Sumarren inguruko eztabaida azaleratu du IUk, emaitza txarrez eta espazio faltaz kexu

Sumar Mugimenduak ez du uste eztabaidak koalizioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen harremanean eragingo duenik: «Harremanak bereziki onak dira».

Iñigo Martinez, Lander Martinez eta Carmen Muñoz, atzo, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Iñigo Martinez, Lander Martinez eta Carmen Muñoz, atzo, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 23a
15:00
Entzun

Igandeko bozetan ezker konfederala izan zen duela lau urteko hauteskundeetan baino boto gutxiago eskuratu zituen espazio politiko bakarra, eta, horren eraginez, sei parlamentari ez, bakarra izango du Eusko Legebiltzarrean. Hain zuzen, eserleku hori Sumarren Arabako zerrendaburu eta Ezker Anitza-IUko kide Jon Hernandezena da. Emaitzaren gainean, baina, balorazio ezberdinak egin dituzte Madrildik, espazioaren inguruko beste eztabaida batzuek hauspotuta. Halere, Sumar Mugimenduak ez du uste azken horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan koaliziokideek dituzten harremanetan eragingo dutenik.

Astelehenean, Sumar Mugimenduko Lander Martinez, Ezker Anitza-IUko Iñigo Martinez eta Equo-Berdeetako Carmen Muñoz batera atera ziren bozen balorazioa egitera. Ordezkaritza eskuratzea «positibotzat» jo zuten hirurek, batasun irudi bat emanez, nahiz eta Podemosen sorreratik espazioak eskuratutako emaitza txarrenak izan: 2016an, 11 ordezkari; 2020an, 6; eta orain, bat.

Madrildik, baina, bestela erreparatu diote batzuek emaitzari. Zehazki, IUko Antolakuntza arduradun Ismael Gonzalezek esanak harrotu ditu hautsak. Haren hitzetan, emaitzak «txarrak» izan dira. Eta horiei Galiziako Parlamenturako bozetan ordezkaritzarik eskuratu ez izana batuta, hala ondorioztatu zuen: «Sumar ez da lortzen ari ezkerrak batuko dituen espazio bat izatea».

Sumar Mugimenduaren eta IUren arteko talka, baina, ez da Eusko Legebiltzarrerako bozen emaitzetara mugatzen, eta azken horrek ageriko kritika bat egin du koalizio handi horren pean duen espazioaz kexu. Hala, IUk uko egin dio Sumarren zuzendaritza organoetan parte hartzeari, gutxienez, maiatzean euren Batzar Federala egin arte; gainera, barne prozesu horretan «eztabaida zentraletako bat» izango da Sumarren ingurukoa. Horrek, era berean, Sumar bera behartu du haren parte diren alderdietako kideak organo horietan txertatzeko erabakia atzeratzera; larunbatean zen egitekoa.

Beraz, eztabaida mahai gainean dago Sumarren eraikuntza prozesuan bertan, eta hura hauspotu izanaren eragile nagusietako bat da Yolanda Diaz Lan ministroaren taldeak ekaineko Europako Parlamenturako bozei begira hartutako erabakia. IUko Manu Pineda zerrendako laugarrena izango da, Sumar Mugimenduko, En Comuko eta Compromiseko ordezkarien atzetik.

IUk onartu egin du postu hori, eta Pineda zerrendan egongo da, nahiz eta gustuko ez izan; zenbait federaziokide koalizioaren kontra ere agertu dira. «Ez da gure erakundeak merezi duen postua», azaldu du IUk ohar bidez, eta Gonzalezek aukeraketa prozesuaren «demokraziarik eza» ere salatu du. Hala, jakinarazi dute Europarlamenturako bozetarako kanpaina «profil, irudi eta proposamen propioekin» egingo dutela.

Ernest Urtasun Kultura ministro eta Sumarren eledunak, berriz, garrantzia kendu nahi izan dio aferari, IUren «barne eztabaida» bat dela esanez: «Gu ziur gaude Sumar indartzen jarraituko dugula bertan egon nahi duten pertsona guztiekin».

Ikusteko dago eztabaidak eraginik izan ote dezakeen koalizioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen egoeran. Izan ere, Sumarrek Eusko Legebiltzarrean izango duen ordezkari bakarra Ezker Anitza-IUkoa da. Halere, Sumar Mugimenduak BERRIAri adierazi dio koaliziokideen arteko harremanak «bereziki onak» direla hiru lurraldeetan, eta «konfiantza osoa» azaldu dutela «espazioaren garapenean». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.