«Surf eskola aitzakia bat zen adingabeekin egoteko eta zeuzkan sexu desirak asetzeko»

Bukatu da Hondarribiko surf irakaslearen kontrako epaiketa. Akusazio partikular baten abokatuak uste du eskola «estalgarri bat» zela.

jakes goikoetxea
2025eko martxoaren 21a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Argi eta garbi zeukan zer egin behar zuen: segurtasun testuinguru bat sortu, bai bere ekintza makabroak egiteko, bai adingabeek, irtenbiderik gabe utzi, eta amore eman zezaten». Hala laburbildu du akusazio partikularretako baten abokatuak Hondarribiko (Gipuzkoa) surf irakaslearen jokabidea. Abokatuaren esanetan, surf eskola litzateke segurtasun eremu hori: «Surf eskola aitzakia bat zen adingabeekin egoteko eta zeuzkan sexu desirak asetzeko». Surf eskola «estalgarri bat» baino ez litzateke izango: «Gurasoen konfiantza lortu zuen, eta adingabeek bere desirei men egitea bermatu zuen, haietako bakoitzaren manipulazioaren bitartez». Bat egin du, beraz, atzo akusazio partikularreko beste abokatuak eta fiskalak esandakoarekin.

Gaur izan da Hondarribiko surf irakaslearen kontrako epaiketaren azken saioa, Gipuzkoako Auzitegiko 3. Atalean. 11 adingaberi sexu erasoak egitea egotzi diote surf irakasleari. Guztiak haren surf eskoletako ikasleak, guztiak mutilak. Gaur bi akusazio partikularretako baten abokatuak —hamar ikasle ordezkatzen ditu— eta defentsak aurkeztu dituzte ondorioak. Kasua epaiaren zain geratu da.

Akusazio partikularraren abokatuaren iritziz, surf irakasleak bazekien eraso fisikoak ez zirela «tresna egokia» bere sexu helburuak lortzeko, eta, horregatik, «indarkeria psikologikoa» aukeratu zuen. Surf irakaslea «sexu harraparia» zela eta ekintza «arbuiagarriak» eta «makabroak» egin zituela nabarmendu du, «erabateko inpunitatea bilatuz».

«Ez zuten espero, ez zuten imajinatzen, ez zuten horretan pentsatu ere egiten, umeak baitziren», azaldu du abokatuak gazteen jokabidea

«Ez zuten espero, ez zuten imajinatzen, ez zuten horretan pentsatu ere egiten, umeak baitziren», azaldu du gazteen jokabidea. Umeak onak, xaloak eta gaiztotasunik gabeak direla esanez deskribatu ditu. Beldur eta lotsa handia zutenak, eta txunditzeko errazak. «Fidakorrak, xaloak eta itsu-itsuan sinesten zutenak haien surf irakasleak inoiz ez ziela ezer txarrik egingo, haientzat senide baten modukoa eta erreferentzia bat baitzen», esan du gazteen izaeraz eta surf irakasleari buruz zuten iritziaz. Gehitu du eskolan ez zegoela 18 urtetik gorako ikaslerik, abokatuaren iritziz adin nagusiko edozein ohartuko zelako han gertatzen ari zenaz.

Surf irakaslearen abokatuak berretsi du errugabea dela, eta irakasleak epaiketan esandakoa errepikatu du: ikasleek irakaslearen kontrako salaketak aurkeztu zituztela, «eskarmentua eta mendekua» nahi dituztelako, surf irakasleak ikasle baten familiari buruz gaizki hitz egin zuelako beste adingabe batzuen aurrean. 

«Frogarik ez»

«Ez dago sexu abusuen froga egiaztaturik», nabarmendu du gaurko auzi saioan. Irakasleak epaiketan onartu zuen «sexu jokabideak» izan zituela ikasle batekin, baina hark baimenduta eta ikasleak 16 edo 17 urte zituenean. Defentsako abokatuaren iritziz, ez da «sinesgarria» surf irakasleak sexu abusuak egin eta mutilek hura ez geraraztea eta surf eskoletara joaten jarraitzea horretara derrigortuta egon gabe. Surf irakaslea «maitekorra eta sentibera» dela azaldu du, eta lagun harremana zuela ikasleekin.

Surf irakaslea errugabetzat jotzeko eskatu du. Fiskaltzak 85 urteko kartzela eskatu du; akusazio partikularrak, 290 urtekoa. Irakasleak uko egin dio azken hitza esateari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.