Sumarrek ez ditu babestuko «aurrekontu zaharrak» baldin eta ez badituzte aldaketak egiten

Zazpi esparrutan nahi dituzte aldaketak: esaterako, etxebizitzan eta Osakidetzan. PPk, berriz, 176 milioi euroko aldaketak nahi ditu, batez ere osasunean eta segurtasunean.

Sumarreko ordezkari Alba Garcia eta Jon Hernandez atzo, Noel D'Anjou sailburuaren taldearekin elkarturik. SUMAR
Sumarreko ordezkari Alba Garcia eta Jon Hernandez atzo, Noel D'Anjou sailburuaren taldearekin elkarturik. SUMAR
xabier martin
2024ko azaroaren 11
19:15
Entzun

Sumar «ez dago EAJren eta PSE-EEren aurrekontu zaharrak» babesteko moduan. Hala esan du ezkerreko koalizioko legebiltzarkide Jon Hernandezek, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel d’Anjourekin elkartu ondoren. Gobernuaren 2025erako aurrekontu proiektuari buruz negoziatzeko bileraren ostean, Sumarreko ordezkariak azaldu du «aurrekontu zaharrak» direla, «Jaurlaritzak azken urteotan onartu dituenen ildo berean eginak». Hala ere, Hernandezek sailburuari jakinarazi dio konpromisoa hartuko dutela «zenbait neurri proposatzeko zazpi esparrutan». Ezkerreko legebiltzarkideak ziurtatu du aldaketa horiek egin behar direla baldin eta «Sumarren babesa nahi badute».

Izan ere, garbi utzi du Jaurlaritzak aurkeztu dituen aurrekontuak ez direla «Euskadik behar dituenak». Gasteizko gobernuak proiektuari «Euskadi berria» esan badio ere, Sumarrek ez du berritasunik ikusten. Baina ezkerreko koalizioa ez da «posizio eroso batean» geratuko, Hernandezen arabera, eta aldaketak proposatuko ditu zazpi esparrutan, aurrekontuak babesteko aukerari bizirik eusteko. 

PP, segurtasunari begira

Etxebizitza, Osakidetza, hezkuntza, klima aldaketa, energia trantsizioa eta garraioa aipatu ditu doikuntza horiek hizpidera ekartzean. «Herritarrek bizitzaren garestitzeari aurre egiteko laguntzak nahi ditugu», esan du Hernandezek. Sumarreko eledunak uste du Jaurlaritza ez datorrela bat koalizioaren nahiekin. «Alde biok onartu dugu urrun gaudela aurrekontuei dagokienez, baina proposamen zehatzak egingo dizkiegu, ikusteko ea hitz egiten jarraitu dezakegun guk aurrekontuak babesteari buruz».

Galdera bati erantzunez, Hernandezek aditzera eman du Sumarrek osoko zuzenketa jarriko diola aurrekontu proiektuari. Bestalde, Sumarreko ordezkariak ez du zehaztu eskatzen dituzten aldaketa horiek zenbat kostatuko diren dirutan. «Komatxo artean, erraza litzateke kopuru hori mahai gainean jartzea, baina orain ikusi nahi dugu zenbateraino dauden prest aldaketa politikoak egiteko, aurrekontuetan islatzen dena politika baita».

Sumarren ondoren, PPren txanda izan zen. Javier De Andres legebiltzarkideak 176 milioi euroko kostua duten aldaketak eskatu zizkion Ogasun sailburuari, osasun alorrean eta segurtasunean. EAEko PPko presidenteak uste du aurrekontuak «motz» geratu direla esparru horietan, eta ziurtatu zuen PP oso proposamen «errealista» egiten ari dela.

D’Anjou sailburuak onartu du, bileren ondoren, Sumar eta gobernua «oso aldendurik» daudela, baina haien proposamena jasoko dutela, egiten dutenean, eta PPk igorritako 176 milioiko aldaketak ere aztertuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.