango duela? Adibidez, Gobernu Kontseiluko bilerak zein hizkuntzatan egingo dituzue?

Esango nuke erdia edo gehiago euskaraz egiten dela. Normalean itzulpena egoten da, eta oso erraza da euskara ez dakitenentzat.

Esango zenuke, oro har, EHUk euskaraz funtzionatuko duela?

Bai. Noski, Euskal Herri osoan bezala, hobetu behar dugu.

Ba al daukazu asmorik Euskaraldian parte hartzeko?

Bai, noski. Hautagaitza moduan, gainera, talde bat sortu dugu.

Ahobizi ala belarriprest izango zara?

Oraingoz, belarriprest. Erronka da bi urtean ahobizi izatea.

Jarri al diozu zeure buruari euskararekin lotutako helbururik?

Bai. Gustatuko litzaidake oso normal hitz egitea, eta ez aldatu behar izatea gaztelaniara euskaraz zerbait nola esan ez dakidanean.

EHUra begira jarrita, azken urteetan Medikuntza graduak sortu izan du zeresana, ezin zelako osorik euskaraz egin. Nekane Balluerka errektoreak lortu zuen guztiz euskalduntzea, ezta? Garrantzitsua iruditzen al zaizu?

Oso garrantzitsua da.

Gainerako ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera al dago?

Oso garrantzitsua da graduak euskaraz eta gazteleraz edukitzea. Batzuetan, beharrezkoa da beste hizkuntza bat ikastea, eta orduan, garrantzitsua da ingelesa eta beste hizkuntza batzuk bultzatzea. Gustatuko litzaiguke gure unibertsitatea gutxienez hirueleduna izatea. Graduondoko programa batzuk euskaraz dira; beste batzuk, gazteleraz, eta beste batzuk, ingelesez. Ez da beharrezkoa guztiak hiru hizkuntzetan izatea.

Balluerkaren taldeak UEUrekin akordioa egin zuen bigarren hezkuntzako irakasle izateko masterra online eta euskaraz emateko. Bide beretik jotzeko asmoa al daukazue?

Bai. Gure erronka da beraiekin online formakuntza euskaraz bultzatzea.

UEUrekin barne erresistentziak izan ziren EHUn. Zuk aipatzen duzu, hala ere, bide horretatik jarraitzeko asmoa daukazula.

Ni Unibasqen nengoen momentu hartan akordioa negoziatzen, eta horren oso alde egin nuen.

Ikerketari lotuta, hutsune nabarmena dago, euskaraz gutxi ikertzen delako. Horri nola eman dakioke buelta?

Biologian, medikuntzan, ekonomia, matematikan... normalean, ezagutza zabaltzeko, beharrezkoa da ikerketak aldizkari espezializatu batean argitaratzea. Hortaz, zure ezagutza eta ikerketa zabaltzeko, uste dut ez dela aukera onena euskaraz bakarrik publikatzea. Ezagutza zabaltzeko lingua franca ingelesa da. Hori gauza bat da, eta beste gauza bat da tesiak egitea, eta, horregatik, gure erronka da tesiak euskaraz eta ingelesez egitea.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak konpromisoa hartu du Ikerketara, Garapenera eta Berrikuntzara (I+G+B) inbertsioa urtero batez beste %6 igotzeko. Nahikoa dela iruditzen al zaizu?

Hori esfortzu bat da, eta oso ongi baloratzen dugu. Egia da Euskadin I+G+Bn egiten den inbertsioa estatuko handienetakoa dela, handiena ez bada. Baina gure erronka Europako estatuen mailara iristea da.

Sona handia hartu du EHUko ikertzaile talde batek PCRak egiteko metodo bat asmatu baina Osakidetzak ez erabili izanak. EHUren ikerketa ez aitortzekoedo hari ospea kentzeko modu bat iruditzen al zaizu?

Nik ikertzaile horiei eskertu behar diet haien lana. Tartean zer gertatu den, ordea, ez dakit.

Beste ikerketaren batekin ere eduki duzu sentsazioa EHU ez dela aintzat hartu?

Oro har, nik pentsatzen dut batzuetan gizarteak ez dakiela zer egiten ari garen, eta, hori dela eta, gure asmoa da komunikazioa hobetzea, gizarteari jakinarazteko zer egiten ari garen, zer egingo dugun eta zer egin genuen.

Unibasq agentzian aritu zara euskal unibertsitate sistemaren kalitatea aztertzen. Nahiko kalitate ba al daukate EHUko ikasketek?

Gure unibertsitatea oso ona da: ez da nire iritzia, datuak ere badira. Shanghain [rankingean], duela bi urtetik lehenengo 400en artean gaude. Formakuntzan, nota oso ona da: 0tik 5era 3,9koa da batezbestekoa. Hau ez da Harvard, baina publikoa, gaztea eta jeneralista izateko, oso-oso ona da.

Shanghaiko rankingean 400 unibertsitate onenen artean dago EHU. Garrantzitsua al da? Zein da zure erronka?

Posible da hamar urtean salto bat egitea, beste ehun postu aurreratzeko. Denbora behar dugu, baita esfortzu handiagoa ere.

Hirugarren aldiz hautagaitza bakarra izango da EHUko hauteskundeetan. Zer esan nahi du horrek zuretzat, lan egiteko modu bat egonkortu dela ala jendeak ez duela kudeaketan parte hartu nahi?

Pentsatzen dut arrazoi garrantzitsuena dela unibertsitatea nahiko ondo doala.

Joan den hauteskundeetan botoen %66 eskuratu zituen Balluerkak. Zuretzat zein izango litzateke emaitza duin bat?

Egia da egoera oso zaila dela orain; emaitza horrekin ni oso pozik egongo nintzateke.

Egoera epidemiologikoa ikusita, konfinamendua berriro ezarriko balute, hauteskundeekin aurrera jarraitzeko asmoa al daukazue, edo alternatibaren bat pentsatu duzue?

Gu, orain, hautagaitza bat gara; beraz, hori ez da gure erabakia. Oraingoz, kanpaina egin egin daiteke, eta espero dut posible izango dela botoa ematea.

Azken urteetako arduradunen ildokoa zara: Juan Ignacio Perez Iglesias eta Iñaki Goirizelaia errektore ohien taldean aritu zinen. Zer egin da ondo aurreko agintaldietan eta zer dago hobetzeko?

Unibertsitatea, mundua bezala, ez da zerbait estatikoa. Adibidez, 2004tik 2008ra ikerketa unibertsitatearen erdigunean jarri genuen. 2012an lehenengo aldiz azaldu zen Euskal Herriko Unibertsitatea Shanghaiko rankingean. Uste dut Nekane Balluerkarekin nazioarteko aitortza sendotu eta hobetu egin dela. Hala ere, unibertsitatea 2020ko ikuspegitik begiratzea tokatzen zait niri, ez 2004an egin genuenetik.

Orain, zein dira zuen erronkak?

Garapen iraunkorrerako helburuak 17+1 dira: hamazazpi Nazio Batuen Erakundeko estatu guztientzat dira: klima aldaketaren aurkako borroka, pobreziaren aurkakoa, hiri iraunkorrak... Horren gain, gure kasuan, hemezortzigarren helburua sartzen da: euskara eta euskal kultura bultzatzea. Garapen iraunkorrerako hemezortzi helburu horien esparruan, funtsezko erronka bat ezarri dugu: egiten dugunaren eta erronka sozialen arteko kohesioa bilatzea. Horrek esan nahi du ez dela nahikoa egitea, kontatu ere egin behar dugula. Gizartearekiko erlazio horretan euskara erabiltzea bultzatu behar dugu. Gero, kudeaketa bizkortzen saiatu behar dugu, jarduera askotan burokrazia gutxitzen.

Duela lau urteko kanpainan nahiz hauteskundeetan nahiko gaiztotuta zegoen Balluerkaren eta ikasleen arteko harremana. Horrelakorik espero al duzu?

Momentuz, ez dakit orokorrean zein posizio hartuko duten. Ikasleekin eta haien ordezkariekin bilduko gara, eta espero dut entzungo dutela guk esateko duguna, eta eskatuko diet, batez ere, gure unibertsitate publikoa defendatzeko.

Unibertsitatearen egoera ekonomikoa nolakoa da?

Hori ere erronka bat da. Unibertsitate publikoen finantzaketa beti da eztabaidarako gai bat. Unibertsitate plana daukagu. Alde batetik, ohiko finantzaketa daukagu, eta, bestetik, helburuen araberakoa. Gustatuko litzaidake modua aurkitzea finantzaketa handiagoa edukitzeko helburu gehiago lortzen ari garelako. Kanpoko finantzaketa ere areagotu nahi dugu Europako proiektuetatik, enpresekin eta beste erakunde batzuekin egindakoetatik.

Finantzaketa pribatua aipatu duzu. Hainbat sektoreri horrek ez die konfiantza handirik ematen. Aldekoa zara, ezta?

Bai. Uste dut sustatu egin behar dela, unibertsitate publiko gisa, sektore pribatuaren finantzaketa edukitzea. Uste dut ona dela sektore pribatutik finantzaketa etortzea erakunde publikoetara, eta ez alderantziz. Kasu batzuetan, kolaborazioak finantzaketa emango digu, eta, beste batzuetan, kolaborazioa ez da eurotan ikusiko, baina gizarte balioa ekarriko du, eta hori ere indartu behar dugu.

Lehen unibertsitate planetik laugarrenera, Jaurlaritzak %181 igo dio aurrekontua Deustuko Unibertsitateari, eta %142 Mondragon Unibertsitateari. Publikoaren finantzaketak, berriz, %8,2 egin du gora. Unibertsitatera bideratutako diruaren %95,7 EHUrentzat da, baina 2007an %98,2 zen. Pribatuei diru gehiegi bideratzen al zaie?

Nik nahi nukeena, defendatu dudana eta defendatzen jarraituko dudana da unibertsitate publikoa unibertsitate publiko gisa tratatu behar dela: planek bat etorri behar dute unibertsitateak gizarteari ematea espero denarekin.

EHUko irakasleek eta ikertzaileek lan baldintza egokiak al dauzkate?

Beti hobetu behar dugu. Hainbat arrazoirenagatik —berritze tasarengatik, egiaztagiri mota batzuetan asko tardatu dugulako...—45 urtetik beherako oso jende gutxi daukagu egonkortuta, eta arazo bat iruditzen zait.

Doktoregaien auzia ere hor dago. Zerbait egingo al du EHUk haien baldintzak hobetzeko? Eskatzen dute prestabidean diren ikertzaile doktoregaien estatutua betetzeko. Egun betetzen al da?

Gobernuekin negoziatu behar da. Uste dut hor badagoela lan bat egiteko, baina hobekuntza garrantzitsuena da, batez ere, doktoregaiek karrerarako aukera izatea.

Pandemia honek eragina izan du EHUn ere. Zein gabezia etaindargune azaleratu ditu?

Niretzat lezio bat izan da egun batetik bestera egokitzeko gaitasuna. Ez diogu muzin egin matrikulatuta zeuden ikasleak azken egunera arte hezteari.

Ikusten al duzu berriz online irakaskuntzara itzultzeko arriskurik? Horretarako prestatuago al dago EHU?

Oraingoz ez, baina ez dakigu zer gertatuko den. Egia da unibertsitatea espazio segurua dela. Bai, prest gaude, baina ez da gure nahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.