Espainiako Kongresuak Elikagaiak Botatzea eta Alferrik Galtzea Prebenitzeko Legea onartu du. Horren ondorioz, hainbat arau eta gomendio indarrean sartuko dira Hego Euskal Herrian: adibidez, supermerkatuek sobran gelditzen zaizkien elikagaiak gizarte elkarteei emateko beharra, edo taberna eta jatetxeek ontziak eskaintzea, bezeroek otorduetako soberakinak eraman ahal izateko. Horrekin guztiarekin, elikagaiak alferrik ez galtzea, elikagai horiek ekoizteko erabiltzen diren lehengaiak eta energia aurreztea eta hondakin gutxiago sortzea lortu nahi dute.
Helburuak ere ezarri dituzte: 2030erako, ekoizpen eta banaketa katean alferrik galtzen diren elikagaiak %20 gutxitzea, eta denda txikietan eta kontsumoan galtzen direnak erdira jaistea. Hainbat atal ditu legeak:
1
Kontsumoa lehenetsi
Sobran gelditzen diren elikagaiak gizakien kontsumora bideratzea izango da lehentasuna. Hortaz, supermerkatuak eta kate handiak behartuta egongo dira soberakin horiek elikagai bankuei edo antzeko zereginetan aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeei ematera. Ezinezkoa balitz, soberakin horiek erabiliko dira animalientzako janaria egiteko edo, bestela, konposta edo bioerregaiak sortzeko.
2
Prebentzio planak
Janari eta edarien ekoizpen eta salerosketan aritzen diren enpresa guztiek elikagaiak alferrik galtzea prebenitzeko plangintzak egin beharko dituzte. Arau horrek produkzio kateko atal guztietako enpresei eragingo die: elikagaiak ekoizten dituztenei, horiek garraiatzen dituztenei, eta produktu horiek saltzen dituztenei, jatetxe eta ostalaritza guneak barne. Edonola ere, enpresa txikiak plan horiek egitetik salbuetsita egongo dira.
Enpresei ez ezik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari ere etxeko lanak jarri dizkiote legean; hark ere elikagaiak alferrik galtzea kontrolatzeko plan bat egin beharko du, eta han lehentasunak, irizpideak eta kontrolerako mekanismoak ezarri beharko ditu.
3
Jatetxeetan, ontziak
Taberna eta jatetxeek aukera eman beharko diete bezeroei kontsumitu ez dituzten elikagaiak etxera eramateko, eta horretarako, berriro erabiltzeko moduko ontziak eskainiko dizkiete. Zerbitzu hori doakoa izango da, baina ontziak plastikozkoak badira, jatetxeek kobratu egin beharko dituzte, supermerkatuetan egiten den bezalaxe: hala agintzen du hondakinen legeak.
4
Gomendioak dendei
Bete beharreko arauez gain, zenbait gomendio eta irizpide ere jaso dituzte legean. Ez dira derrigorrezkoak izango, eta horrelakoak ez betetzeak ez du zigorrik ekarriko, baina legean «jarduera egoki» gisa sailkatu dituzte, eta horien arabera jokatzea gomendatzen da. Adibidez, denda eta supermerkatuetan «elikagaiak alferrik galtzea galarazteko azpiegitura egokiak» edukitzea proposatzen da, eta akatsen bat duten produktuak edo itxura eskasa dutenak sustatzea aholkatzen da, betiere kontsumitzeko moduan badaude eta osasun arau guztiak betetzen badituzte. Legean jarduera egokitzat jotzen dute dendetan horrelako produktuen inguruko informazioa ikusgai jartzea, bezeroak jakin dezan horrelako produktuak kontsumitzea segurua dela eta onuragarria dela elikagaiak galtzea galarazteko.
Halaber, legean aholkatzen da sasoian sasoiko produktuen kontsumoa sustatzea, baita gertuko elikagaiena eta produktu ekologiko eta jasangarriena ere. Eta beste gomendio bat ere badakar legeak: iraungitze data hurbil duten produktuen kontsumoa sustatzea, produktu horiek merkeago jarriz.
Kontsumitzaileak ere aintzat hartu dituzte legean, eta haientzako aholku eta jarduera egoki ugari agertzen dira: menuak hobeto planifikatzeko irizpideak, erosteko eta sukaldean aritzeko kontuan hartu beharreko neurriak, iraungitze datak ondo interpretatzeko gakoak eta abar. Herritarrak ere auziaren garrantziaz jabetu eta haiei informazio eta prestakuntza egokia ematea da legearen xedea.
5
Zigorrak
Gomendioak gomendio, eta bete beharreko arauei dagokienez, horiek urratzen dituzten enpresei zigorrak jartzeko aukera agertzen da legean. 1.000 eta 100.000 euro bitarteko isunak izango dira, arau haustearen larritasunaren arabera. Edonola ere, ministerioak iragarri du «malgu» jokatuko duela, batez ere enpresa txikiekin.