Sumarrek «norabide sozialagoa, berdeagoa eta bidezkoagoa» hartzeko moduko zuzenketak aurkeztu zizkion Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontu proposamenari. Ez du ez gerturatzerik ez negoziaziorako borondaterik ikusi, eta horregatik, osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du. Noel D'Anjouk, Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, gaur arteko epea emana zien alderdiei erantzun bat emateko. Orain, «fase berri bati» ekin nahi dio Ogasun Sailak, EH Bildurekin eta PPrekin.
Sumarrek 775 milioi euroren zuzenketak aurkeztu zituen. Ohar bidez gogorarazi dutenez, 107,5 milioi jartzea proposatu zuten alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko; 250 milioi osasun arlorako, besteak beste, lehen mailako arreta hobetzeko; 90 milioi eskola jantokiak doan izatea bermatzeko; 91 milioi industrializazio berdea garatzeko, eta 80 milioi oinarrizko errenta unibertsalari lotutako proiektu pilotu bat garatzeko. Ez dute baiezkorik jaso. «Horregatik, Sumarrek uste du ez dela beharrezkoa bilera gehiago egitea, iritzita ezinezkoa dela aurrekontuak eraldatzeko akordio onargarri bat lortzea».
EH Bildu zehaztasun eske
Ogasun Sailak «fase berri bat» hasi nahi du orain, «anbizioarekin». EH Bilduk eta PPk, ordea, zehaztasuna eskatu diote horretarako. Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu du EH Bilduk itun orokor bat proposatu zuela aurrekontuetarako, eta, zehaztasuna eskatu zitzaionean, kopuruak eta guzti emanda egin zuela proposamen bat, 350 milioiren aldaketak biltzen zituena. Batez ere, etxebizitzari, zaintzari eta gutxieneko soldatari lotuta. Kortajarenak nahasmena sumatu du orain arteko mezuetan. Esan du Jaurlaritzatik itzuli dieten proposamena orokorra dela, eta susmoa du PPri bidali dioten bera dela.
«Negoziatzeko borondatea erakutsi dugu, planteamendu orokor batzuetatik zehaztasunera jota». Aurrera egin ahal izateko, zehaztasun bera eskatu dio Noel D'Anjouren sailari, batez ere etxebizitzaren eta gutxieneko soldataren arloan. Astelehenean hitz egitekotan geratu direla iragarri du, eta gogoratu EH Bilduren mahai politikoa ere orduan bilduko dela.
PPk ere zehaztasuna eskatu dio Jaurlaritzari: «zenbakiak jartzea» nahi du.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, «askoz ere errazago» ikusi du akordioa egitekotan EH Bildurekin egitea, PPrekin baino. Esan du neurri aurrerakoietan hobetzea baldin badago, ez duela arazorik izango EH Bildurekin akordioa egiteko.