Sumarrek legebiltzarkide bat izango du: Araban lortu du eserlekua

Elkarrekin Podemosekin zuen deman garaile izatea lortu du, herrialde guztietan.

Alba Garcia Sumarreko ordezkaria. SUMAR / EFE
Alba Garcia Sumarreko ordezkaria. SUMAR / EFE
arantxa iraola
2024ko apirilaren 22a
00:30
Entzun

Sumar Mugimenduak, Ezker Anitza-IUk eta Euskadi Berdeek lehen aldiz parte hartu dute Eusko Legebiltzarrerako bozetan, eta zer lortuko ote zuten, horixe izan da hilabeteotan airean egon diren galderetako bat. Elkarrekin Podemosekin batera ez zirela joango jakin zenetik, hor egon da duda. Eta argitu da: ordezkari bat izango du Eusko Legebiltzarrean. Esparru politiko horrek lortuko duen bakarra izango da. Eta Elkarrekin Podemosekin izan duen lehian garaile atera da: argi eta garbi, gainera, hiru herrialdeetan. 

Hala eta guztiz ere, Elkarrekin Podemosek aurrez Eusko Legebiltzarrean sei eserleku zituela aintzat hartuta, 2016an 11 lortu zituela gogora ekarrita, korronte politiko horren beherakada agerikoa da hauteskunde hauetan.

Botoen zenbaketa hasi zenetik igarri zen datuak hobeak izango zirela Sumarrentzat Elkarrekin Podemosentzat baino, eta litekeena dela legebiltzarkideren bat lortzea. Gipuzkoan lortuko zuela ematen zuen hasieran. Berehala, ordea, Araban lortzeko era ikusi zen. Galdu eta irabazi, estua izan zen boto kontaketan zehar eserlekua lortzeko borroka, baina erdietsi zuen azkenean. 

Guztira, hiru herrialdeetan, 35.092 boto lortu ditu: bozen %3,6. Araban ere ehuneko hori bera lortu du. Bizkaian, botoen %3,3. Gipuzkoan, %3,1. Hiru herrialdeetan Elkarrekin Podemosen aurretik jarri da. Puntu baten aldea baino gehiago atera dio. 

Lema

Alba Garciak eraman du lema kanpainan; hura izan da lehendakarigaia. Ez du lortu, hala ere, ordezkaritzarik. Arabako ordezkari Jon Hernandez izango da Eusko Legebiltzarrean Sumarrek izango duen ordezkaria. Lortutakoaren garrantzia nabarmendu zuen atzo Garciak emaitzen berri izan ostean. «Positiboa da gure balorazioa. Oso hauteskunde zailak ziren, oso polarizatuak», nabarmendu zuen. «Lortu dugu gizartearen zati bat konbentzitzea ezker konfederalari botoa ematearen garrantziaz».

LEGEBILTZARKIDEAK

  • Araba. Jon Hernandez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.