Sumarrek, Ezker Anitza-IUk eta Equo Berdeek Alba Garcia aurkeztu dute lehendakarigai gisa

Eusko Legebiltzarrerako aurreakordioa aurkeztu dute Jon Hernaezek, Alba Garciak eta Carmen Muñozek, Bilbon. Aurkezpen horren argitara, Miren Gorrotxategik esan du ez dutela batasunaren alde egin.

sumar
Jon Hernandez, Alba Garcia eta Carmen Muñoz, gaur, Sumar, EB-IU eta Equo Berdeen aurreakordioaren aurkezpenean. SUMAR
2024ko otsailaren 3a
12:40
Entzun

Baieztatu da. Sumarrek Alba Garcia aurkeztuko du Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan lehendakari izateko, Ezker Anitza-IUrekin eta Equo Berdeekin akordioa eginda. Ahal Dugu-k atzo amaitu zuen primarioetako prozesua, eta Miren Gorrotxategi berretsi dute lehendakarigai.

Aurreakordioa Bilbon aurkeztu dute. Hiru alderdietako ordezkariek hitz egin dute: Jon Hernandezek Ezker Anitzaren izenean, Alba Garciak Sumarren izenean eta Carmen Muñozek Equo Berdeen izenean. Muñozek hasi du ekitaldia esanez sortu zirenetik saiatu izan direla akordio zabalak lortzen, eta «agenda eraldatzailearekin bat egiten dutenei» dei egin die proiektura gehitzera. Hernandezek gehitu du EAJren «makulu» izan nahi ez duen ezkerra ordezkatu nahi dutela, «herri hau aldatzeko alternatiba bat eraikitzeko».

Garciak eskerrak eman ditu akordioa egiteagatik. «Bidea ez da erraza izango, baina merezi du, horren mende baitago politika aurrerakoiak eta gehienen mesederako egitea».  Aurreakordioa txalotu du, eta «beste alderdiei» gonbidapena egin die proiektuarekin bat egin dezaten.

Zerbitzu publikoen defentsa egin du. «Begi bistakoa da: zerbait ez doa ondo. Osasun arloko langileek hala esaten digute, eta guk geuk ikusten dugu osasun etxeetara deitzen dugunean txanda hartzeko». Sumarrek esan du lan egingo duela kalitatezko osasun zerbitzuen alde, baita kalitatezko hezkuntza publiko baten alde. «Inklusiboa, ekitatiboa, pentsamendu kritikoa eta sormena sustatuko dituena, eta etengabe aldatzen ari den gizarte baten zerbitzura dagoena».

Adierazi duenez, zaintza ezin da emakumeen gain egon: «Ez familia barruan, ez lan merkatuan, zaintzaileetako asko migranteak baitira; ez dute ikusgarritasunik, eta gutxietsiak daude. Gainera, prekaritatean daude asko. Zaintzak guztientzat egon behar du bermatuta, ez bakarrik ordain dezaketenentzat».

«Ez da batasunaren alde egin»

Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ko lehendakarigaiaren esanetan, gaur Sumarrek, EBk eta Equok egindako ekitaldiak erakusten du ez dela batasunaren alde egin. Defendatu du ezkerreko espazio horrek azken hamar urteetan legebiltzarrean egindako lana.

Aurreakordioaren agerraldia egin ostean egin ditu adierazpenak Gorrotxategik, Andoainen (Gipuzkoa), alderdikideekin egindako ekitaldian. Gorrotxategik negoziazioetan izan duten ildoa azaldu du: inori betorik ez jartzea. «Hautagaitza partekatuak ere proposatu ditugu, baina gaurko ekitaldiak erakusten du ez dela batasunaren alde egin».

Uste du azken hamar urteetan egindako lanak emaitza onak ekarri dituela iritzi publikoan. «Batasuna da denok aintzat hartu behar dugun helburu bat. Guk aintzat hartu dugu, arduraz eta eskuzabaltasunez. Nor den liderra, ez da hori kontua. Bozeramailetza partekatuak ere eskaini ditugu. Ez da ulertzekoa Elkarrekin ez egotea ezker eraldatzailean», esan du Gorrotxategik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.