Sumarrek eta Ahal Dugu-k nork bere hautagaiak defendatu ditu

Andeka Larreak dio Gorrotxategi «hautagaia izatearen inguruko adostasunik» ez dagoela. Gorrotxategik, berriz, gaur aurkeztu du bere hautagaitza primarioetarako: «Ezer ez da posible izango Euskadiko ezkerra banatu nahi duenarekin».

(ID_17061915232965) Miren Gorrotxategi
Miren Gorrotxategiren hautagaitzaren aurkezpena gaur, Durangon. ELKARREKIN BAI
Isabel Jaurena.
2024ko urtarrilaren 25a
16:00
Entzun

Ez dago akordiorik, momentuz behintzat. Sumar Mugimenduak eta Ahal Dugu-k hautagai propioak dituzte Eusko Legebiltzarreko bozetarako, eta nork berea defendatzen du. Bi alderdi horiek, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak negoziazio lanetan ari dira, hauteskundeetara elkarrekin aurkeztuko diren ala ez erabakitzeko. Miren Gorrotxategi da Ahal Dugu-ren zerrendaburua, baina Sumar ez da proposamen horren aldekoa. Izan ere, Andeka Larrea Sumarreko bozeramaileak Euskadi Irratian erran du ez dagoela Gorrotxategi «hautagaia izatearen inguruko adostasunik». Hala, eurek Alba Garcia proposatzen dute, Elkarrekin Podemoseko langile ohia. Gorrotxategik, berriz, gaur goizean agerraldia egin du primarioetarako bere hautagaitza aurkezteko, eta «ardura» eta «eskuzabaltasuna» eskatu ditu.

Larreak adierazi du bi hilabetez egon direla lehendakarigai bat hautatzeko elkarrizketak egiten, eta prozesu horren amaieran daudela dagoeneko. Alde horretatik, datozen egunak «erabakigarriak» izanen dira, eta espero dute proposamen bat aurkeztu ahal izatea. «Konplikatua» zaio zehaztea hauteskundeetara elkarrekin aurkeztuko diren ala ez, alderdi bakoitzak bere erabakiak hartu behar dituelako.

Hala, esan du «nabarmenak diren desadostasunak» dituztela, baina ez bakarrik zerrendaburuari lotutakoak, estrategia politikoari buruzkoak ere badituzte. «Bakoitzak bere proposamenak irakurtzeko eta erabakiak hartzeko momentua da orain. Baina, era berean, politika aurrerakoiak egiteko tresna honekin ordezkatu nahi dugun hauteskunde esparrua ahalik eta baldintza onenetan atera behar da», borobildu du. Izan ere, haren iritziz, banatuta joatea ez da «eszenatoki ona» izanen.

Antzera mintzatu da Gorrotxategi ere, eta «ardura historikoa» eskatu du: «Guztiaren gainetik eta zailtasun guztiekin, momentuak benetako alternatiba bat eskatzen du, hautagaitza erabilgarri bat eraikitzeko gai izatea». «Ardura» eta «eskuzabaltasuna» izatea beren alderdiari eskatuko diote, baina baita Sumar Mugimenduari ere. «Norbaitek indarrak batu nahi baditu, ongi etorria izango da, baina ezer ez da posible izango Euskadiko ezkerra banatu nahi duenarekin», azpimarratu du.

Izan ere, azpimarratu du bere alderdiak ez duela nahi «indarren korrelazioan aldaketa bat» egotea, beren helburua dela «errealitatea eta jendearen bizi baldintzak eraldatzea»: «Ez bagaude indartsu, gure ingurune politikoa indartsu ez badago, ez izan zalantzarik: EAJ izango dugu beste 40 urterako».

Alde horretatik, erran du «ziklo politiko berri bat» badatorrela Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta datozen hauteskundeak «erabakigarriak» izan daitezkeela «Euskadi hobe bat» lortzeko. Hala, zenbait alorretan jarri du arreta: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen «justizia sozial falta», zerbitzu publikoak, hein handi batean, «lan errentaren bidez ordaintzen direlako»; hamarkada batean industria sarearen %7 galdu dela; herritarrek erosahalmenaren %5 galdu dutela; gobernuak «arazoak» dituela klima aldaketari aurre egiteko politikak bultzatzeko; eta zerbitzu publikoen «gainbehera», batez ere, Osakidetzarena.

Alba Garcia zerrendaburu

Larrearen ustez, Garciak izan beharko luke zerrendaburu, ikusten baitute beharrezkoa dela politika arloan «aldaketa bat», eta batez ere «belaunaldi berritze» bat. «Beste erakunde politiko batzuek betebeharren erdia egin dute belaunaldi berritzeari dagokionez, ez hainbeste politikaren lehen lerroaren feminizazioari dagokionez», adierazi du Larreak. Garciaren hautagaitzaren albisteak, baina, hautsak harrotu zituen, eta Ahal Dugu-k «desleialtasuna» egotzi zion Sumarri, «ez zelako alderdi bat sortu behar Ahal Dugu-ren lehendakarigai bat aurkezteko», Sumarri erreferentzia eginez.

Garcia Bilboko Udalerako Elkarrekin Podemosen zerrendan hirugarrena izan zen udal hauteskundeetan, eta duela gutxi arte lan kontratu bat zuen koalizioarekin. Halere, aurkeztu zutenean, Larreak ukatu egin zuen Ahal Dugu-ren kontrako mugimendu bat izatea: «Espazio politikoaren aldeko apustua da, eta ez Podemosen aurkakoa». 

Ezker Anitza-IU-k eta Equo Berdeak alderdiek ez diete «eragozpen handirik» helarazi Garciaren hautagaitzari buruz. Dena den, Larrearen erranetan, bi alderdi horiek hitz egiten segitzearen aldekoak dira, hautagaitzaren inguruan egon daitezkeen «desadostasun politikoak» konpontzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.