Sumarrek esan du EAJ «aulkira» igarotzeko garaia dela

Yolanda Diaz Barakaldon izan da. EHKSk eten egin du hitzaldia, salatzeko «patronalarekin adostutako lan erreformak miseriazko lan baldintzak betikotzen dituela».

Yolanda Diaz Sumarren ekitaldian, Barakaldon. MIGUEL TOÑA / EFE
Yolanda Diaz Sumarren ekitaldian, Barakaldon. MIGUEL TOÑA / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko apirilaren 13a
14:00
Entzun

Sumarrek Barakaldon egin du gaur ekitaldi nagusia, Bizkaian. Alba Garcia lehendakarigaiarekin batera, bertan izan da Yolanda Diaz Sumarreko burua ere, Espainiako Gobernuko Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroa. Uste dute EAJren aroa amaitua dela, eta «aulkira» igarotzeko garaia duela.

Garciak langileen eskubideak eta grebarako eskubidea defendatu ditu, EAJri mezua zuzenduz: «Grebak demokrazia dira, eta errespetatu egiten dira», Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak kritikatu izan baitu lan gatazka bat dagoenean «askorentzat greba lehen aukera» izatea.

Garciak ihardetsi dio langileek egindako borrokei esker lortu direla lan baldintzak «beste leku batzuetan baino hobexeagoak izatea». Gai horretan «aldaketa kultural bat» behar delakoan dago, eta EAJri «aulkian egotea» dagokiola esan du. Garciak gogora ekarri du Sumarren eskutik onartutako lan erreforma, behin-behineko kontratuak finko izan daitezen sustatu duena. Autogobernua garatzeko ere eskatu du.

Diazek Sumarren proposamenak defendatu ditu, eta jeltzaleen eta sozialisten arteko gobernuari kontra egin dio: «EAJk eta PSE-EEk osatzen duten proiektu politikoa agortua dago. Irudimen politikoa falta zaie datozen erronkei aurre egiteko».

EHKSren etena

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eten egin du Sumarren ekitaldia, salatzeko Yolanda Diaz Lan ministroak «patronalarekin adostutako lan erreformak miseriazko lan baldintzak betikotzen» dituela. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, lan baldintzak gero eta okerragoak dira, oinarrizko produktuen prezioak soldatak baino azkarrago hazten dira, eta enpresek irabazi handiak metatzen segitzen dute. «Hori da Espainiako Gobernuaren politikek benetan bultatzen dutena: kapitalisten etekinak handitzea langileon bizi baldintzen kontura. Ezkerreko gobernuek, gainera, prozesu honetan bake soziala bermatzen dute».

EHKSren irudiko, konponbidea ez da Diaz bezalako politikarien eskutik etorriko, «langile klasearentzako hobekuntzak lortzeko modu bakarra borrokatzea eta antolatzea baita, alderdi eta enpresarietatik independentea izango den langile boterea eraikitzea. Politikarien fartsari aurre egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.