Koronabirusa. Irune Tubia. Familia medikua

«Supermerkatura joatea ez da lehentasuna; bai, ordea, eskuak garbitzea»

Alarmismorik gabe, baina arduraz. Irune Tubia medikuak gogorarazi du kutsatzeak murriztea dela salbuespeneko neurrien helburua; hortaz, ez duela zentzurik tabernetan, haur parkeetan edo osasun etxean elkartzeak.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Elizondoko osasun etxean, koronabirusari buruzko argibideak eta aholkuak ematea egokitu zaio Irune Tubia doktoreari (Iruñea, 1985). Krisiaren hasieran ez bezala, jendea larrialdi egoerari neurria hartzen ari zaio, haren ustez.

Jende asko joan zaizue osasun etxera, laguntza eske?

Lehen egunetan, bai. Orain hasia da egoera baretzen: jendeak ulertu du etxean geratu behar duela, eta koronabirusari buruzko zalantzaren bat izanez gero ez duela osasun etxera etorri behar: telefonoa hartu, deitu eta galdetu. Guk esanen diegu zaintza berezia behar duten, eta, behar izatekotan, nora, noiz eta nola joan behar duten. Jendea osasun etxeetan pilatzea arriskutsua izan daiteke, birusa kutsatzeko aukera gehiago izanen dituztelako.

Sintomak dituztenak ere etxean geratzea hobe, ezta?

Bai. Gehienentzat, koronabirusaren sintomak oso arinak dira: sukarra, eztula... Hortaz, jendeak zalantzak baditu, telefonoz deitzea da onena. Hortik aurrera, etxean gelditu, jendearekiko kontaktua ahalik eta gehien murriztu, higienea zaindu, eta, sintomak lausotzeko, parazetamola hartu. Kasu gehien-gehienetan, ez da besterik behar.

Eskolarik ez dagoenez, haurrak parkera eraman dituzte guraso batzuek. Egokia al da hori?

Gauza bera da: eskolak ixteko erabakiaren helburua da haurrak elkarrekin ez egotea, gaixotasuna heda ez dadin; hortaz, zentzugabea da neska-mutikoak beste norabaitera eramatea eta han elkarrekin jartzea. Are gehiago saihestu beharko lirateke haur parkeak, birusak iraun dezakeelako txirrista eta zabuetako gainaldean, eta errazagoa da harrapatzea. Haurrak parkeetan elkartuta, kutsatze gunea toki batetik bestera mugitzea lortuko dugu.

Etxetik atera gabe, hortaz?

Atera gaitezke, bai noski. Baina beste pertsona talde batzuekin elkartu gabe: paseo bat eman, mendira joan... hori guztia egin daiteke lasaitasun osoz. Arazoak sortzen dira jende multzo handiak toki berean elkartzean.

Haurrak aitona-amonekin utzi beste erremediorik ez dutenen artean ere badago kezka. Zer egin halakoetan?

Auzia konplexua da, frogatua baitago adinekoak eta bestelako eritasunak dituzten pertsonak errazago kutsatzen ahal direla. Euskal Herriaren kasuan, eskolak itxi dituzte haurren artean koronabirus kasuak detektatu aurretik. Hortaz, haurrek sintomarik ez badute, aitona-amonekin egoten ahal dira, baina zenbait faktore kontuan hartuta. Aitona-amonek bestelako gaitzen bat badute, hobe da bestelako aukerak aztertzea. Eta haurrek sintomaren bat baldin badute, jakina, onena da adineko jendearengana ez hurbiltzea. Batzuetan, zaila da hori detektatzea, koronabirusaren sintomak, haurren artean, oharkabean pasa daitezkeelako. Horregatik da hain garrantzitsua gainerako segurtasun neurriak ongi aplikatzea: eskuak maiz garbitzea, musuak eta besarkadak ahalik eta gehien murriztea, eta jende gutxirekin elkartzea.

Arduraz jokatzea, alegia.

Hala da, bai. Egoera hau ez da oporraldi bat. Beharko da irudimen pixka bat haurrekin etxean hainbeste orduz egoteko; une aproposa izan daiteke, adibidez, irakurtzeko, etxean pelikulak ikusteko eta bestelako jardueretarako. Eta gainerakoan ere arduraz jokatu eta ez egin erokeriarik: supermerkatura arrapaladan joatea ez da lehentasun bat, ez dago horren beharrik. Askoz garrantzitsuagoa da, besteak beste, jendearen arteko distantziak mantentzea edo eskuak garbitzea, baina jendeak ez dio horri hainbesteko garrantzirik ematen, antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.