Iruñeko ospitalean erditu ostean, Baionara itzuli zen ama, haurra ospitalean utzita. Astebete geroago bueltatu zen haren bila, baina moja batek hil egin zela esan zion». Petra Jul Mitxelena (Tutera, Nafarroa, 1939) haur lapurtu baten arrebaren hitzak dira;Valentina amaren ahotikjaso zuen 1927an gertatutakoaren berri. Haurra hil eta 67 urte geroago jakin zuen Julek amari haurra lapurtu ziotela. Ezustean harrapatu zuen albiste hark.
Alabaina, haur lapurtuen auziak 2011n hartu zuen indarra. Anadir adopzio irregularrek kalte egindakoen Espainiako elkarteak abiarazi zuen prozesua, Espainiako Fiskaltza Nagusiari haur lapurtuen 261 kasu aurkeztuta. Kasu gehienak, ordea, artxibatuta geratu ziren. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jarri ziren 335 salaketetatik 307 artxibatu zituzten. Era berean, haurra lapurtzeko sarearen teoria ere deuseztatu egin zuten hainbat adituk, eta familiek euren kabuz aritu behar izan dute kasuak argitzeko ahaleginetan.
Jul Mitxelena familiaren kasua izan zen Nafarroan egiaztatutako lehendabizikoa; Nafarroan 200 inguru egon zirela pentsatzen da. Egun batean, artzapezpikutzatik telefono dei bat jaso zuen Julek, beste anaia bat zuela jakinarazteko: «Nire amak eta familia osoak beti pentsatu zuen haurra hil egin zela. Auzia lehertu baino lehen ezagutu genuen anaia; ezin genuen pentsatu horrelako sare bat zegoenik». Anaia lapurtua hasi zen familia biologikoaren bila, eta maternitateko jaiotza erregistroko liburu bat lapurtu ostean jakin zuen haien berri.
Deia jaso ostean, azalpen eske joan zen Jul artzapezpikutzara. Gogoan du artzapezpikutzaren erregistroa ikusi zuela, eta amaren izena agertzen zela han: «Nire anaiaren fitxan jartzen zuen gurasoak ezezagunak zirela. Fitxaren ondoan, ordea, nire amaren izena ere ageri zen. Hortaz, bazekiten nortzuk ziren gurasoak».
Erregistroa arakatu ostean, anaiarekin kontaktuan jartzeko eskatu, eta bi familiek elkar ezagutu zutela kontatu du Julek: «Pozik nengoen nire anaia ezagutzeko aukera nuelako, baina aldi berean, atsekabetuta, gure amak ezin izan zuelako ezagutu. Urtebete lehenago hil zen».
Tafallan ezagutu zuten elkar bi familiek, eta oso momentu berezia izan zela gogoratzen du Julek:«Nire beste anaia baten aurpegi berdina zuen, oso antzekoak ziren. Hasieran, nire senarra joan zen berarekin elkartzera, eta ni autoan geratu nintzen. Hainbeste gauza esan nahi nizkion, ez bainekien nondik hasi. Dena den, garbi utzi nahi izan nion gure amak ez zuela abandonatu, hil egin zela esan ziotela». Anaia lapurtuari, baina, ideia hura buruan zizelkatuta geratu zitzaion: «Anaiak esan zidan asko sufritu zuela, beti pentsatu izan zuelako abandonatu egin zutela. Etengabe pentsatzen omen zuen zergatik abandonatu ote zuten».
Anaiak kontatu zionaren arabera, egunero erregutzen zuen familia biologikoa ezagutzeko aukera izatea: «Elkar ezagutu genuenean, zerura begiratu eta esan zuen jada lasai hil zitekeela, bere ametsa bete zuela».
Haur lapurtuen auzia lehertu baino lehenago hil zen Julen anaia. «Ez zuen inoiz jakin haur lapurtu bat izan zela. Ez diot inori desiratzen hark sufritu zuena sufritzea. Mina, amorrua, inpotentzia, ez dakit zer sentitzen duzun». Behin erantzun horiek jasota, Julek esan du ez ziola gai horren inguruan gehiago galdetu nahi izan.
Haur lapurtuaren kasua 1994an egiaztatu bazuten ere, Jul Mitxelenaren kasua aurten egin dute publiko. «Artzapezpikutzatik deitu zidaten nire kasuaren inguruan Elizarekin zerikusia duen irrati batean hitz egiteko. Ez nuen askatasunez hitz egin, ordea, gidoia prestatu zidatelako. Hori ere salatu nahi dut».
«Mafia bat ziren»
Anaiaren berri jakin zutenean, ez zuten pentsatzen horrelako beste hainbat kasu egongo zirenik. Kasu «bakan bat» zela uste zuten: «Hasieran ez genuen uste sare bat zegoenik. Momentu horretan zure anaia ezagutu nahi duzu, eta ez zara hasten benetan zer gertatu zen aztertzen».
Auzia ezagutzera eman zenean hainbat adituk sarearen hipotesia baztertu bazuten ere, Jul ez da iritzi berekoa: «Sare bat zen, mediku onenek eta ospitale onenetan sortutako sarea. Mafia bat ziren, munstroak». Mediku eta ospitaleez gain, beste esparru baten inplikazioaz ere ohartarazi du Julek: «Erregistro zibila inplikatuta dago. Argi eta garbi esan dezaket. Ni oraindik ez naiz joan nire anaiaren paperak eskatzera, baina joango naiz. Ea erraztasunak ematen dizkidaten».
Haur lapurtuen auzia artxiboetatik atera dadin, 2013ko foru legea aldatzeko proposamena aurkeztu zuen Ezkerra alderdiak Nafarroako Parlamentuan: mahaiak eta eledunen biltzarrak tramiterako onartu zuen. Haur lapurtuen auzian lanean ari diren elkarteekin osatu dute proposamena.
Legea onartzen bada, frankismoko biktima gisa sailkatuko dituzte haur lapurtuen auziak kalte eginikoak. Bost helburu nagusi ditu legeak: biktimei babesa ematea, elkarteei aitortza egitea, haur lapurtuen zerrenda egitea eta haurrak aurkitzeko sor daitezkeen gastuak Nafarroako Gobernuak ordaintzea.
Susmoak baino gehiago
Petra Jul Mitxelenaren amari haur bat lapurtu zioten Iruñeko ospitalean, 1927an. Adituek baztertu arren, lapurreten atzean «mafia sare bat» zegoela argi du Julek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu